Adinean aurrera doan arren —85 urte beteko ditu heldu den uztailean—, gogoetarako gaitasuna bizi-bizi mantentzen du Antonio Alvarez Solis kazetariak (Mieres, Espainia, 1929). Ibiltzeko arazoak ditu, eta gutxi ateratzen da Madrilen Retiro parkearen ondoan duen etxebizitzatik. «Gehienez etxeari itzuli bat ematen diot. Etxean ditudan lau txakurrek—hiru westy eta podenca bat— laguntzen didate». Halere, bihar Bilbon izanen da Ezker Batuak eskainiko dion omenaldian. Cuadernos de la Izquierda / Liburuxkak Ezker argitalpenaren azken zenbakia eskaini dio Solisi taldeak. Bidebarrietako liburutegian eginen den aurkezpenean Laura Mintegi, Juan Jose Ibarretxe eta Javier Madrazo ere izanen dira.
Cuadernos de la Izquierda-Liburuxkak Ezker argitalpenaren azken zenbakia eskaini dizute. Nola sentitzen zara?
Euskadin oso ongi onartua izan naiz beti. Neure lurra aurkitu dut. Sentsibilitatea duen lurra da. Askatasun osoz hitz egiten dut, ulertzen naute, estimua didate eta errespetatzen naute. Komunista naiz, eta oinarriko kristaua ere bai. Bateragarriak dira; oso zaila da komunista izatea kristau izan gabe. Eskertzen dut biziki omenaldia eta ekitaldian Juan Jose Ibarretxe bera egotea. Zintzotasun moral handiko gizona da.Laura Mintegi ere asko miresten dut; zetazko emaztea da. Ez dugu ahaztu behar zeta dela zama gehien jasaten duen haria. Javier Madrazo kamarada ere han egonen da, eta pozgarria da oso.
Adinean aurrera zoaz, baina oraindik lanean jarraitzen duzu.
Beti irakurri izan dut asko eta, agian, horrek mantentzen nau baikor eta lan egiteko gogoarekin. Oso lo gutxi egiten dut, goizaldeko hirurak arte lan egiten dudalako; idazten aritzen naiz. Orain Teologia ikasten ari naiz. Nire pentsamenduen inguruko liburu bat argitaratzeko asmoa badut ere. Gara egunkarian argitaratzen ditudan artikuluak ere bildu nahi nituzke liburu horretan. Idazten, irakurtzen eta pentsatzen ematen dut eguna.
72 urte zenituela etorri zinen Euskal Herrira lanera. EITBn hasi zinen solaskide. Zer azpimarratuko zenuke garai horretaz?
Duela hamabost bat urte, egunkari guztietatik publikoki kanporatua izan nintzen. 32 egunkaritan kolaboratzen nuen, baina ez nintzen ezta bakar batean ere geratu. Espainiako telebistan ere aritzen nintzen. Maria Teresa Camposekin programa bat egiten nuen. Artean hasi nintzen EITBn. Astean bitan joaten nintzen lanera. Madril eta Bilboren arteko hegaldietan pasatzen nuen eguna. Deia egunkarian ere lan egin nuen. Orain, nire kolaborazio bakarra Gara egunkarian astero idazten dudan zutabea da.
Euskal Herrian gustura zaudela diozu. Zergatik ez zinen Euskal Herrian bizitzen gelditu?
Euskadin edo Katalunian bizi nahi nuke. Katalunian bizi dira semeak eta bilobak, baina, beharrak bultzatuta, berriro Madrilen erroldatu behar izan dut. Adin honetan uko egiten diot nire egoera hobetzeari, eta dudan pentsio barregarriarekin, ezin dut proiektu edo leku aldatze handirik egin.
Zuzenbidea ikasi zenuen, eta Bartzelonako La Vanguardia-n hasi zinen kazetari. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Aita kazetaria zen, eta oso gazterik hil bazen ere, 41 urterekin, harekin ikasi nuen ofizioa. Frankismotik aldentzen saiatu zen. La Voz de Galicia zuzentzen zuen. Zuzenbidea ikasten nuen bitartean, egunkarira joaten nintzen aitarekin. Berunezko lerroekin egunkariko orriak muntatzen erakutsi zidan, edo iragarki ekonomikoak zuzentzen jartzen ninduen. Astelehenetik ostiralera lan egiten nuen, eta gauez ikasten nuen. Aita hil zenean, kazetaritzarekin jarraitzea erabaki nuen; bat-bateko argi bat bezala izan zen. Zuzenbidea asko interesatzen zait, baina abokatuaren lanbideak ez nau batere erakartzen. La Vanguardia-n zorte txarra izan nuen: berehala kategoriaz igo ninduten, eta kaleko kazetaritza oso gutxi egin nuen.
