Arabiarren aurkako martxa batek istiluak eragin ditu Jerusalemen

Palestinako Ilargi Gorriaren arabera, 105 palestinar zauritu dira Lehava eskuin muturreko taldearen protesta baten osteko istiluetan. Talde ultraortodoxo eta sionistak indarra hartzen ari dira Israelen

Palestinarren eta Israelgo Poliziaren arteko liskarrak, herenegun gauean, Jerusalemen. ATEF SAFADI / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Atzo goizaldera arte ez ziren baretu Jerusalemen gauean piztu ziren istiluak. Azken egunetan liskar txikiak izan dira palestinarren eta israeldarren artean hiri horretan, eta pilatutako tentsioa indarrez askatu zen herenegun. Eskuin muturreko Lehava taldeak arabiarren aurkako protesta batera deitua zuen, «duintasuna berrezartzeko», eta ehunka lagun batu zituen. Hori izan zen istiluen sorburua.

Sion plazatik Jerusalemgo Hiri Zaharrera abiatu zen martxa, Poliziak babestuta eta «Heriotza arabiarrei» oihu artean. Damaskoko atearen kanpoaldean pilatu ziren protestariak, eta kontrolgunea gainditzen ere ahalegindu ziren, auzo palestinarrera sartzeko. Orduan lehertu zen egoera. Herritar palestinarrak pilatuta zeuden Damaskoko atean eta inguruetan. Sare sozialen bidez zabaldu zuten euren burua «bizkartzain kolonoetatik» defendatzeko deialdia. Shin Bet Israelgo zerbitzu sekretuak palestinarrei ohartarazi zien istiluak izango zirela manifestazioari aurre egiten bazieten.

Eta hala gertatu zen. Poliziak banandu egin zituen bi aldeak, baina oldartu egin zitzaien palestinarrei, eta manifestazioaren aurka egin zutenak desegiten saiatu zen, barreiatze granadak eta ur kanoidun kamioiak erabilita. Harriekin eta bestelakoekin erantzun zuten palestinarrek. Goizaldera arte luzatu ziren liskarrak, eta hiriko beste auzoetara hedatu ziren. Wafa albiste agentziaren arabera, manifestari israeldarrek Jerusalem ekialdea mendebaldearekin lotzen duen errepidea hartu zuten, eta eraso egin zieten autoetan zihoazen palestinarrei. Horietako bati harri batekinburua ireki ziotela ere zabaldu zuen, Sheikh Jarrah auzo palestinarrean.

Palestinako Ilargi Gorriaren arabera, 105 palestinar zauritu ziren istiluetan, eta horietatik hogei ospitaleratu zituzten; haietako bat, buruan tiro bat jasota. Israelgo Poliziak, bestalde, 50 lagun atxilotu zituela jakinarazi zuen, eta hogei agente zauritu zirela.

Eremuagatik lehian

Jerusalemgo Hiri Zaharreko atarian istilu gehiago ere izan dira azken astean, palestinarren eta Israelgo Poliziaren artean. Apirilaren 13an hasi ziren, ramadanaren lehen egunean. Palestinarrak kexu dira Al-Aqsa meskitarako sarbideak eta inguruak ixten dizkielako Israelgo Poliziak. Otoitz egin ostean elkartzeko lekua da hori haientzat, baina Poliziak galarazi egiten die hor biltzea, pandemiaren aurkako neurriak argudiotzat erabilita.

Poliziaren iturrien esanetan, neurri hori beharrezkoa da pilaketak galarazteko eta musulmanak meskitara modu seguruan joan daitezen.

Hirian nagusi diren hiru komunitate erlijioso nagusientzat sakratua da Meskiten Zabalgunea gunea, eta bertan dago Al-Aqsa. Aurrez ere izanak dira istiluak han, eremu horren erabilpena dela eta. Juduek eta musulmanek gunearen jabetza aldarrikatzen dute, eta azken horiek sarritan salatu izan dute Israelek handik kanporatzeko duen asmoa. Are, II. Intifadaren epizentro izan zen, 2000. urteko irailean, Ariel Sharon eskuin muturreko liderrak bertara bisita egin zuenean.

Inguru horretan biltzeko debekuak haserretu egin ditu musulmanak. «Jerusalem ekialdea Palestinaren betiereko hiriburua da, eta, hortaz, marra gorri bat», adierazi zuen Palestinako presidentetzak herenegun, ohar batean. Halaber, «eskuin muturreko kolono israeldarrenprobokazioa» salatu zuen, eta erasoetatik «herri palestinarra babesteko» eskatu zion nazioarteko komunitateari.Hamasek, berriz, «Al-Aqsa meskitaren aurkako Israelen konplota» gaitzetsi zuen.

Erakunde ultraortodoxoak ereasaldatu ditu egoerak, eta arabiarren aurkako zenbait eraso egin dituzte azken astean. Egoera are gehiago tenkatu dute sare sozialetan zabaldutako zenbait bideok. Tiktok aplikazioaren bidez zabaldutako batean, palestinar bat ageri zen tren batean bi judu ultraortodoxori zaplazteko bana ematen. Egileak berak zabaldu zuen bideoa, eta Poliziak atxilotu egin zuen; baita harekin zegoen beste palestinar bat ere.

Erreakzio soka luzea eragin zuen gertakari hark, ordea. Gertatutakoa «harrigarria eta antisemita» izan zela adierazi zuen Arye Dery Israelgo Barne ministroak. Reuven Rivlin presidenteak politikari arabiarrei eskatu zien «indarkeria gaitzesteko», eta azpimarratu zuen halako irudiak ez direla «normalizatu» behar.

Irudiok eskuin muturreko taldeentzako bazka bihurtu dira. Iraintzat hartu zituzten, eta erantzun oldarkorragoa eman beharra nabarmendu zuten sareetan. Asmo hori zuen herenegun gauerako deitutako martxak.

Izan ere, eskuin muturra bogan dago Israelen, eta, azkenaldian arabiarren eta juduen komunitateen artean zuzeneko liskarrak apalduta bazeuden ere, areagotzen ari dira ramadanaren jokalekuan. Benjamin Netanyahu lehen ministroak ere hauspotu du eskuin muturra, haren babesa beharrezkoa izan baitezake gobernua osatzeko.

Sei parlamentari ditu talde ultraortodoxoek osatutako Alderdi Sionista Erlijiosoak, eta haren diskurtsoa geroz eta ozenagoa eta garrantzitsuagoa da Israelgo politikan. Eskuineko indar politiko ultranazionalistak bateratu zituen alderdi horrek, eta erabakigarria bihur daiteke orain Netanyahuren gobernabidea bermatzeko.Bezalel Smotrich alderdiko liderra da haren bozgorailu nagusia, eta bat egiten du Meir Kahane errabino ultraortodoxoak 1990eko hamarkadara arte ezagun egin zituen tesi sionistekin. Haren jarraipen gisa ikusten dute askok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.