CFDT erakarri nahian, Macron prest dago erreforma aldatzeko

Erretiro adina atzeratuko lukeen orekarako adinean «hobekuntzak» egitea negoziatuko du Frantziako Gobernuak. Sindikatu batzuek protesta egunera deitu dute gaurko ere

Iker Aranburu.
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
CFDT sindikatuari begira ari da Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidentea. Batez ere hura buruan duela jakinarazi du prest dagoela pentsioen erreforman «hobekuntzak» egiteko, eta zehazki aipatu du CFDTk gogoko ez duen puntu bat, oreka adinarena. Hau da, Macron prest legokeela erretiroaren benetako adina atzeratuko duen faktorea aldatzeko, baldin eta horrekin lortzen badu sindikatuen batasuna haustea eta erreforma eztabaidatuak babes garrantzitsu bat ziurtatzea. Negoziaziorako «borondatea» ontzat hartu du Laurent Berger CFDTko buruak, baina ziurtatu du «oso, oso urrun» daudela akordio batetik.

CFDTk sindikatu «erreformistatzat» dauka bere burua; CGT beste sindikatu nagusia baino moderatuagoa da, gobernuarekin eta patronalarekin negoziatzeko prestasun handiagokoa. Azken hauteskunde sindikaletan lehen indarra bilakatu da Frantzian. Lehen egunetako protestetatik at izan zen, eta asteartera arte ez zen batu pentsio sistemaren erreformaren aurkako mobilizaziora. Arrazoi bat eman zuenBergerrek: erreformak orekarako adin bat ezarriko duela, eta horrek ezinbestean eragingo duela erretiroa atzeratzea. Erregimen berezien desagertzearekin, aldiz, ez du arazorik.

Eliseoko iturri ofizialek atzo azaldu zutenez, Macronek ez du atzera egingo pentsioen erreforman: «Ez du proiektua alde batera utziko, ez du desnaturalizatuko, baina prest dago hobetzeko. sindikatuekin eta SNCF eta RATP erakundeekin negoziatuta».

Hobetu daitezkeen faktoreen artean orekarako adina aipatu dute presidentearen iturriek. Horrek adierazten du pentsiodunek batez beste zer adinekin hartu beharko luketen erretiroa pentsio sistemak finantza oreka izateko. Hasieran, asmoa zen 64 urtean finkatzea eta gero zuzentzea, demografiak horretara «behartuz» gero.

Erretiroaren adin ofiziala 62 urtean utziko luke Macronen erreformak, baina zigortu egingo lituzke urte horiekin lan profesionala utziko luketenak. Izan ere. bonus-malus sistema bat ezarriko du erreformak: orekaren adina baino lehenago erretiroa hartzen dutenei pentsioa txikituko diete—%5 urtero—, eta handitu, berriz, erretiroa atzeratzen dutenei. Hau da, orekarako adina 64 urtean finkatuz gero, zegokion baino %10 gutxiago jasoko luke 62 urterekin erretiroa hartzen duenak, eta %5 gehiago, berriz, 65 urtera arte itxaroten duenak.

Orekarako adina negoziagarria dela esanda, «helburua Eguberrietan pausa bat lortzea» dela aitortu dute Macronen iturriek. Horretarako giltzarriak izan daitezke atzo arratsaldean eta gaur Edouard Philippe lehen ministroak sindikatuekin egingo dituen bilerak, eta, batez ere, zer harrera egin zioten sindikatu moderatuek —CFDTk berak eta CFTC eta CGC txikiagoek—. Orekarako adinaren aldaketaz ez ezik, 1.000 euroko gutxieneko pentsioari buruz, erreforma indarrean jartzeko epeei buruz, eta lan gogorrak egin dituztenen erretiro aurreratuei buruz hitz egiteko prest azaldu da Phillippe.

Beste sindikatuen aldetik, berriz, ezin du ezer espero gobernuak, argi eta garbi utzi baitiote zein den baldintza abenduaren 5ean abiarazitako protesta mugimendua eteteko: erreforma bertan behera uztea. Phillipperen ahotik hori entzutea espero ez zutenez, mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri zuten atzo CGT, FO, Solidaires eta FSU sindikatuek, eta ikasleen lau elkartek—Fidl, Une, MNL eta UNL—. Ipar Euskal Herrian, LAB ere sindikatu horien greba eta manifestazio deialdiekin ari da bat egiten. Litekeena da, gainera, datorren astean protesta gehiago antolatzea, sindikatu grebalariek ez baitute ikusten su-etena emateko arrazoirik.

Delevoyeren ordezkoa

Gobernuaren asmoa da legegaia urtarrilaren 22ko ministroen kontseiluan onartzea, eta bitartean negoziatzeko borondatea adierazi du. Negoziazio horretan lekua izango du Laurent Pietraszewskik, Pentsioetarako Estatu idazkari izendatu baitzuten atzo. Jean Paul Delevoye ordezkatuko du, hark dimisioa eman baitu hedabideek zabaldu ondoren ezkutatu egin zuela gutxienez hamar erakundetako kide zela, eta lan horietako batzuengatik ere saria jasotzen zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.