Metroko prezioaren igoera izan zen Txileko herritarren haserrea leherrarazi zuen gertakaria, baina, ohartzerako, herrialdeko eredu politiko eta ekonomikoaren aurkakoa bilakatu da mugimendua. Joan den ostegunean hasi zituzten ekintzak ikasleek, eta gobernuaren erantzunak protestak areagotzea eragin du.
Protesta ekintza baketsuak—manifestazioak eta lapiko jotzeak— nahastu egin dira barrikadekin, supermerkatuen arpilatzeekin eta segurtasun indarrekin izandako liskarrekin. Besteak beste, manifestariek su eman diete Txileko Bankuaren egoitza bati eta El Mercurio egunkari kontserbadorearen egoitza nagusiari. Gertakariek gutxienez 11 hildako eragin dituzte, ehunka zauritu, 1.900 atxilotu eta 110 arpilatze inguru. Supermerkatuetan jazotako lau suteren ondorioz izan dira hildakoetatik hamar, eta azkena segurtasun indarrek tiroz hil zuten atzo, Coquimbon.
Ekintzak hasi zirenetik, militarizazioarekin erantzun zien protestei Sebastian Piñeraren gobernuak, eta jada ezarri dute salbuespen egoera Santiagoko eskualde metropolitanoan, Valparaison, Concepcionen, La Serenan, Coquimbon eta Valdivian. Neurri horren bidez, armadaren esku utzi du kontrola gobernuak. Politikariei dagokienez, herenegun premiazko saioa egin zuten Txileko Diputatuen Ganberan, eta ia aho batez onartu zuten metroaren prezio igoera ezeztatzen zuen lege proiektua; atzo berretsi zuen neurria Senatuak.
Ekonomikoki, Txilek Hego Amerikako herrialderik egonkorrena izateko ospea du, eta askok daukate doktrina neoliberalaren adibide arrakastatsutzat. Protestek eredu horren atzean dagoena azaleratu dute, eta ezbaian jarri Augusto Pinocheten diktaduraz geroztik (1973-1990) herrialdeak duen sistema. Manifestarien salaketa nagusiak hauek dira: herrialdeko ezberdintasun sozialak; aberastasun ekonomikoaren kontzentrazio handia; zigorrik gabeko ustelkeria kasuak; eta pribatizazioak nagusi diren sistema ekonomikoak eragiten duen prekarizazioa. Gainera, Txilen arazo handia dira osasun eta hezkuntza sistemaren kalitate eskasa eta prezioa, baita gutxiengo etnikoek jasaten duten jazarpena ere —maputxeek nagusiki—.
Arazo horietako asko ez dira berriak. Chicago Boys izenarekin ezaguna zen AEBetako ekonomialari talde batek diseinatu zuen Pinocheten diktadurako sistema ekonomikoa; liberalismo ekonomikoa zen haien ereduaren ezaugarri nagusia. Garai hartako oinordetza dira, besteak beste, gaur egungo pentsio eta hezkuntza sistemak. Unibertsitatea, adibidez, doakoa zen Txilen 1981. urtera arte.
Gobernuaren erantzuna
Kalean protestan dabiltzanen jokabidea salatu zuen Piñera presidenteak herenegun: «Demokrazian bizi nahi duten txiletar guztien aurka ari dira suteak, barrikadak eta arpilatzeak eragiten ari diren gaizkile horiek». Horrez gain, salbuespen egoera ezartzeko neurria defendatu zuen, «demokraziak eskubidea eta betebeharra baitu bere esku dauden baliabide guztiak erabiltzekodemokrazia bera eta zuzenbide estatua suntsitu nahi dutenen aurka». «Biolentoen aurka gerran» daudela ere esan zuen, eta, adierazpen horien ondorioz, hainbat sektorek kritika egin diote Piñerari.
Andres Chadwick Barne ministroak, berriz, biolentzia gertakariak «antolatuak» direla salatu, eta jakinarazi zuen 10.500 militar eta polizia dituztela herrialdean zehar hedatuta; beharrezkoa bada gehiago zabalduko dituztela ere iragarri zuen.
Bestalde, Giza Eskubideen Txileko Institutuak iragarri zuen segurtasun indarren aurkako zortzi salaketa aurkeztuko dituela. Sergio Micco erakunde horretako zuzendariaren arabera, segurtasun indarrek 44 pertsona zauritu dituzte protestak hasi zirenetik, eta beste bederatzi biluztera behartu dituzte. Horrez gain, atxilotuek honako hauek salatu dituzte: irainak, tratu txarrak, kolpeak aurpegi eta izterretan, torturak, sexu irainak...
Michelle Bachelet Txileko presidente ohi eta NBEren Giza Eskubideen mandatariak eskatu du eragile independente batek aztertzeko zaurituak eta hildakoak. Adierazi duenez, hamahiru izan daitezke hildakoak. Piñerari esan dio «egoera lasaitzeko gizarteko eragile ezberdinekin» hitz egin beharko duela.
Eztabaida horren erdian, ikusteko dago zer bide hautatuko duen presidenteak. Hilabete eskas falta da nazioartean ikusmin handia sortuko duten bi ekitaldi handitarako —Libertadores Koparen finala eta Klimaren Gailurra—; Txilen egingo dira biak, eta ordurako protestak bideratzea komeni zaio presidenteari. Kalean dauden herritarren eta Txilen oso boteretsuak diren elite ekonomikoen presioei egin beharko die aurre; Piñera bera da elite horretako kide aberatsenetakoa.
Txileko protestek auzitan jarri dute diktadura osteko sistema
Gutxienez 11 hildako izan dira jada protestetan, eta salbuespen egoera hiriburutik hainbat eskualdetara zabaldu du gobernuak. Piñera presidenteak esan du «gerran» daudela «biolentoen aurka»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu