ELAk deitutako bilerak ez du konpondu Gipuzkoako zahar etxeetako auzia

Aldundia ez da agertu sindikatuaren deialdira. Beharginek 148 greba egun daramate, eta baliteke hilabeteko beste lanuzte batera deitzea gaur

Senideen elkarretaratzea, atzo, Batzar Nagusietan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Paulo Ostolaza.
2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
ELAk joan den astean egin zien biltzeko gonbidapena Gipuzkoako Foru Aldundiari, herrialdean zaharren egoitzak kudeatzen dituzten enpresei eta gainontzeko sindikatuei; helburua zen LHK Lan Harremanen Kontseiluaren Donostiako egoitzan elkartzea atzo, zahar etxeetako afera bideratzeko. Aldundiak, ordea, aurretiaz egin zion uko deialdiari, eta LHKn LAB eta CCOO sindikatuak eta Matia eta Adegi patronalak izan ziren. Azken hilabeteko lanuzteen ostean, langileek 148. greba eguna zuten atzo, 2018. urteko irailean hasi zirenetik; bihar emango dute egoeraren berri, baina gatazka konpondu ezean, hilabeteko beste lanuzte bat hasiko dute atzo artekoa amaitu eta 24 ordu eskasera. LAB sindikatuak ere ia hogei greba egun egin ditu.

Oraingoz, UGT izan da patronalekin akordio bat erdietsi duen sindikatu bakarra, eta, ondorioz, aldundiak sektoreko 5.000 langileei soldata igotzeko bost milioi euro emango dizkie enpresei. Azaroaren 8an sinatu zuten ituna, baina soldata igoera batzuk soilik bermatzen ditu, eta gainontzeko sindikatuek arbuiatu egin zuten tratu hori. UGTk erresidentzietako langileen %10 ere ez du ordezkatzen —%60 du ELAk, eta %20 LABek—, baina haiek sinatutakoak langile guztiei eragiten die.

Sektoreko plazen %80 inguru dira itunpekoak, eta horregatik diote sindikatuek diputazioaren erantzukizuna ezinbestekoa dela. Atzoko bileraren aurretik, Txomin Lasa ELAko ordezkariak gogor hitz egin zuen aldundiaren kontra: «Azterketa bat gainditu ez eta, konpontzen saiatu beharrean, gurasoei gertatutakoa ezkutatzen saiatzen den haur bat dirudi». Esan zuenez, ELAk beti du konponbidea «gehiago ez luzatzeko» itxaropena. Diputazioari, berriz, «hipokrisia» egotzi zion, «martxoaren 8an ahoa betetzen zaielako» eta ondoren ez direlako gai «horren sektore feminizatu batean soldata arrakala ezabatzeko» —langileen %90 emakumeak dira—. Biharko, manifestazio batera eta prentsaurreko batera deitu ditu sindikatuak.

UGTk onartutako akordioari buruz, 2017. eta 2018. urteei dagokien euro bat ere ez dela jartzen kritikatu zuen Lasak —2017an amaitu zen orainarteko hitzarmena—: «Ez dugu bi urteko greba bat egingo dirua galtzea onartzeko». ELA, LAB eta CCOO sindikatuak, soldata igoerez gain, zerbitzua hobetzeko neurriak eskatzen ari dira; eskari nagusia zera da, langile bakoitzak zahar etxeetako erabiltzaile bakoitzarekin igarotzen duen denbora luzatzea. ELAren arabera, orain beharginek batez beste egunean 92 minutu eskaintzen dizkiote erabiltzaile bati, eta gutxienez 120ra igo beharko litzateke denbora hori. Lanaldi partzial guztiak egun osokoak bilakatzea eragingo luke horrek.

Gutxieneko zerbitzuak

Atzoko bilerara azaldu ez direnek —Gipuzkoako Foru Aldundia, UGT, eta Lares eta Garen patronalak— argudiatu dute negoziazio mahaia dela hitzarmena adosteko lekua. ELA 2018. urteko irailean altxatu zen handik, oinarrizkotzat jo zituzten bi baldintza ez zirelako bete: 2017. eta 2018. urteei dagozkien soldatak igotzea, eta sinatutako akordioa enpresa bakoitzak zigilatzea.

Ez da izan duten ika-mika bakarra. 2018. urteko lehen lanuzteen ondoren, aldundiak %50etik %70era igo zuen greba egunetako gutxieneko zerbitzuen kuota, eta %80ra lan gehien dagoen orduetan; ELAk erabaki horren kontrako helegite bat aurkeztu zuen.

Erabiltzaileen senideak dira azken asteetan gatazkan protagonismoa hartu duen beste eragile bat. Astero ari dira elkarretaratzeak egiten; atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Adierazi dutenez, euren helburua «senideen eskubideak aldarrikatu eta ahalik eta azkarren lan gatazkarentzat konponbide bat eskatzea da», eta, horretarako, langileen eskaria berretsi eta zerbitzu hobe bat eskatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.