Maskara zuriak eta ileorde moreak jantzita eta titiak agerian zituztela agertu ziren LAB sindikatuko kideak Gipuzkoa Foru Aldundiaren parera atzo goizean, salatzeko langileak «biluzik» geratzen ari direla Gipuzkoako zahar etxeetako lan hitzarmenaren egoeraren ondorioz. Greba deialdia egin zuen sindikatuak atzoko. LABek deitutako hemezortzigarren greba eguna izan zen atzokoa, 2018. urteko irailetik. Bestetik, ELAko langileak ere elkarretaratze bat egin zuten foru aldundian, Gipuzkoako Senideak elkartearekin batera. Azaroaren 11n hasi zuten hilabeteko lanuzte bat, eta, abenduaren 11ra arte irauten badute, 149 izango dira greban egindako egunak. Eurek dute ordezkaritzarik handiena sektorean (%60). Hiru urte baino gehiago daramatzate borrokan. Bukaerarik gabeko soka bat dirudi sindikatuak, patronalak eta foru aldundia protagonista dituen lan gatazkak, eta, oraingoz, ez dirudi konponbidea iristear denik.
Leire Ormazabal LABeko arlo soziokomunitarioko arduradunaren arabera, «blokeoa erabatekoa da» orain. Kritika egin zion azaroaren 8an UGT sindikatuak patronalekin sinatutako gutxiengoen akordioari: «Egoera dramatikoa zen duela hilabete gutxi, eta are dramatikoagoa orain; soldata igoera batzuk besterik ez du biltzen sinatu duten hitzarmenak». ELA, LAB eta CCOO sindikatuek arbuiatu egin dute ituna, eta UGTk negoziazio mahaian %10eko ordezkapena ere ez duela salatu dute. LABeko ordezkariaren ustetan, «zer ibilbide juridiko» izango duen ez dakiten itun horren ondorioz, zailagoa izango da akordio bat lortzea eta herrialdeko hitzarmen bat izatea. Sindikatuek, lan baldintzak hobetzeaz gain, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko neurriak eskatzen dituzte.
Dena den, Ormazabalek ez ditu UGT eta patronalak soilik egin egoeraren erantzule: «Erruduntzat jotzen dugu UGT sindikatua, ordezkaritzaren %10 ere izan gabe biluzik utzi gaituelako; patronalak, joko horretan sartzeagatik; ELA, gehiengo gisa dituen ardurak ez betetzeagatik —negozio mahaian eseri gabe urtebete daramalako—; eta, noski, Gipuzkoako Foru Aldundia, sektorearen, sektoreko langileen eta erabiltzaileen arduradun gisa». LABeko ordezkariak esan zuen «amaieraraino heltzeko prest» daudela, «langileek, erabiltzaileek eta hitzarmenak merezi baitute hainbeste».
Gipuzkoan, 5.000 langile inguru ari dira sektorean, eta ia denak emakumezkoak dira. ELA eta LAB sindikatuak bakoitza bere aldetik ari dira protestetara deitzen.
Euskal Herrian, zahar etxeetako protesten aurrekaririk berriena Bizkaikoa da. Han hitzarmena sinatzea lortu zuten 2017ko urrian, 370 egun greban igarota.
Senideen bilera
Gipuzkoako Senideak elkarteak bere burua aurkeztu zuen gatazkan epaile lanak egiteko, baina Maite Peña aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak erantzun zien horretarako «legitimitaterik» ez dutela. Egoitzetako egoiliarren senideek osatutako elkarteak herenegun egin zuen Peñarekin. Idatzi baten bidez, publiko egin zituzten hitz egindakoak. Egoiliarrei zuzenean eragiten dieten hainbat eskaera egin zizkion elkarteak aldundiari. Amaitzeko, senitartekoek gatazka noiz arte mantentzeko asmoa duen galdetu zioten diputatuari, «egoerak eragiten dituen galtzaile nagusiak» erabiltzaileak direlako. Atzoko mobilizazioetan parte hartzera ere deitu zuen elkarteak.
LAB: «Biluzik uzten gaitu Gipuzkoako zahar etxeen hitzarmenaren egoerak»
Sindikatuek grebak egiten jarraitzen dute, baina ituna «blokeatuta» dago oraindik. Egoiliarren senideak foru aldundiarekin bildu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu