Mikel San Sebastian. ISHko kidea

«Jendea laguntzea derrigorrezkoa da; ez da delitu bat»

Mediterraneoan 172 migratzaile erreskatatu ostean, salaketa jarri diote 'Aita Mari' ontziko kapitainari. San Sebastianen ustez, jarduteko modu horren asmoa da halako proiekturik ez egotea.

XIMENA BORRAZAS.
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Salernon (Italia) lehorreratu zen Aita Mari erreskate ontzia joan den igandean, 172 migratzailerekin. Iritsi berritan, ikerketa bat egin zuten barkuan. Eta horren harira, salaketa jaso du bertako kapitainak. Oraintxe bertan, ISH Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen itsasontzia Sirakusan dago, mantentze lanak egiten. Mikel San Sebastian (Donostia, 1978) ISHren parte da. Misio honetan parte hartu ez duen arren, urtarrileko misioan egon zen. «Gure pribilegio posizioa ikusita, behar duen jendeari harrera egin beharko genioke».

Zer leporatu diote Aita Mari-ren kapitainari?

Oraindik ez dakigu, baina pentsatzen dugu segurtasun arauen urraketarekin lotuta egongo dela. Oraingoz ez zaigu salaketa formalik iritsi. Kapitainari ontzian bertan jakinarazi zioten, eta esan zioten salaketa eskaera Erromatik zetorrela. Alegia, goitik.

Aita Mari-k jasotzen duen lehenengo isuna da?

Duela bi urte ikuskatze bat egin ziguten Palermon, eta aurtengo urtarrilean iritsi zaigu isuna. Itsasontzia ez omen zegoen prestatuta hainbeste jenderekin nabigatzeko. Publikoki salatu behar dugu Aita Mari ez dela gurutzaontzi bat: arrantza-ontzi bat da. Eta Espainiak eskatzen dituen neurri guztiak betetzen ditu. Izan ere, guri eskatzen dizkiguten neurriak askoz zorrotzagoak dira, gainerako itsasontzienak baino. Isun ekonomikoa milioi bat eurokoa izan daiteke, baina ez dugu uste hainbestekoa izango denik. Flota zibila kriminalizatzeko ahalegin bat da, besterik ez. Jendea itsasoan hil ez dadin lagundu nahi dugu. Jendea laguntzea derrigorrezkoa da; ez delitu bat. Italiak Espainiari pasatu dio ikuskatzearen emaitza, eta hark erabaki behar du orain. Guk argudioekin azalduko dugu zergatik uste dugun ondo betetzen genituela arauak.

Zenbat misio egiten ditu Aita Mari-k urtean?

Urtearen arabera. Misio bat egitea arrakasta bat da: lan handia egin behar da eta baliabide asko behar dira. Iaz, bi egin ziren. Hirugarrena egin nahi izan genuen urrian, baina behartuak izan ginen urtarrilera arte atzeratzera. Aurten, oraingoaz gain, urtarrilean egin dugu beste bat. Eta bikoitza izan da. Hau da, bi erreskate egin genituen misio berean. Are, bigarren erreskate hartan beste ontzi bat ikusi genuen Italiako uretan. Italiako kostazainek erreskatatu zuten; gu lekuko izango ginen.

Horrelako salaketek baldintzatu dezakete zenbat misio egin urtean?

Epe luzera begira, gerta liteke. Epaiaren arabera. Kapitainari isuna jarri, edo Palermoko ikuskapenaren ondorioz isun handi bat jartzen badigute, gerta liteke ondorioak izatea. Gure baliabideak mugatuta egongo dira, eta ezin izango diogu aurre egin. Nahi dutena lortuko dute: erreskate ontzirik ez egotea Mediterraneoan. Eta lekukorik ez edukitzea, zer gertatzen ari den jendeak jakin ez dezan.

Erreskatea ostegunean egin zuen Aita Mari-k. Zergatik lehorreratu zen lau egun geroago?

Itsasoko legeek esaten dute itsasoan erreskatatutako norbait portu hurbil eta seguru batean lehorreratu behar dela. Baina urte hasieran Georgia Meloni Italiako presidenteak dekretu berria atera zuenetik, jokoaren arauak aldatu dituzte. Portua berehala emango dizutela esaten dizute, baina edozein tokitan. Hau da, urrunago bidaltzen zaituzte. Nahi dutena da erreskate ontziak itsasoan ahalik eta denbora gutxien egotea, ahalik eta erreskate gutxien egiteko. Flota zibileko itsasontziak frenatzeko neurrira egindako beste dekretu bat da. Baldintza gogorretan datoz migratzaileak, asko sufritu dute eta are gehiago luzatzen diete lehorreratzea. Horrek mesfidantza, ahulezia eta nekea ekartzen die.

Zelan daude erreskatatutako migratzaileak?

Europan lehorreratu ondoren, ez dakigu zer gertatzen den haiekin. Gurea larrialdiko lana da. Ez dugu baliabiderik jarraipen bat egiteko.

Nork abisatzen dizue zuei migratzaileak non dauden?

Abisuak irratiz jasotzen ditugu, hainbat bidetatik; besteak beste, gainerako ontzi guztietatik. Alarm Phone erakundeak agintariak abisatzen ditu; eta informazioa ezagutarazi egiten dute. Sea Watchek ere bai. Guk geuk ere aurkitzen ditugu, urtarrilean bezala.

Ontzi bat herrialde bateko uretan baldin badago, bertako agintarien ardura da erreskatatzea?

Bai. Itsasoa SAR [Search And Rescue] eremuetan zatituta dago. Tunisiako kostaldeak, Libiakoak, Greziakoak, Italiakoak eta Maltakoak; bakoitzak bere eremua dauka. Agintari horiek atera behar dute erreskate lanak egitera. Maltako uretan hutsune oso handia dago: Malta oso irla txikia da, baina eremu oso handia dauka itsasoan; horra ez da inor joaten. Eta ezin ditugu aipatu gabe utzi Europak hegoaldeko herrialdeekin dituen akordioak. Aste honetan, Italiak erreskate ontziak eman dizkio berriro Libiari, baina Libian ez dituzte giza eskubideak errespetatzen. Bertako kostazainak itsasora ateratzen dira, jendea hartu eta berriro Libiara eramateko. Libia gerran dago; legediak dio ezin dela gerratik ihesi doan norbait berriro gerran dagoen herrialde batera itzuli. Europak ez luke Afrikako herrialdeetan negoziorik egin behar, agintariek bertako ekonomiak sustatzen ez dituzten bitartean eta giza eskubideak errespetatzen ez dituzten bitartean. Akordio ekonomikoak egiten badituzte, G reziak, Maltak, Italiak, Espainiak eta Europa guztiak hilketen konplize izaten jarraituko dute. Arazoaren sortzaile izanik, konponbidearen parte ere izan beharko lukete; adibidez, konponbide irmoak aurkitu arte, bide seguruak eta legezkoak irekiz.

Misio gehiago egingo dituzue?

Arazoa hor dagoen bitartean, gu han egongo gara. Gogoratu nahiko nuke Grezian gertatutako hondoratze handi horretan ez dela gutxieneko lanik ere egin pertsona horiek erreskatatzeko. Eta hori ez da gertakari bakan bat. Jakina da greziarrek migratzaileak itzularazten eta uretan uzten dituztela. Aita Mari-ren misioak noizbait bukatzen badira, ez dadila izan oztopoak jarri dizkigutelako, baizik eta ez delako behar. Gaur egungo politikak ikusita, hortik urrun gaude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.