Hortaz, aita izan zenuen aholkulari?
Bai. Oso gogoan izaten dut beti. Datu bat erabiltzeko baimenik ez banuen, hura sekula ez baliatzeko esaten zidan. Kazetariak moralki zuzena eta sozialki xumea izan behar zuela zioen. Gizarteari gertaerak helarazteko kable zati bat ginela esaten zuen. Elkarrizketatua maitatu behar dela erakutsi zidan; hark izan behar duela protagonista eta hari hitz egiten utzi behar zaiola. Jakin-mina izan behar du kazetariak; galdetu eta gero esaten diotenaren inguruan pentsatu egin behar du.
Frankismo garaian lan egitea ez zen erraza izanen.
Frankismoa garaian kazetaria larrialdietan zegoen. Halere, hitza, esaldia eta askatasuna salbatzen saiatzen zinen. Kazetari izan nintzen errealitatearen zati batzuk bederen besteei helarazteko.
Komunikabide askotan lan egin duzu: irratian, telebistan, prentsan... Zein hedabidetan egin duzu lan gusturago?
Telebista asko gustatzen zait, mezua oso ongi iristen delako jendearengana; errazago lortzen da hartu-emana.
Lanbidea asko aldatu da?
Desengainu aurpegiarekin ikusten ditut kazetari gazteak. Komunikabideek botereari erantzuten dieten gertaerak eta arreta erakartzen dutenak eskatzen diete. Gehiegikeriak daude, eta bekadunak kazetari lanetan jartzen dituzte. Bekadunak kazetari iaio baten ondoan jarri beharko lituzkete, ofizioa ongi ikasteko. Baina hori ere ezin da, kazetari iaioak zuzendaritza postuetan jartzen dituztelako, eta, azkenean, buru gehiegi daude.
Komunikabideak eta, batez ere, prentsa idatzia asko aldatu da azken urteetan. Zein etorkizuna ikusten diozu?
Teknologiak jendea kalera eraman du.Ordenagailua oso tresna egokia da. Idazteko eta beste gauza askotarako oso baliagarria da, baina teknologia ezin da ideologia bilakatu. Arrazoian sinesten dut, baina ez arrazionalismo teknologikoan. Pentsamendua sortu behar dugu berriro. Benetako ordenagailua gizakien burmuina da, eta hori zaindu egin behar da. Erredakzioetan kazetariak haien ordenagailuei adi ikusten ditudanean, aitaren esaldi batekin gogoratzen naiz. Bizitzarekin kontaktua izan behar duzue. Kaleak esanen dizue zer gertatzen den. Kalean egoteko eta ikasteko ordaintzen dizuegu. Kazetaritza ofizio bat da. Makina intelektuala inportantea da, eta ordenagailuaren atzean dagoen pertsona batek makina horren ondorio bilakatzeko joera hartzeko arriskua du.
Errepublikanoa zarela esan duzu maiz. Francok jarri zuen errege Juan Carlos Borboikoa. Haren erregealdia amaitu berri da, eta haren seme Felipe VI.aren erregealdia hasi da. Errepublika ala monarkia nahi den galdetuko zaie inoiz herritarrei?
Ez dezagun geure burua engainatu. Gau egun erreferendum bat eginen balitz monarkia bai ala ez erabakitzeko, monarkiaren aldekoa aterako litzateke. Intoxikazio handia dago, eta Espainiak bere kabuz pentsatzeari utzi dio. Herritarren gehiengoa intoxikatua dago irudi historikoengatik. Errepublika erabateko hondamena izan zela diote askok, eta ez zen horrela izan. II. Errepublikan sistema ekonomiko eta sozial erabat justua ezarri zen. Eskuinak, baina, ez zuen onartu, eta hura suntsitzeko azpijokoa hasi zen. Adibidez, Errepublikako Guardia Zibilak zituen sei jeneralak Francok hilarazi zituen. Gerra Zibilaz hitz egiten dute, baina errepresio zital bat egon zen gobernu errepublikanoaren zein haren aldeko herritarren aurka. Espainiako herria esnatu egin zuen II. Errepublikak, baina herri hori egun lo dago .
