Jaurlaritzaren Milango bulegoa prest, nazioartekotzea sustatzeko

Gaur inauguratuko dute hamazazpigarren euskal enbaxada komertziala. Italia euskal esportazioen bosgarren jomuga da, eta Gasteizko gobernuak estrategikotzat jotzen du

Jaurlaritzaren Milango bulegoa prest, nazioartekotzea sustatzeko.
xabier martin
2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze plan estrategikoak beste urrats bat egingo du gaur: Milango bulego komertzialak ateak irekiko ditu. Avanti, beraz, beste euskal enbaxada komertzial batekin. Jaurlaritzaren kanpo sarearen hamazazpigarrena izango da Milangoa, eta euskal enpresen nazioartekotze prozesuak lagunduko ditu gobernuak estrategikotzat jotzen duen merkatu batean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek 1.100 milioi euroren baino gehiagoren esportazioak egin zituzten aurreko urtean, Italiara. Euskal esportazioen bosgarren jomuga da, ez alferrik, euroguneko hirugarren ekonomiaren merkatua, eta Jaurlaritzak erabaki du oinarrizkoa dela Milango zentro industrialean egotea, iazko apirilean Londresen egotea erabaki zuen moduan.

Basque Country-ren izenpean, Italian zabaldu nahi duten enpresak lagunduko ditu bulegoak. Euskal industriarentzat funtsezko merkatua da, batik bat makina-erremintaren eta galdategi, altzairu eta aluminio manufakturen sektoreentzat.

Hain zuzen, bihar Danobatek Piamonten zabaldu duen instalazioaren inaugurazioan ere izango da Jaurlaritzaren ordezkaritza. Horrez gain, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, besteak beste, bilerak egingo ditu Sergio Chiamparino Piamonteko presidentearekin eta Alessandro Mattinzoli Lombardiako Ekonomiaren Garapenerako ministroarekin.

Italiak baditu antzekotasun esanguratsuak euskal merkatuarekin, baina, aldi berean, Lakuak uste du «aukera handiak» eskaintzen dituela. Basque Trade & Investment Milan bulegoa Regur Visconti di Modrone eraikinean egongo da, hiri erdigunean, Milango katedraletik eta Duomoko plazatik hamar minutura, oinez joanez gero.

SPRI eta Lakuaren nazioartekotze zerbitzu guztiak BTI Euskadiko Nazioartekotze Agentziak hartu ditu aurten; 22 milioi euroko aurrekontua dauka, eta 30 langileko taldea. Kanpo sarean beste hemeretzi profesional dauzka, eta lantaldea handitu egingo da Milango bulegoaren ekarpena dela eta. 2017-2020ko Nazioartekotze Plan Estrategikoaren mugarria da Euskadiko Nazioartekotze Agentziaren sorrera. Aurreko epearen datuek (2014-2016), berriz, argi erakusten dute gero eta gehiago direla beren produktuak atzerrian saltzen dituzten euskal enpresak. Esportatzaile txikien kopurua %16 handitu da azken lau urtean, izan ere; eta esportatzaile handiena (50 milioi euro baino gehiago) %18 handitu da. Barne merkatuak pisu pixka bat hartu du krisiaren osteko susperraldiak bultzatuta, baina krisia mugarria izan da euskal enpresen nazioartekotzean. Jaurlaritzak badaki euskal manufakturak mundu zabalean saltzen direla gaur egun, eta Espainiako merkatuaren menpekotasunaren zama asko arindu dela. Joera hori indartzeko helburua dauka kanpo sarea indartzeak, esaterako Milango bulegoaren bidez.

Lehiakideen etxean

Italiaren ekonomia gogor jo du krisiak 2007tik, eta %9 uzkurtu da haren BPGa; hamahiru hiruhileko segidan egon zen atzeraldian, 2015eko lehen hiruhilekora arte, eta ordutik hazkundearekin egin du aurrera urtez urte, hazkunde arinak izan badira ere, %1 etik beherakoak. Edonola ere, Milanen euskal industriari laguntzeko bulego bat irekitzea lehiakideen etxean irekitzea da, neurri handi batean. Izan ere, Italia Europako makineria ekoizle lehiakorrena da, Alemaniaren atzetik. Italiako kimika eta farmazia sektoreak Europako hirugarrenak dira, halaber. Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren ekonomiaren antzekotasun batzuk egoteak sinergiarako aukerak eman ditzakeela uste du Jaurlaritzak. Aeronautikan, bioteknologian, fabrikazio aurreratuan, robotikan eta beste hainbat esparrutan elkarlana egon daitekeela aurreikusi dute BTIn.

Zehazki, Lombardian 4.0 industriaren aldeko apustu sendoa egin dute, eta Bresciako eremuan beren hub-a egiten ari dira fabrikazio aurreratuaren inguruan. Zenbait herrialdetako klusterren arteko elkarlana susta daitekeela uste du Ekonomiaren Garapeneko Sailak. Baina merkatu helduak dira Italiakoak, bai altzairuan, bai plastikoan, bai kautxuan, oso lehiakorrak, eta edozeinek ez du lortuko merkatu horietan aukerak aurkitzea. Euskal kluster batzuek, ordea, aeronautikako Gaiak eta ontziolen Itsas Foroak adibidez, emaitza onak lor ditzakete Milango bulegoaren bidez beren presentzia handiagotzen badute.

Horiek horrela, Italiak bere izaera bereziari eutsi dio gaur arte, eta Italia Italia dela esan daiteke, baita negozioak egiteko moduan ere. Ez alferrik, Doing Business txostenak 46. lekuan ipini du negozioak egiteko erraztasuna neurtzen duen 160 herrialderen rankingean. Eraikitzeko kudeaketan, adibidez, 96. dago, eta kontratuen betetzean, 108. lekuan. Begien bistakoa da Milango bulegoak aholkularitza rol garrantzitsua joka dezakeela Italiara jotzen duten euskal enpresei begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.