Mexikoko Gobernuak eskaintza bat egin zien migratzaileei: muga 40ko taldeetan gurutzatu, eta migrazio agintarien aurrean banan-banan tramitatzea euren kasuak. Bada, espero zen erantzuna jasotzen ari dira bide hori hartu zuten iheslari gehienak, eta, atzo jakinarazi zutenez, 110 lagun deportatu dituzte jada. Hondurasko San Pedro Sula hirira eraman dituzte, hegazkinez; hain zuzen, handik abiatu zen iragan asteazkenean migratzaileen karabana. Gainera, mezu batean adierazi zutenez, itzulerako bidaia hori aurreikusitako askoren lehena izango da.
Ziurgabetasunak jota daude Guatemalaren eta Mexikoren arteko mugan dauden migratzaileak; ia 5.000 dira beren etxea utzi dutenak, indarkeriatik eta pobreziatik ihesi. Karabanako kideek muga zeharkatzeko baimena eskatu zioten herenegun Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteari, eta gobernuak ezezkoa eman zienez, Suchiate ibaia igarotzen hasi ziren ehunka iheslari, Mexikora sartzeko. Bestaldean, ordea, pasabidea oztopatzen zeuden guardiek osatutako harresia zuten zain; harriak eta negar gasa jaurti zituzten migratzaileak geldiarazteko.
Hala ere, 500 lagun inguruk lortu zuten guardien hesiari izkin egitea, eta IMN Mexikoko Migrazio Institutu Nazionalak haiek atzemateko operazio bat jarri zuen martxan. Agintariek azaldu dutenez, herrialdera sartutako 402 migratzaile atxilotu dituzte. «Institutuko instalazioetara eraman dituzte. Han, beraien egoera juridikoa zehaztuko da, eta, hala badagokio, haien itzulera gauzatuko da Hondurasko Tegucigalpa hirira», adierazi dute. Horrez gain, beste 58 pertsona Chiapas estatuko oihanean «ezkutatuta» daudela jakinarazi dute, eta haien «bila» dabiltzala. 40 kide, berriz, euren kabuz itzuli ziren mugara. Ibaia zeharkatu zutenen jarrera gaitzetsi du INMk: «Modu irregularrean sartu ziren Mexikora, arduragabe jokatu zuten liderrek bultzatuta. Ez zituzten kontuan hartu horrek dakartzan arriskuak».
Eskubideak «errespetatuz»
Mexikoko presidentearen arabera, migrazio legea aplikatzeko asmoa dute, baina giza eskubideak urratu gabe. Hori «lortu» zutela azpimarratu zuen atzo, atxilotutako 402 migratzaileei erreferentzia eginez: «Kontserbadoreek erreprimitzea nahiko zuten, guardia baten irudia izatea haur migratzaile bat jotzen. Ez da horrela izango, ez garelako berdinak».
Horrez gain, esan zuen iheslariak «babesteko» ere ari direla haiek geldiarazten. «AEBetako mugara iristea saihesten dugu. Han, kasu askotan, gaizkile taldeek harrapatu egiten dituzte eta eraso egiten diete».
[YouTube]https://youtu.be/RRnPkXwjyR0[/YouTube]