Herri hori esnatzeko, zer egin beharko litzateke?
Badaude herrialde errepublikanoak direnak eta errepublikaren alde lan egin dutenak, eta kalean daude. Euskal Herria eta Katalunia dira errepublikanoak, eta kalean daude, pentsatzeko makina erabili dute. Espainian, aldiz, zama astun asko dago; ez dago pentsatzeko gaitasunik. «Gora errepublika» esaten dudanean, askatasunaren alde egiten dut oihu, baina askatasun duin baten alde. Ez da gutxiengo altxatu eta galdu batzuen deiadarra, askatasun sakon bat da. «Herritarrak boterera!» garrasi egitea da. Demokrazia lortzeko bidea da.
Felipe VI.a errege berriaren aurkako eta errepublikaren aldeko protestak debekatu egin zituzten Madrilen. Monarkia ukiezina dela dirudi.
Errege aldaketa demokrazia egonkortu baten seinale dela esan du Mariano Rajoy Espainiako presidenteak. Nola esan dezake hori? Agintari berri bat datorren aldiro Espainia berreraikitzen hasi behar dugu. Bostehun urte daramagu Espainia berreraikitzen. Bizitzeko eraikina aldatzeko garaia da. Sistema aldatzen ez den bitartean, ez dugu deus aldatuko.
Katalunian hasi dira joko arauak aldatzeko bidea egiten. Lortuko dutela uste duzu?
Katalunian kontraesan handiak daude, baina gizarte aurrerakoiagoa eta helduagoa da. Uste dut lortuko dutela, kontrakoak, Espainia alegia, zimendurik gabeko egitura bertikal bat delako; agerikoa da.
Eta Euskal Herrian nola ikusten duzu egoera?
Indar subiranistei gauza bakarra eskatzen diet: euren arteko barruko eztabaidak saihesteko. Aurreragoko eztabaida baterako utzi behar dituzte horiek. Orain, aurkaria gure lubakira ez iristea da lortu beharrekoa. Konfiantza handia dut euskal herritarrengan. Ez nekatzeko eskatzen diet. Askatasuna defendatzeko eta lortzeko eskatu nien BECen Bildukoen 2011ko hauteskunde kanpainako ekitaldian hitz egin nuenean. Haiek aske direnean, ni ere libre izanen naizelako. Ez dezatela tentazioa izan gurdia idien aurrean jartzeko. Horretarako izango da denbora. Lehentasuna subiranotasuna eta askatasuna lortzea da; ondoren, ardi bakoitza bere bikotearekin joanen da, baina estatu zentrala ez dagoen esparru batean. Borroka gogorra izanen da, baina irabazten ari dira. Askatasuna sentitu egin behar da, eta ezkerra batu egiten da oinarri bat dagoenean, eta oinarri hori badago. Egoera berrian hiru maila jaitsi beharko dituzte gero besteek beste hiru igotzeko; bermatu behar da zintzotasuna.
Une historikoak ikusi gabe hilko zara?
Une historikoak bizitzen ari dira orain, baina ez dakit guztiak ikusiko ditudan. Europako Batasunak ez du laguntzen. Euskadiren edo Kataluniaren independentziak izutu egiten ditu estatuak.
Zer gelditzen zaizu egiteko?
Deus ere ez; egiten dut ahal dudana, eta ideia batzuk defendatzen ditut. Errepublikanoak izan behar dugu, eta goiari eutsi behar diogu.
Antonio Alvarez Solis. Kazetaria
«Jakin-mina izan behar du kazetariak; galdetu egin behar du»
Zuzenbidea eta Ekonomia ikasi zituen, baina kazetari aritu da beti Antonio Alvarez Solis. Aitarengandik ikasi zuen ofizioa. Irakurtzen, idazten eta gogoeta egiten ematen du eguna egun Madrilen duen etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu