Mundu bat makina BECen

Makina-erremintaren Biurtekoaren jarduera biziak errekorrak hautsiko dituen ustea indartzen ari da egunotan; enpresa gehienak pozik daude ahalezko bezero emariarekin. Bihar amaituko da BIEMH, Barakaldon, «euskal industriaren bihotza» osasuntsu dagoelako mezua helarazita.

Robot eta makina sofistikatuen artean ibiltzen da bisitaria egunotan, BECen. ASIER CAMACHO FERNANDEZ.
xabier martin
Barakaldo
2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Ez da beste azoka bat BECen, hori ere baden arren. Makina-erremintaren biurtekoak euskal industriaren indarra neurtzen du, ekonomiaren aldartea. BEC mundu bat makina da egunotan, makina bat bisitari. Ekoizpenaren geroaren plaza izaki, sektoreak bere onena ateratzen du agertokira: azkarrago, hobeto eta eraginkorrago ekoizten duten makina belaunaldi berri bat. 4.0 industriaren bedeinkapenak jasota, fabrikazio aditiboa, laser bidezkoa, eta digitalizazioaren muturreko teknologia erakusten dute enpresek standetan, bertatik bertara.

Makinen metropolian elkarrekin bizi dira sektorean lan egindako erretiratuen jakin-mina eta kontinenteko antipodetatik joandako ahalezko bezeroen interesa. Hernaniko erretiratu lagun talde bat Itziarko GER enpresaren postuan geratu da. Artezteko makina karenatu bat ezagutu nahi dute, eta Mitxelenan aritu zireneko garaiak gogoratu. Lanabesak diseinatzen hasi zen lehenetarikoa da GER Euskal Herrian, jatorrian Elgoibarren. Zayer, Ibarmia, DanobatGroup, EtxeTar eta beste erraldoien pabiloian dauka bere azken obra. «Mota guztietako artezte makinak egiten ditugu, material gogorra zorroztasun gorenarekin egokitzeko», dio Salva Zubizarreta esportazio arduradunak. Salmenten %90 atzerrian egiten ditu GER-ek, «gehienak Europan». Sektorearen batez bestekoan dago, alegia. «Familiako enpresa izan da beti gurea; orain 56 gara lantaldean».

Mundura begira

Autogintzan, trengintzan, aeronautikan... GER-en makinak sektore askotan erabiltzen dituzte. «Salmenta aldetik ez dira emaitza zuzenak ikusten biurtekoan, gure kasuan behintzat, baina zerbait esateko duenak hemen egon behar du», dio GER-eko kideak. Makina garestiak dira ez alferrik, balio erantsi handikoak, eta salmentak prozesu luzeak izaten dira sektorean. «Makinen beharra duena hona etorriko da egunotan, seguru».

Zayerrek metro koadro ugari gorde ditu beretzat. Beharko, aeronautikarako diseinatutako makina erraldoi bat dauka ikusgai eta; Bielorrusiako enpresari talde bat eseri zaio mahaian. «Munduko edozein lekura saltzen dugu. Ikusten duzun honek [makina handiak] fresa lanak egiten ditu, baina torneatu ere bai», dio Alejandro Grandes komertzialak. Bi metroko diametroko piezak landu ditzake. Barakaldora hegazkin motor pieza handi bat eraman dute eredu gisa. «Mikran neurtzen den zorroztasunarekin egiten du lan; ez dago okerrerako tarterik». Gasteizen diseinatzen eta fabrikatzen du Zayerrek.

Industriaren bihotza

BECeko bigarren pabiloiak metal eta polimero diseinu modernoen hiri baten itxura dauka. Biurtekoak sei pabiloiak bete ditu aurten, eta erdiko korridore nagusian ere, jarduerak ez du etenik; WORKinn enpleguaren azoka inauguratu dute halako batean. Kontraesana ematen du, baina makinen artean giza berotasun handia sumatzen da. Ekitaldi horretara joan aurretik Xabier Ortueta AFM klusterreko zuzendaria bahitu du une batez BERRIAk enpresari talde handi batetik aterata. «Azken hamar urtetako erakusketa ederrena da hau, ikusgarria», dio pozarren. «Ekoizleen ahalegina izugarria izan da urteotan, eta lan horren isla da ikusten ari garen hau. Hirugarren egunean gaude, eta ikusten duzu nola dagoen BEC, jendez lepo, baita korridore nagusian ere». Eta enpresek zer? Lortzen ari ote dira nahi dutena? «Operazio asko egiten ari dira. Salmentak ez dira berehala egiten, baina bezeroekin hitz egiten hastea oso garrantzitsua da», dio Ortuetak. Eta aurtengoaren neurria nabarmendu du berriro. «Gorriak ikusi ditugu iraganean, eta, orain, azoka honekin gozatu egin behar dugu. Industriaren giharra baino gehiago bihotza da makina-erreminta, hura gabe ez baitago ekoizpenik, ez aurreratua, ez bestelakoa».

Bihar bukatuko da BIEMH, eta 30. aldiak errekorrak gainduko dituela berretsiko dute antolatzaileek, seguruenera. Izan ere, mundu osoko 1.700 enpresak parte hartu dute, eta 144 enpresa 347 berritasun erakusten ari dira 40.000 bisitariri baino gehiagori. 150.000 harreman komertzial espero dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.