«Metamorfosi ekologikorako» ituna aurkeztu du Bizi-k

2020ko martxotik aitzina herriko etxeak eta Euskal Elkargoa gidatuko dituztenek klimaren aldeko engaiamenduak hartzea nahi du

Bizi-ko kideak atzo, Baionan egin zuten agerraldian. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
2020ko udal hauteskundeetara aurkeztuko diren zerrendei ingurumenaren aldeko engaiamenduak hartzeko eskatuko die Bizi mugimendu altermundialistak, Ipar Euskal Herriak «behar duen metamorfosi ekologikoa» gauzatzeko. Atzo aurkeztu zuten engaiamendu zerrenda, eta 2014an abiatutako legegintzaldiaren bilana egiteko ere baliatu zuten.

53 neurriko ideia kutxa proposatu zuten 2014an. Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %75 ordezkatzen duten 30 herriko etxeetan hautatu zituzten engaiamenduak hartutako zerrendak eta hautetsiak, eta Hitza Hitz batzordea sortu zuten, beteko zirela segurtatzeko. Ondorioen txostena aurkeztu zuten atzo: «Ororen buru, tresna kutxako ekintzen %10 inguru baizik ez dira gauzatuak izan azken sei urteetan. Zinez gutxiegi da», adierazi du Xabier Harluxet Bizi-ko kideak.

2020rako, zazpi arlotan banatutako neurriak hartzeko eskatuko dute: bakarkako autoaren alternatiboak diren mugikortasun guzien alde ekitea; egoitzetan energiaren menperatzearen alde ekitea; tokiko elikagaien eta laborantza biologikoaren alde ekitea; %100 berriztagarriak diren energien lurralde baten alde ekitea; euskoaren garapenari esker tokiko ekonomiaren alde ekitea; hondakinak murriztearen eta ekonomia zirkularraren alde ekitea; Ipar Euskal Herriko Klima-Airea-Energia lurralde plana osoki gauzatzea.

Sinadura bilketa

Hauteskundeetarako itun hori bere osotasunean baizik ez dute onartzen ahalko bozetara aurkeztuko diren zerrendek. Halaber, sinadura bilketa bat abiatu dute itun horri babesa emateko, eta jadanik mila izenpetzailera iritsi dira. Martxoaren 5ean sinadura ekitaldi bat eginen dute Uztaritzen, itunarekin bat eginen duten zerrenden engaiamendu hartzea ofizialtzeko. Azkenik, kanpaina babesteko martxa bat ere eginen dute; martxoaren 2an Mauletik abiatu, eta martxoaren 7an Baionara helduko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.