Ehunka esatea gutxi litzateke; milaka artista pasatu da Artelekutik. Baina bakar bat izan zaio fidel 27 urtez Donostiako Txomin Enea auzoko arte zentroari. Artelekuri atxikitako artistarik izan baldin bada, hori, dudarik gabe, Don Herbert da (Detroit, AEB, 1942). Banatu egin dira, hala ere, 27 urteko uztarketa estuaren ondoren, Arteleku eta bere artistarik fidelena; ez, gainera, bake giro harmoniatsuan. Txomin Eneko eraikina itxita dago dagoeneko, eraitsia izateko prest, eta Donostiako Parte Zaharreko Santa Teresa komentua izango da aurrerantzean Artelekuren gune nagusia. Litografia estudioa, ordea, Debako Arte eta Ofizioen eskolara eramateko asmoa dute, baina ez dakite noiz izango den funtzionamenduan, ezta nor izango duen gidari ere. Don Herbert minduta dago, Artelekuren egungo arduradunek berari ezer esan gabe hartu dituztelako erabaki guztiak.
«Ez didate ezertarako deitu», kexu da Herbert. «Debara eraman behar dute makina [torkuloa], baina makina desmuntatzeko eta berriro muntatzeko gai den pertsona bakarra ni naiz. Gainera, litografiak espazio berezi bat eskatzen du. Ingurumen aldetik, tenperatura aldetik, sabaien alturari dagokionez, leihoak… Dena kontrolatu behar da. Material toxiko asko erabiltzen da, eta oso baldintza bereziak behar dira».
Arte zentroa ireki berria zela muntatu zuen litografia estudioa Herbertek. Madrilen arte grafikoetako estudioa zeukan garai hartan, Guillermo Chamorrorekin batera, eta, 1987ko martxoan hasita, bere jakinduria eta bere kontaktuak baliatuta lortu zuen Artelekun litografia estudioa gehiegizko gasturik gabe eta bereziki azkar muntatzea. Urte bereko maiatzean, ekainean eta uztailean zuzendu zuen aurreneko tailerra. Gero urteen joan-etorrian zuzenduko zituen ezin konta ahala tailerren aitzindaria.
«Jende ona zegoen Artelekun hasierako garai hartan», oroitu du Herbertek. «Zerbait diferentea zen, oso askea, zoro samarra. Ni oso ondo sentitzen nintzen. Gauza berria zen. Inork ez zekien zer zen arte zentro bat. Astean lau egunez, goizez estanpatu egiten nuen, eta arratsaldez, eskolak eman. Madrilen hiru egun eman, eta igande gauean hona itzultzen nintzen». Madril utzi eta Euskal Herrira etortzea erabaki zuen hilabete batzuen buruan. Trintxerpen (Pasaia) bizi izan zen lehenik, eta Donostiako Loiola auzoan gero. «Bolada batean Artelekun lo ere egiten nuen, koltxoi bat jarrita». Harrezkero, bertan lo ez eginagatik ere, bigarren etxea baino gehiago izan da Arteleku Herbertentzat.
Ikasle izandakoen omenaldia
Herberten lanaren emankortasunaren froga da Artista larrugorri, haren ikasle izandako 22 artistak 2005ean maisuaren omenez Artelekun egin zuten litografia erakusketa kolektiboa. Jose Ramon Amondarain, Juan Luis Goenaga, Iñaki Grazenea, Koldobika Jauregi, Manu Muniategiandikoetxea, Andres Nagel, Dora Salazar, Jose Luis Zumeta eta Ramon Zuriarrain zeuden 22 artista horien artean. Rafael Ruiz Balerdi eta Vicente Ameztoirekin ere lan egina zen, baina haiek hilak ziren ordurako. Bernardo Atxagaren Written in USA poemaren kopia litografiatu bat ere izan zen ikusgai erakusketan. Artistetako asko eta Atxaga erakusketaren inaugurazio ekitaldian izan ziren.
Litografiako maisu ez ezik, artista estimatua ere bada Herbert, pintorea funtsean. Duela lau urte 25 lanez osatutako bakarkako erakusketa bat egin zuen, Don Herbert, esku pausatua 1975-2010, Koldo Mitxelena kulturuneko ganbaran. Hurrengo urtean, 2011ko azaroan, Herberten obraren zati handi bat suntsitu zuten Artelekuren eraikinaren behealdea bete-betean harrapatu zuten uholdeek.
Tarteka litografia tailerrak zuzentzen jarraitzen du. Valentzian izan zen, zeregin horretan, iragan otsailean, eta aurki Bilbora joateko da. Baina Artelekuren itxierak inori barruan hutsunerik utziko baldin badio, inor hori, dudarik gabe, Don Herbert da, milaka artista pasatu den arte zentroa 27 urtez bere bizitzako gune nagusi izan duen artista eta litografia maisua.
Artelekuri atxikitako artistarik izan bada…
Don Herbertek 27 urtez zuzendu ditu Artelekuko litografia estudioko tailerrak. Harremana eten egin da, ordea. Estudioko makina Debara eramateko asmoa dute, eta ez dakite noiz izango den funtzionamenduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu