gorka julio
IRLEN SAREA

Transhumanismoa

2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Transhumanismoa mugimendu kultural eta intelektuala da. Teknologiaren bidez, giza gaitasun fisiko zein intelektualak eraldatzea du helburu. Gizakia, gaitasun handiko izaki bihurtzeko, postgizaki bihurtzeko behar morala daukatela pentsatzen dute eta elite ekonomikoen, bereziki teknologiari lotutakoen, erlijio berria bihurtu da.

Pentsamendu horretan, teknologiaren eta zientziaren erabileraren bidez gizakiak berezko dituen gaixotasun, gabezia edota arazoak konpontzeko soluzio bat bila daiteke beti. Beti egin izan duguna, alegia, denok bizi nahi dugu hobeto eta gehiago, baina kasu horretan abiadura eta motibazioak ez dira berdinak.

Zahartzea mantsotzeaz edo heriotza desagerrarazteaz, konputagailuak eta garuna lotzeaz, inteligentzia artifiziala eta giza inteligentzia batzeaz edo zentzumenak anplifikatzea nahasten dira transhumanismo eta posthumanismo korronte ezberdinetan.

Batzuek beren buruarekin edo talde txikietan esperimentatzeari ekiten diote biohacker mugimendua eta DIY BIO dira bi adibide. Horiek, behintzat, beren burua eta esperimentazio zintzoa jartzen dute aurretik, baina benetan elite ekonomikoak dira kultura horretara lotzen direnak.

Denok hobetu nahi dugu gure bizitza eta bizi kalitatea, baina kultura horrek sortzen dituen munstroek denok hori da alboratzen duten lehen hitza. Buen Vivir, Sumak Kawsay, Ubuntu, Wu Wei... Bizitza bizigarriak elkarrekin sortzeko mila hitz eta era anitz asmatu ditugu historian, baina horien ordez, bide indibiduala proposatzen dute horiek.

Gizakiak hobetuz, jendartea hobetuko dela pentsatzen dute oinarrian. Denontzako soluzioak baino, bakoitzarentzar soluzioak eta hobekuntzak eginez, jendartea aldatuko dela. Pentsamendu liberal hori fikzio bat bada ere, oso barneratua dugu; neoliberalismoaren oldarraldia eta dekadentzia bizitzen ari gara. Horregatik eliteez gain, jende batzuk atxikitzen hasi dira horretara.

Teknologiaren bidez gorputza, garuna, memoria eta akaso arima zuzenean baldintzatua izango denean, norbanako bezala nola aldatuko garen pentsatu behar dugula diote. Benetan, pertsonak, norbanako bezala, bere ingurune, gertuko komunitate, jendarte eta gizaditik disoziaturik pentsa daitekeela pentsaraztea nahi digute berriro, orain sakonago, baina zorionez edo zoritxarrez, gizabere kooperatiboak gara, oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.