Erbestearen neurria azaltzen

Erbestea hartu du ardatz Eñaut Elorrieta musikariak 'Deserriko kantak' bere bakarkako ibilbideko lehen lana osatzekoHainbat idazlek gaiaren inguruan idatzitako testuak baliatu ditu hamar abestiak sortzeko

Eñaut Elorrieta musikaria, atzo, Bilbon Deserriko kantak bere bakarkako lehen diskoaren aurkezpen ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2013ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
«Deserria da otsoak dauden basoetan sartzea eta otso gabeko basoetan ere bai». Joseba Sarrionandiak Propostas para a definiçao do exilio poeman erbesteari buruz eskaintzen dituen hamazazpi definizioetako bat da. Eta, hain zuzen ere, otsoz betetako edo batere otsorik gabeko baso horietan murgiltzea erabaki du Eñaut Elorrieta musikariak (Gernika, 1975). Orain arte ondoan izan dituen Ken 7 taldeko kideak gabe. Bakarrik. Deserria hartu du bere bakarkako lehen laneko ardatz gisa, eta bidea zaila egin zaiola aitortu du. Testuek erbestearen ertzetara eraman dezaten utzi duela, eta estuak izan direla bizi izandako une batzuk. Orain pozik dago. Gurutzatu du basoa, nolabait ere, eta harro dago egindako lanarekin. Dioenez, lehen harria da Deserriko kantak diskoa. Taldea utzi gabe ere, gehiago izango direla dio.«Bakarkako ibilbideari heltzeko asmoa dut; hau ez da izango zerbait noizean behingoa».

Oraindik diskoa barru-barruan omen du, eta zaila zaiola bertan diren hamar kantei buruz hotz aritzea. Handia izan da bere buruari jarri dion erronka, eta oraindik borroka horretaz guztiz libratu gabe dagoela dio. Arriskuak hartzeko beldurrik ez duela izaneta aske aritu dela. «Jende askok aipatu dit gauza bera. Ken Zazpirekin ongi doakidala eta ea zergatik egin dudan orain bat-batean disko bat kontzeptuala, literarioaeta kanta luzeak dituena. Baina oso zintzoa izan da nire apustua. Gaira eta kantuetara abandonatu dut neure burua». Prozesua emaitza bezain garrantzitsua izan dela dio. «Sekulakoa izan da nire barruari aurre egitea».

Testuak izan ditu abiapuntu, eta hainbat idazlerengana jo du horretarako. Deserriaren definizio eske. Sarrionandiarengana nagusiki. Hari hartu dizkio diskoko hamar kantetariko hiru abestiren hitzak. Baina izan dira gehiago ere, eta inguruan izan dituen literaturazaleengana jo du poema horietara heltzeko. Besteak beste, Harkaitz Cano, Unai Elorriaga, Bernardo Atxaga eta Eider Rodriguez idazleak izan ditu gidari. Eta haien prestasuna eskertu du Elorrietak. «Hasiera-hasieratik oso ongi hartu naute. Eta hori izan daiteke herri txiki bat izatearen abantailetariko bat: sortzaileenarteko gertutasun hori. Nik neure larruan sentitu dut».

Haien gomendioei esker heldu da Mario Benedetti eta Joan Oliver idazleengana. Harkaitz Cano, eta Lander Garrori ere kantu bana hartu die, Elorrietak berak idatzi ditu beste bi abestiren hitzak, eta Gabriel Arestiren Gure aitaren etxea poema ere musikatu du. Deserriari buruzkoak guztiak, baina deserriaren itzalgune ezberdinez ari direnak. «Diskoa amaituta, gelditu zaidan sentipena da deserri asko daudela. Prozesu honen ostean, aurretik deserriari sumatzen nizkion ertz horiek guztiak sentitu egin ditut. Kontzeptuaz ez dakit ezer berririk ikasi dudan, baina sentitu egin ditut deserri horiek. Niregan eragina izan dezaten utzi diet, eta sentitu ditut barruan eztanda egiten».

Zirrikitu bat esperantzarako

Hitzen inguruan sortu du musika. «Hitzetan oinarritutako disko bat da hau. Orain arte egin dudan literarioena. Eta musikarekin saiatu naiz hasierako hitz eta ideia hori babesten». Baina, era berean, musika da hitzei esperantzarako zirrikitu bat irekitzen diena: «Oso hitz gordinak dira, zorrotzak. Sentsaziorik ezkutukoenez ari dira, baina ez nuen musikalki dramatismoan erori nahi. Gauza horietaz era bare batean eta duintasunez aritu nahi nuen. Aurrera begira eta bidean jarraitzeko irrikarekin. Jarrera hori nahi nuen bilatu musikalki».

Non dago nire herria? ia zazpi minutu eta erdiko abestiarekin hasten da lana, Benedettiren hitzekin. Eta disko osoa gidatu duen jarreraren erakusgarri da abestia. «Musika izan da pixka bat hitzaren menpe. Noski, melodiak ere asko landu ditut. Baina ez neukan inongo mugarik, eta libre ibili naiz hitzetan sartu, bertan igeri egin, eta nora heltzen nintzen ikusteko».

Diskoaren kontzeptua nola, hala doaz abestien konponketak ere. Eta airean bezala utzi nahi izan ditu kantuak. Baxurik gabe. Erritmo markatuegirik gabe. Lurrera gehiegi lotu gabe. Deserri moduko batean. «Ezlekuaz dihardu diskoak, eta bilatu dugu kantuak etereoak izatea, eta hegan baleude bezala mantentzea, lurretik distantzia batera, ezlekuan egotearen sentsazio hori indartzeko».

Bi iturriren artean

Bikoitza da bere iturri musikala, Elorrietak berak azaldu duenez. «18 edo 20 urtera arte Euskal Herriko musika baino ez nuen entzun. Ez Dok Amairu, Errobi, Hertzainak.. horiek oso barruan dauzkat, eta nire parte dira. Berandu heldu nintzen kanpoko musika entzutera». Eta bi iturri horiek dira diskoan batu nahi izan dituenak.

«Oso melodia klasikoak erabili ditut kantak sortzeko. Gitarra eta ahotsa besterik ez dut erabili konposiziorako». Baina estudioan biluztasun hori galduz joan dira abestiak, eta Ruben Caballero gitarra jotzailea eta Txus Aranburu piano jotzailea izan ditu lagun horretan. «Oso gaur egungo ukitua eman diote, eta fusio bat sortu da nire melodien eta haien konponketen artean». Igor Telletxea bateria izan du ondoan kantak sortzeko orduan, eta kolaborazio sorta handia estudioan: Hasier Oleaga perkusio jotzailea, Arkaitz Miner mandolina jotzailea, Xabier Zeberio biolin jotzailea, eta Juan Felix Elorrietak ere ahotsa jarri du Itzulera II abestian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.