Gustavo Castro. Ingurumenaren aldeko ekintzailea

«Espero dugu hilketaren egile intelektualak ere epaitzea»

Berta Caceres Hondurasko ekintzailearekin zegoen Castro hura hil zutenean. Haren ustez, azaroan bukatu zen epaiketan frogatu zen DESA enpresa «sare kriminal baten parte» zela eta «hilketa antolatu» zuela.

AMNESTY INTERNATIONAL.
2019ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
2016ko martxoaren 3an, Berta Caceresen etxean zegoen Gustavo Castro aktibista mexikarra. Hondurasko Agua Zarca proiektu hidroelektrikoaren aurkako ekintzaile ezaguna zen Caceres, eta haren hiltzaileek ez zekiten Castro ere etxean zegoela. Horri esker, bizirik irten zen, eta, gainera, ezinezkoa izan zen hilketa lapurreta ahalegin bati egoztea. «Copinheko [Caceresen erakundeko] barne arazoa zela frogatzen saiatu ziren; gero, niri leporatu zidaten». Huts egin zuten. Joan den azaroaren 30ean, zazpi pertsona kondenatu zituzten hilketarengatik, eta bihar jakinaraziko dituzte zigorrak.

Zortzi akusatuetatik zazpi erruduntzat jo zituzten. Espero zenuten epaia al zen?

Gure gutxieneko eskaera bete da. Hilketaren egile materialak zigortuko dituzte, baina espero dugu egile intelektualak ere epaitzea; hau da, DESA enpresa eta Atala Zablah familia. Horiek oraingoz zigor gabe daude.

Errudunen artean DESA enpresaren segurtasun buru ohia eta kudeatzailea agertzen dira. Ez al du horrek ate bat irekitzen?

Urrunago joateko asmoa iradoki zuten epaileek, DESA aipatu baitzuten. Gainera, giltzarri diren galderak erantzun gabe daude oraindik: kudeatzaileak noren esana bete zuen? Nondik atera ote zen sikarioak ordaintzeko dirua? Agian, behin erruduntzat joak izatean, zigortuei hitz egiteko gogoa piztuko zaie. Dena den, bide hori ibili ala ez nazioarteko presioaren esku dago.

Orduan, itxaron baino ezin duzue egin?

Orduan jakingo dugu asmo hori zenbatekoa den. Hogei urteko zigorra ezarri arren, askotan ikusi dugu nola lau edo zazpi urte bete ondoren kalera ateratzen diren. Ohikoa da. Kasua berriz aztertzen dute, eta, okerren bat aurkitzen badute, aske uzten dituzte. Eta nazioarteko presioa jaitsi denez...

Zigorraren arabera, helegite bat aurkeztuko duzue?

Zoritxarrez, ezin ditugu erabakiak apelatu, epaiketatik kanpo utzi baikintuzten. Hori izan zen gu ateratzeko arrazoi nagusia: ez zuten prozesua luzatzerik nahi.

Baina David Castillo, enpresaren presidentea, atxilotu egin zuten iazko martxoan, eta epaiketaren zain dago.

Bai, ihes egitera zihoanean atxilotu zuten. Copinh eta Berta zirikatu eta mehatxatu zituen pertsona zela adierazi du jendeak. Badaude zenbait elkarrizketa grabatuak. Juan Orlando Hernandez [Hondurasko] presidentea kritika ugari jasotzen ari zen une hartan, Nazio Batuen Erakundetik [NBE], Amerikako Estatuen Erakundetik [AEE]... Gure aburuz, bere gobernua onartzearen ordain gisa egin zuten atxiloketa hori, hilketatik bi urte bete ziren egunean gertatu baitzen. Opari antzeko bat izan zen, ikur bat ematea. Dena den, epaiketan enpresa sare kriminal baten parte zela eta hilketa antolatu zuela adierazi zuen harrigarriro fiskaltzak —nazioarteko presioari esker, gehienbat—. Aurreratu du bizpahiru pertsona ikertuko dituela, baina ez du esan nortzuk diren.

Posible izango da Atala Zablah familiako senideetako bati erantzukizuna leporatzea?

Horretarako elementuak badaude. Ezinezkoa dirudi zuzendari batzordearen presidente gisa Castillo bere kabuz aritzeak Atala Zablah anaiek ezer jakin gabe. Harrigarria litzateke berari bakarrik bururatzea, eta bere poltsikotik ordaintzea. Horrez gain, armak aurkitu ziren enpresaren bulegoan, errua egozten dioten elkarrizketak ere agertu dira... Baina froga gisa onartu behar dituzte. Beste gauza bat da hortik joateko borondaterik ez egotea; Hondurasko eta Erdialdeko Amerikako familia aberatsenetako bat da, eta, horregatik, Integrazio Ekonomikorako Erdialdeko Amerikako Bankuak [BCIEk] ez dio finantzaketa eten DESAri.

Caceresek aurre egiten zion Agua Zarca proiektu hidroelektrikoari. Aurrera doa?

Geldituta dago, baina ez etenda. DESAk berriz abiatu nahi du jada. Zalantzarik gabe, enpresak ekin egingo dio.

DESAren inpunitatea ez ezik, beti salatu duzue enpresa handiek estatuaren babesa dutela. Nola egiten zaio aurre inpunitateari?

Komunikabideen eta nazioartearen presioari esker; orain arte,behintzat, ezinbestekoa izan da. Oso garrantzitsua da ikusgai jartzea; ikusi bestela zer gertatu zen Tomas Garciarekin [2013an hil zuten lider indigena]. Hala eta guztiz ere, erakunde aldeaniztunek gehiago egin lezakete. Esaterako, Europako Batasunak ematen duen dirua aztertu, giza eskubideen babeserako erabili ordez, ustelkerian, armagintzan eta Poliziaren entrenamenduan joan zen eta. Gauza bera eskatuko nieke AEEri, NBEri... Jarrera kritikoagoa izan beharko lukete Hondurasekin. Horrez gain, horrelako proiektuek atzerriko inbertsioa dute. Dagoen biolentzia sustatu beharrean, giza eskubideak eta demokrazia sendotu beharko lituzkete. Ez da behin betiko irtenbidea izango, baina kontrakoak ez dio mesederik egiten.

Izan ere, Copinhek eta Caceresen familiak Herbehereetako FMO garapenerako bankua salatu dute.

Jatorrizko herrietan salatzea da onena. Han, sinesgarritasuna eta, ondorioz, akziodunak galtzen dituzte. Zarata handia egin zuen FMOren aurkako kanpainak hark Agua Zarcan zuen inbertsioan atzera egiteko.

Eta mobilizazioak zerbait lor dezake?

Noski, egiten ari da jada, horregatik kriminalizatzen dute. Errepresioak ez luke zentzurik mobilizazioak arrakastarik ez balu. Izan ere, legeak aldatzen ari dira geldiarazteko. Horrela protesta soziala eragozten da.

BCIEren bazkide nagusia Espainiako Estatua da, eta proiektu hidroelektriko askoren atzean dago Iberdrola. Zer eskatuko zenioke Espainiako Estatuari?

Ardura har dezala. Eurojustizia programaren bidez, hark eta EBk 30 milioi euro eman zizkioten Hondurasko Gobernuari estruktura demokratikoa eta giza eskubideak indartzeko, baina biolentzia gehiago, hilketa gehiago, ustelkeria handiagoa eta inpunitate handiagoa lortu zuten. Hortaz gain, Hondurasko Zigor Kodea aldatzeko funtsak bideratu zituen Espainiako Estatuak Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziaren bitartez, baina ez ditu ikuskatu. Ez du zer gertatu den ikertu, eta ezin da inozoa izan. Mugimendu sozialen kontrako zigorrak gogortu egin ziren, ez ziren kontuan hartu indigenak eta garifunak, parte hartzea ez zen bete... Ezin ahaztu Tegucigalpako aireportu berrian dauzkan interesak, hark eta beste gobernu batzuek. Azkenean, diru laguntzek, lagundu ordez, pobretu egiten dute, ez baitute gobernu ustelei ematen dieten dirua zaintzen. Laburbilduz, gobernuek badute gertatzen ari denaren erantzukizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.