Poliziaren «indarkeriazko taktikak» amaitzea du helburu AEBetako estatuburuak atzo aurkeztu eta sinatu zuen dekretuak. Idatziak ez ditu itoarazteko teknikak zuzenean debekatzen, baina «sariak» aurreikusten ditu horiek saihesten dituzten eta «jokabide egokia» sustatzen duten departamentuentzat. «Poliziarik gabe, kaosa izango dugu; legerik gabe, anarkia. Amerikarrek legea eta ordena nahi dituzte, baina haietako asko ez dira oraindik horretaz ohartu», adierazi zuen Donald Trump presidenteak.
Estatuburuaren arabera, araudi berriak «irtenbideak» eskainiko ditu, baina ez dizkie «eskuak lotuko» segurtasun indarrei: «Komunitateen segurtasuna bermatu ahal izatekoeskumenak eta askatasunak behar dituzte poliziek». Dekretuan ez da aipatzen azken asteotan milaka manifestariren ahotan izan den arrazakeria sistematikoa. «Oso ehuneko txikia da gehiegizko indarkeria erabili dutenena. Inork ez du nahi horiek amaitzea polizia onak baino gehiago. Ez dut defendatuko Polizia departamentuak desegitea helburu duten muturreko proposamenik», esan zuen.
Trumpek azaldu zuenez, segurtasun indarrekin eta biktimekin egindako bileren emaitza da dekretua. «Ondo egingo ditugu gauzak, orain arte baino hobeto».
Aurreikusten dituen neurrien artean daudepolizien aurkako salaketak bilduko lituzkeen datu base baten sorrera eta, indarkeriarik gabeko delituen kasuan, gizarte langileen aholkularitza. Erreforma sakonago bat egiteko aukera ere jasotzen du testuak, baina azken hori AEBetako Kongresuaren esku utziko luke.
George Floyd hil eta hiru astera heldu da Trumpen dekretua, AEBak eta nazioartea astindu dituzten manifestazio erraldoien ostean, eta Rayshard Brooks 27 urteko afro-amerikarra tiroz hil eta bost egunera; horren hilketari buruz, berriz, «gertakari izugarria» izan dela esan du presidenteak.
Trumpen dekretua, ordea,AEBetako hainbat hirik hartu dituzten neurrietatik urrun geratzen da. Minneapolisen, esaterako, udal gobernuaren gehiengoak Polizia Departamentua desegin eta haren tokian segurtasunaz «auzolanean» arduratzea proposatu dute —egitasmoa datozen hilabeteetan garatuko dute, baina posible da atzera botatzea ere, alkatea aurka baitago—. Atlantan ere, Brooksen hilketaren ostean, Keisha Lance alkateak eskatu zuen polizia batek «gehiegizko indarkeria» baliatzen duen kasuetan haren kideak «derrigortuta» egotea esku hartzera.
Aurrekariak
Atlantako Polizia Departamentuak zabaldu zuenez, Garrett Rolfek, Brooks tiroz hil zuen poliziak, aurrekariak zituen «gehiegizko indarkeria» erabiltzeagatik. Rolfe 2013an sartu zen Polizian, eta orduz geroztik hainbat salaketa jarri dituzte haren aurka; 2016an, esaterako, suzko arma bat erabili zuen beste aurrez aurreko batean. Departamentuak ez du auziari buruzko xehetasun gehiagorik zabaldu. Aldiz, azaldu du bi alditan deitu ziotela arreta, 2014an eta 2018an, baina diziplina neurririk hartu gabe.
Fulton barrutiko fiskalak astelehenean adierazi zuen «gehiegizkoa» izan zela Brooksen aurka tiro egin izana, eta iragarri gaur jakinaraziko dituztela Rolferen aurkako karguak. Auzitegi medikuen arabera, bi tiro egin zizkioten Brooksi bizkarrean, eta, beraz, giza erailketa litzateke haren hilketa. 27 urteko afro-amerikarraren atxiloketan parte hartu zuten bi poliziak kargugabeturik daude joan den asteburutik.
Trumpek Poliziaren jarduna defendatu du, eta arrazakeria ukatu
AEBetako presidenteak iragarri du Polizien aurkako salaketak biltzeko datu base bat sortuko dutela. Dekretuak «sariak» aurreikusten ditu itoarazteko teknikak «saihesten» dituzten departamentuentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu