Makina-erreminten, fabrikazio gehigarriaren eta ingurukoen bostehundik gora enpresa biltzen ditu AFM klusterrak, eta, bi urtean behin, industriaren alorrean Euskal Herrian egiten den kongresurik zaharrenetako bat antolatzen du. 22. kongresua urriaren 23tik 25era egingo da, Donostian, Gipuzkoako zientzia eta teknologia parkean, eta hura aurkeztu zuten atzo Imanol Lasa Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko diputatuak, Xabier Ortueta AFMko zuzendari nagusiak eta Felix Arriola Spriko zuzendari nagusiak.
Imanol Lasak azpimarratu zuen industria zein garrantzitsua den Gipuzkoako ehun ekonomikoan: «gure balio erantsiaren %28 da». Eta nabarmendu zuenharen ardatz nagusietako bat dela makina-tresnen sektorea, «sekulako trakzio gaitasuna duelako, nazioartekotuta dagoelako, eta digitalizazioaren aldeko apustu nabarmena egiten ari delako».
Xabier Ortuetak sektorearen egoeraren balorazio laburra egin zuen. Haren arabera, iaz « urte ona» izan zuen sektoreak, fakturazio errekorrei eta esportazio kopuru handiei esker. «Aurten ere, espero dugu esportazioetan ia errekorretan ibiliko garela, ia 1.400 milioi euroren esportazioak eginez». Izan ere, iazko urtea ona izan zen eskarien bilketarako ere, eta horren ondorio da 2019ko jarduera «ona, osasuntsua». Ortuetak azaldu zuen enpresak «nahikoa lanekin» dabiltzala, eta fakturazioa aurreko urteetako mailetan ibiliko dela.
Hori bai: AFM klusterrean moteltze bat antzematen ari dira eskarien bilketan, zeinak datozen sei-hamabi hilabetetarako bidea markatuko duen. Eskarien bilakaera, dena den, desberdina izaten ari da makina-erremintaren barruan: harroketarako makinen ekoizleak betetzen ari dira euren buruei ezarritako eskari helburuak, baina deformazioaren alorra «gehixeago ari da sufritzen», lotuagoa dagoelako autogintzaren sektoreari.
Mugikortasunaren aukerak
Sektore horri zuzenago lotuak dauden enpresak nozitzen ari dira autogintzaren geldialdia edo zehaztugabetasun aldia, «definizio gabeziak inbertsio berriak kaltetzen baititu». Xabier Ortuetak bi ikuspegitatik begiratu zion arazoari: «Batetik, eskaintzaren aldetik, merkatura eramango duten proposamena ez dagoelako argi. Eta, bestetik, eskaria dago; oraindik zehazteko dago gizarteak zer mugikortasun eredu hautatuko duen. Gertatzen dena da ez dagonean argi zer salduko den eta zer erosi inbertsioak gelditu egiten direla».
Bai Xabier Ortuetak, bai Alex Arriola SPRIko zuzendariak azpimarratu zuten jendeak autoak saltzen eta erosten segituko duela, eta bide hori ez dagoela bukatuta inondik ere. Baina uste dute iritsiko den mugikortasun eredu berriak aukera berriak zabalduko dizkiola euskal industriari, makina-erremintarentzat eta fabrikazio aurreratuarentzat.
Arriolaren aburuz, oso garrantzitsua izango da mugikortasunak zer bide hartuko duen; «elektrikoa, hibridoa... ez dakigu zer izango den. Gero, auto autonomoena ere iritsiko da». Horrek guztiak «iraultza» ekarriko duela esan zuen, «eta ez naiz automozio sektoreaz bakarrik ari, jakinda gure herrian zein pisu duen; makina-tresna, materialak, informazio teknologiak, energia... Sektore askotara iritsiko dira aldaketaren ondorioak».
Industriaren etorkizunari buruz ari zela, Alex Arriolak primizia eman zuen sektorearentzat: Industria 4.0 izena izango duen Renove plan bat aurkeztuko du aurki Eusko Jaurlaritzak, enpresa txiki eta ertainei errazteko digitalizazioari loturiko aktiboen erosketa. Plan horretan, lau milioi euro emango dituzte guztira, eta makineria erosteko aurreko Renove planen baldintzen parekoak izango dituzte enpresek: makina bakoitzeko laguntza 70.000 eurokoa izango da, eta, bi makina erosiz gero, 100.000koa gehienez.
AFMren 22. Kongresuak joera eta aukera berrien bilaketan sakontzeko balioko du. Bi urtez behin egiten den bilkurak aurten fabrikazio aurreratuaren eta digitalizazioaren ikuspegi global bat eskaintzeko xedea du. Hain zuzen, automozioaren erronkei buruzko hitzaldi batek zabalduko da kongresua, Francisco Jose Riberas Gestampeko presidentearen eskutik; eta, hiru egunez, urriaren 23tik 25era, elektromugikortasunaren, digitalizazioaren, adimen artifizialaren eta beste hainbat gairen inguruko hitzaldi eta ponentziak izango dira. Xabier Ortuetak, besteak beste, nabarmendu zuen interesgarria k direla fabrikazio gehigarriko industria prozesuei buruzko hitzaldiak. «Izen-emateak martxa onean doaz, eta aretoak ia beteta dauzkagu, baina, oraindik inork interesik badu, aukera zabalik dauka».
Makina-tresnen sektorea hasia da autogintzaren geldialdia sumatzen
AFMk dio 2019an jarduera ona izaten ari dela, baina deformazioaren alorreko enpresen eskaerak apaldu egin dira. Klusterrak bere 22. kongresua egingo du, urriaren 23tik 25era
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu