Behi gizenen aroa ez dela betiko izango erakusten ari dira adierazle ugari urtearen bigarren erdiaz geroztik, eta argazki hori modurik argienean erakutsi duen datua iritsi da orain Eustaten eskutik: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordina %0,4 hazi da uztailetik irailera, eta %2 izan da hazkundea urte arteko tasan, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena baino bi hamarren urriagoa. 2019. urtean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hazkundea uste baino hamarren bat apalagoa izango zela jakinarazi zuen Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak duela bi aste, baina aurreikuspenaren doikuntza hori labur gera daiteke hirugarren hiruhileko apala ikusita.
Azpiazurentzat ez du oinarririk «alarmismoarekin» hasteak, urri hasieran egindako aurreikuspenaren doikuntzak «azterketa zorrotz eta serioa» duelako atzean; baina kontua da ekonomia %2ko erritmoan hazi dela irailera arte, eta bultzada nabarmena eman beharko duela azken hiruhilekoak %2,2ko hazkundea lortuko bada urte amaieran, Lakuak finkatu duen moduan. %2 inguruan gelditzea ere ez litzateke tragedia greziarra izango, baina are ziurgabetasun handiagoz margotuko luke 2020. urtea, ekonomia %2 haziko den urtea, Azpiazuren arabera.
BPGaren hazkundearen moteltzeak enplegu aurreikuspenari ere eragingo lioke, noski. Izan ere, lanaldi osoko lanpostuak aintzat hartuta, Eustatek egindako neurketak islatu du %1,6 hazi dela enplegua 2018ko hirugarren hiruhilekoaren aldean. Apiriletik ekainera arteko epealdian hamarren bat gehiago hazi zen, nahiz eta uda atariko hilabeteak izan; eta hala ere, gobernuaren azken aurreikuspena baino bi hamarren gehiago da hori. 2019 osorako ere %1,6 da aurreikuspena (15.000 enplegu). Nekez beteko da BPGaren hazkundea %2,2 baino apalagoa bada.
Trump eta 'brexit'-a
Baina ez dira nahastu behar motelago haztea eta ez haztea. Gaur arte BPGak sendo jarraitzen duelako gorantz %2 inguruko erritmoan. Horrek ez du ezkutatzen, hala ere, nazioarteko jokalekuan ekonomia moteltzen ari delako seinaleak gero eta argiagoak direla, eta merkatuen ziurgabetasuna gero eta handiagoa, batik bat AEBek abiarazitako gerra komertzialarengatik eta brexit-arengatik. Bada, egoera hori dagoeneko eragina izaten ari da euskal ekonomian. Aurreikuspenetan doikuntzak behartu dituzte jada, eta ikusteko dago aurrerantzean moteltze horren eboluzioa nolakoa izango den.
Urtea %2,3ko hazkundearekin hasi zen lehen hiruhilekoan. Albiste onak izan ziren, aurreikusitakoa gainditu zuelako indizeak. Iragarritako moteltzeak ez zuen hainbesterako ematen, eta, urteko lehen erdian, ziurgabetasunak ziurgabetasun, sendo eutsi zioten esportazioek eta barne kontsumoak aurreko urteko erritmoari.
Bigarren erdian bestelako seinaleak iristen hasi dira, eta Eustatek berretsi egin du moteltzea areagotzen ari dela: uztailetik irailera arteko %0,4ko hazkundeak zail jarri du 2019rako %2,2ko hazkunde aurreikuspena betetzea. Institutuak esan duenez, sektore guztietan egon da hazkundea azken epealdian, baina moteltzea gehiago nabaritu da industrian eta eraikuntzan.
Atzo bertan ezagutarazi zuenDeustuko Unibertsitatearen eta BBKren behatokiak ekonomiari buruzko bere txostena, eta hark argi islatu du «ekonomiaren doikuntza» hasi dela. Hirugarren hiruhilekoaren «erakusle globalek» doitze prozesua hasi dela erakusten dutela dio txostenak. «Euskadi ez da salbuespena», dio lanak, «nahiz eta Europako Batasuneko beste herrialde ba tzuen aurreikuspenak baino hobeak eduki».
Doikuntzaren iraupena
Barne eskarian ahulezia nabaritzen hasi dela uste dute Deustuko eta BBK-ko txostengileek, eta ezin da ahaztu hura izan dela orain arte hazkundearen eragilerik handiena. Baina onartzen dute moteltzea «erritmo arinean» gertatzen ari dela oraindik, lur hartze leuna dela, eta uste dute %2 inguruko hazkundeari eutsiko zaiola urte bukaeran, baita 2020ko urte hasieran ere. Datorren urteko bigarren hiruhilekoari arretaz begiratu beharko zaio.
Horrez gain, enplegua %1,5 inguru haziko dela iragarri dute. «Ez da erraza aurreikustea doikuntzak zenbateko sakontasuna eta iraupena izango duen, abiapuntua desberdina delako aurreko egoerekin alderatuta. Analista gehienek diote, dena den, hazkunde motel bat egongo dela hainbat urtean».
Ekonomiaren termometroak ere ildo berean azaldu zuen atzo egungo egoera. 102,6ko kopurua eman du irailean; hazkunde sendoaren eremuan jarraitzen du, alegia, baina abuztuaren aldean behera egin du (106,4 izan zen), Jaurlaritzak berak jakinarazi duenez. Martxoan izan zuen mailarik apalena termometroak (103,3), baina irailak are zenbaki urriagoa eman du. Termometro horretan 100dik gorako zenbakiek hazkunde sendoa adierazten dute; 50etik 100erako tartekoek, hazkunde arina; eta 50etik beherakoek, uzkurtzea.
Egoera ekonomikoaren adierazleen azterketak dio eraikuntzak behera egin duela nabarmen, etxebizitzen esparruan batik bat, eta zama ibilgailuen matrikulazioak ere apaldu egin direla.
Moteltzeak aurpegia erakutsi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: %2
Urteko hirugarren hiruhilekoak ez dio eutsi Jaurlaritzaren hazkunde aurreikuspenari, eta bi hamarren azpitik geratu da. Ohartarazi dute «doikuntza» hasia dela hazkundeak «sendo» jarraitzen duen arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu