Trump: «Onena iristeko dago»

AEBetako presidenteak estatuaren egoera aztertzeko hitzaldia egin du, hauteskunde kutsua betean. 'Impeachment' prozesua bukatu da, eta leporatu dizkioten bi akusazioetatik libre atera da Trump

Donald Trump AEBetako Ordezkarien Ganberan, atzo, Nancy Pelosi agurtzeari uko egin zion unean. LEAH MILLIS / EFE.
Paulo Ostolaza.
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetako hauteskunde kanpainaren atarian, geroz eta nabarmenagoa da demokraten eta errepublikanoen arteko tentsioa; atzo, AEBetako presidenteak urtero eskaintzen duen estatuaren batasunaren egoeraren diskurtsoan, oso modu sinbolikoan irudikatu zuten egoera Donald Trumpek eta Nancy Pelosik: AEBetako presidenteak uko egin zion Ordezkarien Ganberako burua agurtzeari, eta hark, berriz, Trumpen diskurtsoa idatzia zuten paperak hautsi zituen presidenteak haren agerraldia amaitu bezain pronto. Pelosi demokrata izan zen Trumpen aurkako impeachment prozesuaren bultzatzaile nagusietako bat —bart bukatu zen, Trumpen absoluzioarekin, espero bezala—; Pelosiren arabera, presidenteari egin zion keinua «egin nezakeen gauzarik dotoreena izan zen, beste aukerak kontuan hartuta».

Gobernuaren norabidea aztertzeko saio baten itxura baino gehiago, kanpainako ekitaldi baten itxura izan zuen Trumpen diskurtsoak. Hiru urtean «Amerika berreraikitzea» lortu duela esan, eta etorkizunera begira bukatu zuen: «Onena iristeko dago». Politikari trebea da ikuskizunaren munduan, eta haren agintaldiaren indargune nagusi izan direnak nabarmendu zituen.

Trumpek harro hitz egin zuen «legez kanpoko migrazioaren aurka» hartu dituen neurriez: «Orain, gure herrialdera modu ilegalean baldin bazatoz, kanporatua izango zara». Paperik gabeko migratzaileek «odol hotzez» egindako krimen batzuk zerrendatu zituen, eta lotura egin zuen migratzaileen eta delinkuentziaren, drogen eta «terrorismoaren» artean. Mexiko eta AEBak zatituko dituen harresiaz ere jardun zuen: azken hiru urteetan 165 kilometro inguru eraiki dituzte, baina, 2020. urtea amaitzerako, 800 kilometrora iritsiko dira. Mugako 3.170 kilometroetatik 1.400 kilometrok izango dute harresia. Trumpen arabera, legez kanpoko immigrazioa %75 murriztu da joan den maiatzetik.

Ekonomia izan zen hitzaldiaren beste ildo nagusia. «Inoiz baino hobeto dago AEBetako ekonomia». Trumpek emandako datuen arabera, azken hiru urteetan 2,4 milioi lanpostu berri sortu dituzte, eta afroamerikarren eta hispanoamerikarren langabezia tasak inoiz baino txikiagoak dira. Haren ustez, «AEBetan inoiz egin den zerga erreformarik handienaren emaitza» dira datuok.

Osasunari dagokionez ere, inor hotz utzi ez zuten esaldiak bota zituen Trumpek: «Sozialismoak ez du AEBetako osasun sistema amaiaraziko». Botiken prezioa jaisteko asmoz enpresa farmazeutiko handiekin borrokan ari dela ere esan zuen, Alderdi Demokratako kideen irribarreen artean; eta kongresuari eskatu zion abortuak mugatzeko lege bat onartzeko: «Gizaki bakoitza Jainkoaren opari sakratu bat da».

Guaido, gonbidatua

Hilabete gutxi barruko hauteskundeei begira, atzerri politika da Trumpi babesa bermatzen dion aldagaietako bat —azken inkesten arabera, presidentearen onarpen maila gorenean dago—. Nazioartean zenbait mugimendu egin ditu azken hilabeteetan, eta guztiak izan zituen ahotan atzoko hitzaldian: Qassem Soleimani Irango jeneralaren hilketa; Mexiko eta Kanadarekin sinatutako itun komertziala; eta Txinarekin adostutako bake komertziala. Atzoko saioko protagonista, ordea, Venezuela izan zen: Trumpen hitzaldian izan zen Juan Guaido, eta txalo zaparrada jaso zuen presidenteak erreferentzia egin zionean. Trumpen iritziz, Guaido da «Venezuelako presidente legitimo bakarra», eta ez Nicolas Maduro «diktadore sozialista». Trumpek, gero, Etxe Zurian egin zion harrera; Guaidok munduan babes bila egin duen biraren azken geltokia izan da Washington.

Guaidori eskainitako aitorpen hori izan zen saio osoan demokratek eta errepublikanoek bat egin zuten une bakarra. Demokraten hainbat ordezkarik gogor kritikatu zuten Trumpen hitzaldia, eta fake news-ak zabaltzea ere egotzi zioten. Batek baino gehiagok presidentea hizketan ari zela alde egitea ere erabaki zuen; besteak beste, Tim Ryan demokratak: «Atera egin naiz eztabaidatik. Nahikoa izan dut. Borroka libre profesionala ikustea bezala da. Dena gezurra da».

'Impeachment'-a, ezerezean

Hitzaldiaren iskanbilaren ostean iritsi zen Senatuaren txanda. Irailaren 25ean hasi zen AEBetako presidentearen aurkako epaiketa politikoa ere atzo bukatu zen. Zigortzeko, senatarien bi herenek eman behar zuten Trumpen aurkako botoa, baina ez zen halakorik gertatu. Bi akusazio egin zizkioten: botere gehiegikeria eta Kongresua oztopatzea. Salaketa bakoitzari buruz, alde edo kontra, banaka bozkatu zuten senatariek, eta errepublikano bakarrak eman zuen bere presidentearen kontrako botoa, botere abusuaren salaketan: 52 aurka, 48 alde. Kongresua oztopatzearen akusazioaz, berriz, 53 aurkako boto izan ziren, eta 47 aldekoak. Trumpek bidea libre du kanpainarako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.