Epailea, Nafarroako Gobernuaren alde amatasun atxikipenen auzian

Atzera bota ditu amatasun eta aitatasun laguntzagatik atxikitako PFEZa itzultzeko eskatuz aurkeztutako auzi eskeak. Amen eta Aiten Taldeak «maila politikoan» jarraituko du «borroka»

2018ko urriaren 27an manifestazioa izan zen Iruñean, foru gobernuari eskatzeko amatasun laguntzengatik atxikitakoa itzultzeko. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Irune Lasa.
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Nafarroako lauko gobernuak legea zorrotz bete zuen uko egin zionean amatasunagatik eta aitasunagatik Gizarte Segurantzak emandako sariei atxikitako PFEZ errenta zerga itzultzeari. Hala erabaki du Iruñeko administrazio epaitegiko epaileak. Oraingo gobernuak agindu du legea aldatuko duela sari horiek errenta zergarik ordain ez dezaten.

Auziak Espainiako Auzitegi Gorenaren erabaki batean du jatorria: 2018ko urriaren 3an, auzitegi horrek esan zuen amatasunagatik eta aitatasunagatik Gizarte Segurantzatik jasotako diru laguntzak salbuetsita egon behar zirela errenta zergatik; hots, diru sarrera horiei ez zitzaiela egin behar atxikipenik PFEZ zergan. Gorenaren epaiak lau urteko atzerako eragina zuen, eta, ondorioz, Espainiako Ogasuna behartu zuen epe horretan egindako atxikipenak itzultzera.

Gorenaren erabakia erregimen komuneko zerga sistemari zegokion, eta, beraz, ez zion zuzenean eragiten Hego Euskal Herriari. Hala ere, hautsak harrotu ziren gai horren inguruan, eta, azkenean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek erabaki zuten arauak aldatu eta azken lau urteetan egindako atxikipenak itzuliko zituztela.

Aldiz, Uxue Barkosen gobernuak ez zuen atxikipenak itzultzeko beharrik ikusi. Foru gobernuak araurik ere ez zuen aldatu, baina, hori bai, kenkari progresibo batzuk onartu zituen amatasun eta aitatasun sarientzat, zeinak indarrean dauden urte honen hasieratik.

Nafarroako Gobernuaren jarreraren kontrako ahotsak piztu ziren, eta manifestazio bat ere egin zuten Iruñean, atxikipenak itzultzeko eskatzeko. Horrekin batera, hainbat auzi eske aurkeztu ziren auzitegietan, itzulketarik ez zutenez Nafarroako amek eta aitek diskriminazioa nozitzen zutela argudiatuta.

Salaketa horietako seiri buruzko ebazpenak eman zituen atzo epaile bakarrak administrazioarekiko auzien hiru epaitegietan. Eskeak atzera bota ditu, eta Nafarroako Gobernuaren erabakiaren eta argudioen alde agertu da. Batetik, Espainiako eta Nafarroako arauak desberdinak direla azpimarratu du, eta esplikatu du, Espainiakoan ez bezala, Nafarroako arauan propio egiten dela aipamena, adieraziz amatasun eta aitatasun sariak ez daudela PFEZ zergatik salbuetsita eta, beraz, atxikipena egin behar zaiela.

Horrez gain, epaileak gogorarazi du Espainiako Konstituzioaren arabera, Nafarroak eskumena duela PFEZa era autonomoan arautzeko. Horrek baimentzen du desberdinak izatea erregimen komunaren eraginpekoen eta foru zergapekoen egoerak. Epailearen arabera, berdintasun printzipioa ez da uniformetasun moduan ulertu behar, bestela autonomiaren printzipioa amaituko bailitzateke. Orain, zabalik dago epaiari kasazio helegitea jartzeko aukera Nafarroako Auzitegi Nagusiaren administrazioarekiko aretoan.

Kolpea

Dirua itzultzeko eskatzen duten Amen eta Aiten Talde Independentearentzat, epaia «kolpea» izan da, baina iragarri dute borrokarekin jarraitzeko asmoa dutela, «maila politikoan». Carmen Azpillaga ordezkariaren arabera, «aldeko epai batek gauzak erraztuko zituen», baina, egiaz, euren taldearen eskaera «beti egon da parlamentuan, ez epaitegietan». Taldeak Nafarroako Gobernuaren deia jaso zuen epaia jakin eta berehala. Azpillagaren arabera, gobernuak «lasaitasuna» transmititu die, eta esan «hitza beteko dutela». Taldeak azpimarratu zuen Maria Txibite lehendakariaren «konpromisoa» dutela, atxikipenen dirua itzuliko dietela. Javier Remirez lehendakariordeakziurtatu du «irtenbidea topatzeko konpromiso politikoari» eusten diola, «zorroztasun teknikoan eta segurtasun juridikoan oinarrituta».

UPNko presidente Javier Esparzak «familiei emandako hitza betetzeko» eskatu zion PSNri.Aldi berean, Navarra Sumak parlamentuan gaiaz aurkeztutako proposamena babesteko exijitu dio. «Gure proposamenak itzulketa hori bermatzen du ikuspegi juridikotik. Osteguneko bozketan PSN esan duen guztiaren mailan egotea espero dugu».

Epaiarekin pozik agertu zenGeroa Bai: Barkosek gobernuaren kudeaketa sendoa babestu dute epaiek; frogatu dute gobernuak zintzo jokatu zuela». Koalizioaren ustez, azpimarratzekoa da epaiak esatea finantza arloan berdintasun printzipioa ez dela ulertu behar uniformetasun gisa. «Diskriminazioaren argudiopean homogeneizazio bat nahi izateak foru erregimena amaitzea lekarke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.