Palestina. Emakumeen mugimendua (eta V)

Muga fisikoak eta burukoak

Okupazioak pertsona barrutik haustea du helburu; muturreko egoera bat da, eta gizarteko harreman guztiei eragiten die. Erresistentzian aritutako bi emakume palestinarrek euren esperientzia kontatu dute.

Samara Velte.
Ramallah
2014ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Periferiaren periferiatik mintzo da Soraida Hussein: emakumea da gizarte patriarkalean; arabiarra, Mendebaldeak agintzen duen munduan; eta palestinarra, Israelen okupaziopean. «Egoera honek gizarteko kultura osoari eragiten dio, etxe bat eraisten dutenean etxeko harreman guztiak aldatzen diren bezalaxe».

Palestinako Emakumeen Batzorde Teknikoko zuzendaria da Hussein. Okupazioko eskubide urraketek emakumeengan duten eragina aztertu du: «Giroa itogarria da. Leku guztietan ikus daitezke soldaduak, eta maiz gertatzen dira erasoak. Jende gehiena zain bizi da, eta badago halako abandonu sentsazio orokor bat». Haren ustez, emakumeak beti irudikatzen du gizarte baten statu quo: «Hasteko, okupazioaren muga fisikoak dituzu; baina baita burukoak ere, beste horietatik datozenak». Gazan, nabarmena da: «Jende gehiena ezin da inoiz irten. Pentsa: Gazan jaiotako neska gazte bat zara; beti jende berbera ikusten duzu, beti ohitura berberak. Gatazka geografikoa buruko kartzela bihurtzen zaizu: ez duzu ulertzen nola joan daitekeen norbait bikinian hondartzara, edo bikoteek nola musukatu dezaketen elkar kalean. Soilik zure inguruan dagoena ulertzen duzu».

Emakumeen jabetzea sustatzea zaila da testuinguru horretan, mugimendu feministaren orain arteko lorpenak arriskuan jartzeraino: «Okupazioak patriarkatua indartzen du, emakumeok gehiago biltzen gaituelako gure baitara. Helburua pertsona barrutik haustea da, gure ezintasunaz ohartaraztea: ezin dugula sinetsaraztea. Orain, emakumeen eskubideen garrantziaz konbentzitu behar dugu berriz jendea; bestela, esango digute beste lehentasun batzuk dituztela».

Emakumeen mugimendu antolatuak historia luzea du Palestinan, baina sarri nazio askapenerako mugimenduak xurgatu ditu haien ahaleginak. Emakumeen Sindikatu Nagusiko Suha Barghoutik hasperen batekin laburbildu du egoera: «Batzuetan, oso argiak dira emakumeen eskubideei dagozkien aldarrikapenak, baina beste batzuetan lanpetuegi gaude okupazioari aurre egiten». Husseinen ustez ere, ezin bereizizkoak dira emakumeen mugimendua eta nazio askapenekoa: «Gutako bakoitzak okupazioaren aurka daukan borroka bizitzaren zati bihurtu zaigu. Naturala da: hemen bizi gara, eta duintasunez bizi nahi dugu. Ni bihar banoa bizitza honetatik, baina gutxienez zentzu pixka bat daukan zerbait utzi nahi dut bertan».

Lehen Intifadaren oinarria

Palestinako mugimendu feminista 1980ko hamarkadaren erdialdera hasi zen eskakizun politiko eta sozialen arteko orekari arreta ipintzen. «Ohartu ginen ez zela posible emakumeen eskubideez ez hitz egitea; beraz, auzo eta errefuxiatu guneetara jo genuen, emakumeen eskubideei eta osasunari buruzko kontzientzia pizteko». Horren aurretik, erabat politikara begira egiten zuten lan. «Emakumeen lau batzorde nagusi zeuden, bakoitza alderdi ezkertiar bati lotuta. Gure helburua horixe zen: emakumeak bizitza politikorako prestatzea. Ez soilik okupazioari aurre egiteko; baita gizarteko antolaketa sendotzeko ere».

Tentsio politiko handiko garaiak ziren; Lehen Intifada lehertzear zen, eta herri mugimendu guztiek hartan kontzentratu zituzten indarrak. «Ez geneukan aginte palestinarrik. Israelgo Gobernuak sarri ezartzen zuen etxeratze agindua, eta ikastetxeak ixten zituen aldiro-aldiro. Beraz, herri batzordeetan antolatu ginen», oroitu du Barghoutik. Auzo bakoitzak zeukan berea; elikaduraz, osasunaz eta hezkuntzaz arduratzen ziren. Eta haien atzean, nagusiki, emakumeak zeuden: «Burujabe izaten hasi ginen: kooperatibak antolatu genituen haurrei hezkuntza alternatiboa emateko, eta etxean jakiak prestatzen genituen bisitariei saltzeko. Alde batetik, zaila zelako ezer erostea etxeratze agindua indarrean zegoen bitartean; eta, bestetik, Israelgo produktuei boikota egin nahi genielako».

Lanen banaketan, ohiko genero rolei eutsi zieten gehienetan; emakumeak etxean eta zaintzan, eta gizonezkoak kaleko istiluetan. Ezkerreko alderdietan begi onez ikusten zuten emakumeak antolatzea, baina ez zieten gehiegi lagundu: «Ez zegoen emakumeoi lana errazteko logistikarik, ezta haurtzaindegirik ere. Emakumeen batzarrak umez beteta egoten ziren beti, ez genekielako haiek nora eraman. Ez zen erraza politikan parte hartzea». Hala ere, Intifadan izandako rolak balio izan zuen hainbat emakume ren jabetzea bultzatzeko. «Astero, komunikatuak zabaltzen ziren, hurrengo astean egin beharrekoaren berri emateko», azaldu du Barghoutik: «Emakumeek lan handia egin zuten horretan. Familiek alabei gauez irteten uzten zieten, hormetan Intifadarako jarraibideak idazteko: 'Boikota Israelgo produktuei', edo 'Manifestazioa hurrengo astean'. Hainbat emakumek borroka armatuarekin ere egin zuten bat».

Instituzioak eta GKEak

1990eko hamarkadatik aurrera, baretzen hasi zen egoera. Intifadan aritutako emakumeek egungo erakundeak oratu zituzten; gehienetan, alderdi politikoei lotuta. Al-Fatahek ere sortu zuen bere batzordea, eta aldarrikapen feministak agenda politikotik urrunduz joan dira ordutik. Gaur egun, emakumeen aldeko ekinbide gehienak gobernuz kanpoko erakundeen esku daude. «Ondo ari dira, baina arazo bat dute: soilik eliteekin egiten dute lan», nabarmendu du Barghoutik. «Emakumeen mugimendua alderdi politikoekin lotuta zegoenean, 15.000 emakume zeuden antolatuta, zuzenean herritarrekin egiten genuelako lan; gaur egun, ehunka batzuk baino ez dira. GKEek badituzte zenbait programa, baina denbora gehiago igarotzen dute hegazkinetan, Palestinan baino».

Bi feministen arabera, «fundamentalismo islamikoa» ari da indarra hartzen herritarren artean; besteak beste, okupazioarekiko erreakzio gisa sortu den protekzionismotik elikatzen delako. «Botere lehia nagusia Hamas eta Al-Fatahen artean dago: fundamentalismo islamikoaren eta eskuineko alderdi baten artean», azaldu du Barghoutik: «Herritarren artean daude, gu duela urte batzuk geunden bezala. Horregatik, orain ez diogu soilik okupazioari aurre egin behar; gizarteko ideologia nagusia ere borrokatu behar dugu». Hori gutxika lortu asmo dute, kultura aldaketa eragiten duten ekinbide txiki baina seguruen bidez: hezkuntzatik, eta emakumeen jabetzea sustatzeko proiektuen bidez.

2000ra arte, hainbat lorpen egin zituzten instituzioetan: «Genero indarkeriaren aurkako estrategia nazionala onartu zuten, baita protokolo bat eta familia babesteko legeak ere. Hauteskundeetan emakumeen gutxieneko kuotak ezarri zituzten, eta uneren batean zortzi emakumezko diputatu izan genituen».

Gero, Bigarren Intifada iritsi zen. «Inposatua izan zen», dio Barghoutik: «PANek babestu zuen, eta armak banatu zituen; ondorioz, altxamenduak herri izaera galdu zuen. Uste dut gure rola, emakume gisa, askoz handiagoa izan zela Lehen Intifadan». Haren ostean, Israelek areagotu egin zuen errepresioa. «Armadak eraso egin zuen, eta [Jasser] Arafat bahitu zuten», ekarri du gogora Husseinek: «Gure barruan ere zerbait hautsi zen, ahal dugunarekin eta ezin dugunarekin zerikusia daukan zerbait. Hutsetik hasi behar izan genuen berriro. Orain, jendea ezkorragoa da, eta gehiago kritikatzen gaituzte».

Mendebaldeko ikuspegia

Etxean ez ezik, kanpora begira ere ika-mikak izan dituzte Palestinako feministek. Nazioarteko —eta, bereziki, Mendebaldeko— hainbat mugimenduk emakumeen eskubideak bigarren planoan uztea egozten diete. «Munduko parte honetako emakumeok badakigu nola begiratzen diguten», dio Husseinek: «Ideia kolonial batetik hitz egiten dute sarri gutaz, eta estereotipoak elikatzen dituzte: zapalduta gaudela, zapia erabili behar dugula...». Barghoutirentzat, testuingurua ahazten dute maiz: «Niri ez didate balio Herbehereetako edo AEBetako diskurtso feministek. Emakumeak preso dauden leku batekoa naiz; batzuk eskuburdinak ipinita edota kontrolguneetan erditzen dira; eta beste batzuek ezin dute seme-alabentzako esnerik lortu blokeoaren erruz. Testuinguru horretan, ezin dut sexu langileen eskubideei buruz hitz egin; onartezina zait. Emakumea naiz, eta nire eskubideen alde egiten dut leku guztietako emakumeek bezala, baina bakoitzak bere lehentasunak identifikatu behar ditu». Palestinan, lehentasuna okupazioa da: «Berdintasunari buruz bakarrik hitz egitea ez da nahikoa. Ez naiz borrokatuko zapaldutako gizonen parekoa izateko».

Husseinen ustez, okupazioak gizonezkoengan duen eragina ere ez da nahikoa aztertu: «Zailagoa da haiekin hitz egitea: dezente sufritzen dute. Gizonarengandik ahuldaderik ez erakustea espero duen gizarte batean urratzen dizkiete eskubideak, eta horrek krisian ipini du maskulinitate eredua: euren rola ezin dutela bete sentitzen dute, eta amorru hori aise bihur daiteke emakumeen aurkako indarkeria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.