Araluce ordu txikietan itxi dute, Ertzaintzaren laguntzarekin

Negoziatzen ari ziren, baina egun batetik bestera kaleratuta daudela jakinarazi diete 141 langileei. Mondragon Korporazioko Batz kooperatibarena da trokelgintzako enpresa

Elorrioko Araluce enpresako beharginak lantegiaren kanpoaldean, atzo, Ertzaintzaren zaintzapean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Irune Lasa - Hodei Iruretagoiena
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Egun gogorra izan zen atzokoa Igorreko (Bizkaia) Araluce enpresako 141 langileentzat. 01:00etan, gaueko txandako bost langile ari zirela, enpresako arduradunak eta segurtasun guardiak iritsi ziren, Ertzaintzarekin eta enpresaz kanpoko langile talde batekin. Lantegia itxi egin behar zutela- eta, joateko agindu zieten, jada enpresarekin loturarik ez zutela argudiatuta. Gaur-gaurkoz, kaleratuta daude behargin guztiak.

«Dei batekin esnatu naute 01:00ean», kontatu du Luis Olivero LABeko ordezkariak. Ordutik, Araluceko beharginak fabrikako atarian elkarretaratu ziren, eragotzi nahian inork lantegitik makineria ateratzea. «Hori da daukagun indar bakarra», azaldu du Oliverok. Bitartean, Ertzaintza fabrika itxi berriko sarrera zaintzen ari zela, enpresaz kanpoko langileak lantegiaren barruan zeuden. Ertzainek hainbat oldarraldi egin zituzten, kanpoan bilduta zeuden langileak urrunarazteko.

10:30 inguruan, «enpresako zuzendaritzarekin eta Ertzaintzarekin hainbat eztabaida izan ondoren», langileen eta sindikatuen ordezkariei baimendu egin zieten fabrikara sartzea. «Ikusi dugu enpresaz kanpoko langileak zeudela barruan, burua estalia zeukatela», azaldu du Sergio Vazquez ELAko ordezkariak. Haren hitzetan, prest zeukaten material bat enpresatik ateratzeko, eta makina batzuk ere hondatu zituzten. Sindikatuko ordezkariaren hitzetan, «hori ezin da egin, erabat irregularra da».

Azkenean, alde guztiek adostu zuten Ertzaintza erretiratu egingo zela, eta kanpotik etorritako langileak ere joan egingo zirela. 12:15 inguruan, enpresaz kanpoko langileak lantegitik irten ziren, eskoltatuta. Giroa baretu zen, eta ertzain gutxi batzuk geratu ziren itxitako fabrikako atarian. Langileen ordezkariek eta enpresak epe bat hitzartu zuten negoziazioetan jarraitzeko, baina lerrook idaztean ez zegoen berri gehiago.

Langileak txandaka antolatu ziren materiala zaintzeko, eta horretan ari ziren arratsaldean. «Momentuz, kaleratuta gaude. Dena dago airean», azaldu zuen LABeko ordezkariak: «Likidatzaileak ez zuen ezer sinatu nahi, eta ikuskatzaileak haiekin alde egin du gero, haien autoan. Beraz, argi dago egoera, ezta?».

Izkander Agirrezabala Araluceko langileak goizaldetik bizi izandako uneak kontatu zizkion BERRIAri: «Hau oso gogorra izan da. Enpresa horrela ixtea, jendea eskoltatuta ateratzea... Gainera, ixtera etorri diren langileetako batzuk, Batz kooperatibakoak, herriko jendea dira, betiko ezagunak. Oso gogorra da».

Mondragon Korporazioko Batz kooperatiba taldeak urrian iragarri zuen Araluce itxiko zuela, eta, ordutik, langileek hainbat mobilizazio egin dituzte, itxieraz besteko irtenbideen eske. Automobilgintzarako trokelgintzan aritu izan da Araluce orain arte. Batzek 2016. urteko uztailean erosi zuen enpresa.

Batz, «lotsagarri»

Oliverok ere salatu du Batzen jarrera, eta kontatu du gainerako langileei gutun bat bidali ziela zuzendaritzak: «Nahiko lotsagarria izan da. Haien langileak gure aurka ipintzen saiatzen ari dira. Ez dagoela beharrik, ez daukagula inolako arrazoirik...».

Atzoko itxiera jakinarazteko agirian, likidatzaileak «greba egoera eta irregulartasun kolektiboak» argudiatu ditu lantegiaren itxiera patronala erabakitzeko. Agirian dioenez,«lan baldintza normalak berrezartzeko beharrezkoa den denborara mugatuko» da itxiera, eta langileei jakinarazi die bitarte horretan haien lan kontratuak etenda egongo direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.