Donostiako 60. Zinemaldia

Espero ez duzunean, bizitza

«Gelditasunaren» plazeraz, gaztaroaz eta zahartzaroaz, arteaz, edertasunaz mintzo da Fernando Trueba 'El artista y la modelo'-nZuri-beltzean eta frantsesez osatutako filma da, eta 1943an kokatu du, Frantzian

Chus Lampreave, Aida Folch, Fernando Trueba, Claudia Cardinale eta Jean Rochefort, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Marc Cros (Jean Rochefort) zaharkituak ez dauka konfiantzarik gizakiarengan. Ospe handiko artista bat da, baina jada ez du eskulturarik egiten. Ez dauka gogorik. Atsekabetuta dago. 1943. urtea da, II. Mundu Gerra ez da amaitu oraindik, eta naziek okupatuta daukate Frantzia. Han bizi da, Pirinioen altzoko herri txiki batean, Lea emaztearekin (Claudia Cardinale). Baina egun batean, derrepentean, Kataluniatik alde egin behar izan duen Merce (Aida Folch) izeneko neska gazte bat agertuko da. Crosek eta emazteak ostatu emango diote, eta, bide batez, artistarentzat modelo lanak egiten hasiko da. Biak dira Fernando Truebak zuzendutako El artista y la modelo filmeko protagonistak. «Bizitza amaitzen ari zaiola uste duenean, espero ez duen betetasun une bat biziko duberriro artistak», azaldu zuen Truebak atzo prentsaurrekoan. Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko da, eta «gelditasunaren» plazeraz, gaztaroaz eta zahartzaroaz, arteaz eta edertasunaz mintzo da. Zuri-beltzean eta frantsesez filmatu du.

Gogotik txalo egin zioten ikusleek pelikulari atzo Kursaalean. Prentsa aretoan ere harrera beroa egin zitzaien Truebari eta filmeko aktoreei. Artistaren bueltan hezurmamitzen da zuzendari espainiarraren azken lana, eta artisten eta artisauen arteko aldeaz galdetu zioten, hasteko. «Artista izateko, artisaua izan behar duzu. Artistarena beti izan da ofizio apala. Eskuak erabiltzen dira, begiradak...». Uste du gaur egungo arte eskoletako ikasleei «Marcel Duchamp» izaten irakasten zaiela, «baina ez margotzen». «Ez diete irakasten zikintzen». Cros, ordea, zikintzen diren horietakoa da.

Truebaren ustez, depresio handi batek jota zegoen Cros. «Ez dago heriotzatik urrun, baina Merceren agerpenak aldartea aldatuko dio. Une magiko hori kontatzen du pelikulak». Bere azalpenetan urrutirago joan zen Rochefort: «Artea behar bat da. Historiaurretik existitzen den zerbait da. Iruditzen zait film hau bizitzari egindako ereserki bat dela». Truebaren «gogoetetarako anaia» izan da aktore frantziarra.

Claudia Cardinalek jokatu du Crosen emaztearen rola. Berak erreparatuko dio Merceri, atari batean botata dagoenean. Aktore italiarrak gogoratu zuen Rochefortekin lan egindakoa zela, 1962an, Philippe de Brocaren Cartouche-n. Ez Cardinalek, ez Folchek ez zuten irribarrea galdu prentsaurreko osoan. Truebak, gainera, laudatu egin zuen italiarra: «Nire haurtzaroko eta nerabezaroko amodio platonikoa izan zen; bera zen esklusiboki». Folchek, berriz, zuzendaria goratu zuen. «Fernandok esaten du Billy Wilder Jainkoa dela berarentzat. Ba, niretzat, Fernando da Jainkoa». El embrujo de Shangai-n (2002) lan egin zuten aurrenekoz elkarrekin. Orduz geroztik zuzendariak «eboluzionatu» egin duela uste du Folchek. «Lehen, ume baten moduan tratatzen ninduen, eta orain, aktore bat bezala», bota zuen, txantxetan.

Chus Lampreavek ere deitu zuen prentsa aretoan bildutakoen arreta. Motel sartu zen, ibiltzeko zailtasun dezenterekin. Galdetu zioten ea zergatik hasten zen jendea barrez filmean agertzen zen bakoitzean. Zuzen eta azkar erantzun zuen: «Hori lortzen dut frantsesez gaizki hitz eginda». Learen neskamearena egin du.

Bost dira pertsonaiak, eta filmari patxada dario. Truebak azaldu zuen zergatik: «Gaur egun azkarregi goaz. Hamar segundo denbora gehiegi da. Hitz bat luzeeegia da. Hamar lerro baino gehiago irakurtzea balentria bat da. Nik erabaki dut azkartutako garai hauen arauak ez jarraitzea, eta inoiz gehiago ez irakurtzea gauza laburrik».

Orain dela hamasei urte hildako anaia eskultoreari eskaini dio filma. «Nik imitatu egiten nuen, miretsi, eta horregatik hasi nintzen filmak egiten. Gaur egun, berari esker naiz zinemagilea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.