Israelek Jihad Islamikoko buruzagi bat hil du Gazan, hilketa selektibo batean

Emaztea ere hil du eraso berean, eta Palestinatik suziriak jaurtiz erantzun die hilketei. Bi miliziano ere hil ditu Israelek geroko oldarraldian

Herritarrak Bahaa al-Ataren gorpua eramaten atzo, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Israelek gogor jo zuen atzo Jihad Islamikoaren aurka, eta Bahaa al- Ata buruzagia eta haren emaztea hil zituen Gazan, hilketa selektibo batean. Etxeari airez eraso zioten, «bonbardaketa zehatza eginez», Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak azaldu zuenez. Ez zen eraso bakarra izan, Damaskon (Siria) Akram al Ajuri agintariaren etxeari ere ustez bi suziri jaurti baitzizkion Israelek, eta semea eta beste herritar bat hil zituen.

Al-Atak 42 urte zituen, eta Jihadeko Al Quds batailoi armatuaren burua zen. Taldeak berehala salatu zuen buruzagiaren hilketa, «Israelek muga guztiak gainditu» dituela esanez. Israelgo armadak, bestalde, horrela justifikatu zuen hilketa: «Al-Ataren ardurapean egin dira Israelgo herritarren eta soldaduen aurkako ehunka eraso».

Jihad Islamikoko buruzagiaren hilketaren ondotik, suziriak jaurti zituzten Gazatik Israelera, eta hainbat ikastetxe itxi behar izan zituztela azaldu zuen Israelgo Gobernuak. Zauritu arinak ere izan zirela gaineratu zuen ondoren, kalte materialez gain. Hilketari Palestinak emandako erantzunei hitzekin baino eraso gehiagorekin erantzun zien Israelek, eta bi palestinar hil zituen bonbardaketen bitartez, 20 eta 25 urteko bi gazte.

Israelek aspaldi ez zuen hilketa selektiborik egin, eta atzoko erasoak erreakzio andana ekarri zuen. Israelgo Armadako Estatu Goreneko buru Aviv Kochavik azaldu zuen ez zaiela interesatzen «indarkeriak gora egitea, baina Israel prest dagoela eraso selektiboekin jarraitzeko». Palestinatik, Hamas eta Jihad Islamikoa erakundeek «erantzun irmoak emango» dituztela jakinarazi zuten. Europako Batasunak Palestinako milizianoen suzirien jaurtiketen aurka egin zuen soilik, «onartezina delako, eta arriskuan jartzen dituelako herritarrak». Ohar bidez egindako balorazioan, ondorengoa gehitu zuen: «Honelako indarkeria zikloen amaiera konponbide politikoaren bidez soilik etorriko da».

EBren epaia Israelen aurka

Europako Batasuneko Justizia auzitegiak atzo ebatzi zuen Israelek Palestinan dituen kokalekuetako elikagaietan jatorria zehaztu behar dela. Ez da nahikoa izango Israelgo produktua dela adieraztea «ez bada jartzen kokalekuetatik datorrela, kontsumitzaileak nahasi ditzakeelako, Israel ez dagoelako lurralde horietan erakunde burujabe moduan, baizik eta potentzia okupatzaile moduan». Frantziako Estatu Kontseiluak egin zion galdera Europako Batasuneko auzitegiari, eta epaia bete beharko du; baita Europako Batasuneko gainerako herrialdeek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.