Salhaketa elkartearen informazioaren arabera, preso bat hil zen joan den apirilaren 7an Gasteizko Santiago ospitalean. Elkarteak ezin izan du egiaztatu presoa nor den, ezta heriotzaren nondik norakoak argitu ere, baina, hala ere, nahiago izan du daukan informazio apurra iritzi publikoari jakinarazi, horrek gertatutakoa argitzen lagunduko duelakoan.
Presoen eskubideen aldeko elkarteak adierazi duenez, hildakoak gaixotasun larri eta sendaezinak zituen, fisikoak eta psikikoak, eta, horren ondorioz, laster espetxetik ateratzekotan zen, beste instituzio batera eramateko, ez baitzeukan hartaz ardura zitekeen senitartekorik.
Salhaketak bildutako informazioaren arabera, badirudi apirilaren 8an ebakuntza bat egin behar ziotela, eta, horretarako, Zaballako espetxetik (Araba) Gasteizko Santiago ospitalera eraman zuten. Baina, ospitalean zegoelarik, antza denez, istiluren bat izan zuen erizainekin, eta, horren ondorioz, ertzainek esku hartu zuten «indarra erabiliz».
Presoak bihotzekoa izan zuen—Salhaketak ezin izan du zehaztu hura ertzainak esku hartzen ari ziren bitartean edo geroago gertatu ote zen—, eta hil egin zen. Heriotza apirilaren 7an izan zen; hau da, ebakuntza egiteko ezarritako egunaren bezperan.
Salhaketak adierazi du «espetxe eta osasun erakundeetara» jo duela informazio eske, baina inon ez dietela argibiderik eman. Horregatik, erabaki dute gertatutakoaren berri ematea eta gizarteari laguntza eskatzea, «gertaera larri hau argitu ahal izateko».
Iaz, bost hildako
Orain arte bildutako informazioa baieztatzekotan, badirudi oraingoan presoaren heriotza ez dela Zaballako espetxean gertatu, ospitalean baizik. Hala ere, Salhaketa elkarteak denbora luzea darama Zaballako espetxearen egoeraz ohartarazten; iaz, esaterako, bost preso hil ziren han.
Urtarrilaren 17an gertatu zen kartzelan lehen heriotza, otsailean bigarrena, apirilaren 1ean hirugarrena, eta apirilaren 25ean laugarrena. Azkena, berriz, irailaren 21ean izan zen. Ez dago informazio askorik heriotza horien inguruan: lehenengoa 28 urteko gazte bizkaitar bat izan zen, eta apirilaren 25ean hildakoa, berriz, 28 urteko gasteiztar bat, baina, adibidez, otsailean hildakoaren inguruan ez dago informaziorik, eta otsaileko zein egunetan hil zen ere ez dute jakinarazi. «Gardentasun falta» txarretsi du Salhaketak behin baino gehiagotan.
Heriotzen arrazoiei dagokienez, bi kasutan droga gaindosiari egotzi zioten gertatutakoa, eta beste bi kasutan, presoek beren buruaz beste egin zutela esan zuten espetxe erakundeek. Iazko apirilaren 25ean hildakoari buruz, berriz, ez dago informazio handirik: soilik ziegan aurkitu zutela, hilik, goizeko zenbaketan.
Preso baten heriotzaren berri eman du Salhaketa elkarteak
Elkarteak ezin izan du argitu hildakoa nor den, ezta heriotza nola gertatu zen ere. Apirilaren 7an izan zen, eta presoa Santiago ospitalean zegoen, Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu