Memoria historikoa. Jaurlaritzaren proposamena

Jaurlaritzak «batasuna» lortu nahi du memoria historikoaren esparruan

Lege proposamen bat aurkeztu du Jaurlaritzak, eta aurrerapausoak emateko «elkarlana» hartu du gogoan. Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk ere erregistratua dute gai horri buruzko proposamen bat

36ko gerrako borrokalari baten gorpuzkien desobiratzea, Zubietan (Gipuzkoa). MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Memoria historikoaren arloan lege bat egiteko proposamena aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak, eta adostasun zabala lortu nahi du horren inguruan. Hala azaldu du Josu Erkoreka bozeramaileak: «Euskal gizarteak eta erakundeek oso lan garrantzitsua egin dute errekonozimenduaren eta erreparazioaren arloan; adostasun handiarekin, gainera». Elkarteek urteotan lortutako adostasuna abiapuntutzat hartuta eta oinarri modura egia, justizia eta erreparazioa dituztela, adostasun zabaleko lege bat egin nahi du Eusko Jaurlaritzak orain. «Asmoa da lan kolektibo hori elkarrekin amaitzea, eta memoria historikoaren eta frankismoaren inguruko batasuna zaintzea eta sustatzea».

Jaurlaritzak atzoko gobernu kontseiluaren ondoren aurkeztu zuen lege aurreproiektua. Jomuga nagusia du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 36ko gerran eta frankismoan jazarpena jasan zutenei erreparazioa egitea, baita haien memoria berreskuratzea ere. «Lege proposamen berria baliagarria izango da memoriaren arloko jardun guztiei bateratasuna emateko eta segurtasun juridikoa indartzen laguntzeko», azaldu du Erkorekak. Proposatutako neurrien artean daude, esate baterako, biktimei aitortza egiteko zer neurri hartu beharko dituzten erakunde publikoek.

Asmoa da lege proposamena Eusko Legebiltzarreko taldeei zein memoria historikoa lantzen duten elkarteei helaraztea. Bozeramaileak jakinarazi duenez, Gogora institutua izango da elkarrizketa horietako bitartekaria. Erkorekak nabarmendu du kontuan hartu behar dela elkarte horiek azken bi hamarkadetan egindako lana, eta aitortu behar zaiela egin dutena. «Prestatzen ari garen lege honek laguntzen du memoria historikoa berreskuratzeko orain arte egindako lana sustatzen, finkatzen eta zabaltzen».

Oposizioaren jarrera

Gogoan izatekoa da memoria historikoari buruzko beste lege proposamen bat ere aurkeztu dutela oraintsu Eusko Legebiltzarrean. Frankismoaren krimenen aurkako euskal plataformak herri ekinaldi legegile bat erregistratu zuen parlamentuan, uztailaren 12an. Handik bi egunera, ordea, Jaurlaritzak iragarri zuen «antzekotasunak» zituen lege proiektu bat prestatzen ari zela —atzo aurkeztu zuten, hain justu—. Orduan, plataformak erabaki zuen herri ekinbidearekin aurrera ez jarraitzea, baina legebiltzarreko taldeei eskatu zien haiek prestatutako araudia bultzatzeko. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek heldu diote eskari horri, eta lege proposamen gisa erregistratu zuten testua, irailaren 10ean. Hain justu ere, EH Bilduk salatu du Jaurlaritza «motz» geratu dela orain aurkeztutako proposamenean.

Erkorekak adierazi du aurkeztutako bi proposamenek badituztela antzekoak diren elementuak: «Ibilbide bat jada egina dago, instituzioek eta memoria elkarteek eginiko lanari esker; normala da bi ekinbideek enbor komunak izatea». Hala ere, ohartarazi du ez direla erabat berdinak, nahiz eta helburu berberak izan. Gaineratu du legebiltzarrak izango dituela bi proposamenak mahai gainean. «Parlamentuak erabaki beharko du zer egin proposamenetako bakoitzarekin».

Proposamena legebiltzarrera ofizialki iristerako, bide administratiboa dauka oraindik egiteko. Besteak beste, eragileen iritziak jasoko eta aztertuko dituzte, lege proiektuan txertatzeko.«Hurrengo hilabeteetan, Jaurlaritzak lege proiektuan jarriko du arreta; gobernu kontseiluak onartu, eta posible izango da legebiltzarrera helaraztea». Ez dute eperik zehaztu. Kontuan izatekoa da urtebete falta dela legealdia amaitzeko. Apenas daukaten denborarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.