Berrehun lagun inguru bildu ziren fundazioaren aurkezpenean. Modu batean edo bestean guztiek pairatu dute estatuen indarkeria, «legezkoa edo legez kanpokoa». Tiroketa batean, espetxean , erbestean, errepidean... hildakoen senideak, torturatuak. Askotarikoa da fundazioko kideen tipologia. Herenegungo aurkezpenean hauek egon ziren lehen lerroan:
•Julen Arzuaga (Areta-Laudio). Abokatua da. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako sumarioan epaitu, eta absolbitu egin zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean. Giza Eskubideen Behatokian aritzen da lanean, besteak beste.
•Bixen Mujika (Ordizia). Juanra Aranbururen alarguna da. 1989an hil zen Aranburu, Cabo Verden, deportatuta zegoela.
•Alain Berasategi (Arbizu). 2009ko uztailean zazpi orduz bahituta eduki zuten poliziek. Torturatu egin zuten. Mehatxuak eta irainak egin zizkioten, eta kolaboratzeko eskatu.
•Karmen Galdeano (Algorta). Xabier Galdeano kazetariaren alarguna. Galdeano 1985ean hil zuen GALek, Donibane Lohizunen.
•Unai Romano (Gasteiz). 2001eko irailean atxilotu eta inkomunikatu egin zuen Guardia Zibilak. Tortura gogorrak salatu zituen handik ateratzean, eta aurpegia erabat puztutako argazkiak ere erakutsi zituen.
•Aitziber Berrueta (Iruñea). Angel Berruetaren alaba. Valeriano Peña poliziak eta haren seme Miguel Josek hil zuten Berrueta, okindegian lanean ari zela. 2004ko martxoaren 11ko atentatuen egiletzat ETA jotzen zen kartel bat jartzeari uko egin ziolako hil zuten.
•Karmelo Arregi (Oñati). Susana Arregiren neba. Susana Arregi eta Jon Lizarralde etakideak hilda agertu ziren Irunberrin, 1990eko ekainean. German Rubenach kidea larri zaurituta agertu zen. Hark kontatu zuen Guardia Zibilak atxilotu, torturatu eta hil egin zituela. Bezperan tiroketa izan zuten Guardia Zibilarekin, eta Jose Luis Hervas agentea hil zen.
•Idoia Muruaga (Santurtzi). Igor Anguloren bikotekidea. Angulok bere buruaz beste egin zuen 2006an, Cuencako espetxean (Espainia). Kartzela hartako euskal preso politiko bakarra zen.
•Andoni Txasko (Kanpezu). 1976ko martxoaren 4an larri zauritu zuen Poliziak. Martxoaren 3ko biktimen elkarteko kidea da.
•Elena Bartolome (Bilbo). Josu Muguruzaren alarguna. Muguruza 1989an hil zuten, tiroz, Espainiako Kongresuko inbestidura saioaren bezperan. HBko diputatu aukeratu zuten herritarrek, eta gainerako hautetsiekin batera afaltzen ari zen hil zutenean.
•Jose Luis Gurrutxaga (Errenteria). Egoitz Gurrutxagaren aita. Gurrutxaga 2002an hil zen, Bilbon, Hodei Galarragarekin batera, gainean zeramaten bonba bat lehertu zitzaienean. ETAko kideak ziren.
•Maiana Bustinza (Baiona). Jose Miguel Bustinzaren alaba. Bustinza Bilbon hil zen, 1997an, Gaizka Gaztelumendirekin batera Guardia Zibilarekin tiroketa izanda. ETAko kideak ziren.
•Txomin Olaetxea (Leitza). Amparo Arangoaren bikotekidea. Arangoa 1976an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Leitzan, Franco diktadorea hil eta hilabete batzuetara. Tortura gogorrak jasan zituen aurrena Leitzako polizia etxean eta gero Tolosakoan. Zeruko argiak haren gorpu ubelduaren argazkiak kaleratu zituen, eta mundu osoari buelta eman zioten.
•Muxi Mariñelarena (Arbizu). Peio Mariñelarenaren arreba. Mariñelarena Parisko La Sante espetxean hil zen, 1993an. Gaixo zegoen, larri, eta ez zuen behar bezalako zaintza medikorik izan.
•Izaskun Iantzi (Urnieta). Gurutze Iantzi zenaren ahizpa. Iantzi 1993an hil zen, Madrilgo Tres Cantos polizia etxean. HBko zinegotzia zela atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta handik bi egunetara hil zen, inkomunikatuta zegoela, tortura zantzu nabarmenekin.
•Carmen Antia (Donostia). Montxo Martinezen ama. ETAko kidea zen Martinez, eta Madrilen hil zuten, 1975ean, ezkutatuta zegoen etxebizitzan.
•Antonia Manot (Zarautz). Jon Paredes Txikizenaren ama. 1975eko irailaren 27an hil zuten Txiki, fusilatuta. ETAko kidea zen, eta Angel Otaegi taldekidearekin zein Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena FRAPeko kideekin batera fusilatu zuten, hiltzera kondenatu ostean. Erregimen frankistan fusilatuta hil zituzten azken bost pertsonak izan ziren.
•Ainhoa Gonzalez (Hernani). Kontxi Santxiz zenaren alaba. Santxiz Hernanin hil zen, 2004an. Manifestazio batean bildutakoen kontra oldartu zen Ertzaintza, eta tentsio giro hartan bihotzekoak jota hil zen Santxiz.
Errealitate baten lekuko zuzenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu