Heriotzen faktoria diren mugak

Atzerritartasunari eta Asiloari buruzko V. Jardunaldiak egin dituzte. Bidasoko mugan izandako heriotzak aztertu dituzte. «Muga nekropolitikaren adibidea» dela diote

EHUko irakasle Iker Barbero, jardunaldien aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Atzerritartasunari eta Asiloari buruzko V. Jardunaldiak egin dituzte Leioako campusean (Bizkaia), «migratzaileen mugimendua eskubideen ikuspegitik» aztertzeko helburuz. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren artean landutako Transiteus ikerketa proiektuaren karietara antolatu dituzte jardunaldiak: bidean doazen migratzaileen egoera eta Euskal Herrian egiten zaien harrera aztertzea da programa horren helburua. Jardunaldietan arreta berezia jarri diete Euskal Herria zatitzen duen mugan aspaldi honetan gertatutako heriotzei.

Iker Barbero EHUko irakasleak jardunaldien aurkezpenean esan duenez, «Euskal Herria zeharkatzen duena ez da muga abegikorra», eta Bidasoaren inguruan hildako migratzaileak aipatu ditu, horren adierazgarri: «Zaila da kopurua zehaztea, eta haien nortasuna jakitea ere».

Ignacio Mendiola soziologo eta EHUko irakasleak gai hori izan du hizpide bere hitzaldian, eta nekropolitika kontzeptua erabili du, «heriotza sortzen duten politikak» izendatzeko. Haren ustez, kontzeptua baliagarria da Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan gertatzen dena ulertzeko: «Muga ez da lerro soila; zerbait malguagoa da, bortizkeriak sortzen dituena».

«Heriotzak zenbatzeaz» ere aritu da; estatistika hutsak eta heriotzak besterik gabe zenbatzeak ekar dezaketen «despolitizazioaz» eta testuingurua aintzat ez hartzeaz: «Askotan esaten dugu: 'migratzaile bat hil da, ito dira, bere buruaz beste egin du' eta abar. Gramatikaren erabilera horrek nekropolitiken subjektuak, heriotza horien eragileak, ezkuta ditzake».

Ikerketan, Irunen eta Lapurdiko zenbait herritan dauden migratzaileekin eta haiei harrera egiten saiatzen diren herritarrekin hitz egin du, eta elkarrizketa horietatik ondorio batzuk atera ditu: adibidez, heriotzak aipatzean ezinbestekoa dela «makineria nekropolitikoa» ere aipatzea, eta «lekuaren memoria» aintzat hartzea: «1960ko eta 1970eko hamarkadetan migratzaile asko hil zen Bidasoan, muga igaro nahian, portugaldarrak gehienbat. Orduan gertatutakoa eta oraingoa oso antzekoak dira. Antzekotasunak diferentziak baino handiagoak dira».

Sentsibilitatearen ikuspegitik ere landu nahi izan du gaia Mendiolak: «Migratzaileak sentsiblea ez den botere batekin topo egiten du; botere hori ez da sentitzen, eta botereak berak ere ez du sentitzen egindakoa. Gure sentsibilitatea minduta, zaurituta geratu beharko litzateke gertatzen ari dena ikusita; interpelatuta sentitu beharko genuke».

Harreraren nolakotasuna

Marie Cosnay idazle eta ekintzaile baionarrak harrera sareetan izan duen esperientziaren berri eman du, eta harreraren «izaera konplexuaz» gogoeta egin du: «Azken finean, harrera egin nahi ez dugun pertsona batzuk gara, eta harrera egiten diegu harrerarik nahiko ez luketen beste pertsona batzuei».

Benetako kasu batzuk kontatu ditu Cosnayk: migratzaileek senideak edo lagunak topatzeko izaten dituzten zailtasunak, egin beharreko izapideak, administrazioaren jarrera eta abar. Haren ustez, ondorioa argia da: «Europak ez du beste biderik etortzen direnekin bizitzea baino. Hori, edo basakeria. Eta gobernuek badakite ez dagoela beste irtenbiderik».

Migratzaileek Euskal Herrian topatzen dituzten errealitateak eta zailtasunak izan dira Mendiolaren eta Cosnayren hitzaldien gai nagusia, baina, lehenago, beste ikerlari batzuek ikuspegia zabaldu dute, eta Euskal Herritik kanpoko beste egoera batzuk azaldu. Adibidez, Sebastian Cobarrubias Zaragozako Unibertsitateko irakasleak (Espainia) azaldu du nola Europako herrialdeak ahalegintzen diren «mugak urrunago eramaten» edo migrazioa haien eskumen esparrutik kanpo ere kontrolatzen, beste herrialde bati kontrol horren ardura emanez edo zuzenean parte hartuz.

Bereziki, hizpide izan ditu Espainiak Marokorekin eta Afrikako beste zenbait herrialderekin dituen akordioak, eta akordio horien arabera elkarrekin abian jartzen dituzten neurriak: itsas patruilak elkarrekin egitea, bi herrialdeetako poliziek komisaria partekatzea eta abar. Esan duenez, Espainiako eta Frantziako poliziek ETAren kontrako borrokan Hendaiako komisarian (Lapurdi) garatutako eredua eraman dute Espainiako eta Marokoko poliziek partekatzen dituzten komisarietara.

Cobarrubiasek esan duenez, Maribel Casas irakaslearekin batera egindako ikerketetan kooperazio horretan aritzen diren zenbait guardia zibil eta arduradun elkarrizketatu dituzte, eta denek ideia bat nabarmendu dute: 'Europako mugak hemen hasten dira'. «Bitxia da ikustea nola mugak eraikitzen ari diren haien benetako mugetatik milaka kilometrora», azaldu du. «Kasu honetan, horma bat edo lubaki bat eraiki beharrean, migratzaileen jarioa kontrolatzen saiatzen dira. Mugak etengabe mugitzen ari dira».

Immigrazioaren Kanarietako Behatokiko Daniel Buraschik esan du gobernuz kanpoko erakunde batzuek «arrazakeria instituzionala» sustatzen dutela; alde batetik, haien sentsibilizazio kanpainetan migratzaileen inguruko irudi pasibo eta estereotipatu bat emanez, eta, beste aldetik, instituzioen «jarrera etnozentriko eta kolonialistak» babestuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.