Dagoeneko ahaztu dute Txileko XVII. Goi Bilera Iberoamerikarrean gertatutakoa. Munduari bira eman zion «Zergatik ez zara isiltzen?» esaldi famatu hura atzean utzita, Hugo Chavez Venezuelako presidentea eta Juan Carlos I.a Espainiako erregea Mallorcan (Balear Uharteak) elkartu ziren atzo.
Espainiako errege-erreginen udako egoitzan, Mallorcako Marivent jauregian zuten hitzordua 10:30ean. Chavez, baina, ordubeteko atzerapenarekin ailegatu zen bilerara. Hala ere, Juan Carlos I.ak, irribartsu eta bostekoa luzatuz egin zion ongietorria.
Ikusmin handia sortu zuen Venezuelako presidentearen bisitak. Kazetari ugari hurbildu ziren Marivent jauregira Chavezen eta Espainiako erregearen adiskidetzearen unea zuzenean jarraitzera. Ahotsa jaso eta kazetariei begira «Zergatik ez gara hondartzara joaten?», bota zuen Chavezek.Goi bilerako ika-mika, itxuraz behintzat, ahaztuta dago. Espainiaren eta Venezuelaren arteko harremanen krisialdia gainditutzat eman zuten atzoko bisitarekin.
Harrera labur baten ostean, ordubetez egon ziren bilduta Chavez eta Juan Carlos I.a. Bilera amaituta, adierazpenik egin gabe, Madrilera (Espainia) abiatu zen Venezuelako presidentea. Izan ere, Europan zehar egin duen bira Espainian amaitu zuen atzo Chavezek. Mallorcan Espainiako erregearekin bildu ondoren, Madrilen zuen hitzordua Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearekin.
«Zergatik ez zara isiltzen?»
Joan den azaroan egin zuten Santiagon (Txile) XVII. Goi Bilera Iberoamerikarra, eta han hasi zen ika-mika. Juan Carlos I.a Espainiako erregeak hitz-jarioa moztu zion, haserre, Hugo Chavez Venezuelako presidenteari: «Zergatik ez zara isiltzen?», esan zion Juan Carlos I.ak Chavezi. Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente izandakoari «faxista» deitzeagatik eta Zapateroren jarduna eteteagatik. Munduari bira eman zioten irudi eta hitz haiek.
Goi bilera amaitzear zela, Zapaterori erantzuteko, hitza eskatu zuen Chavezek. Zapaterok lehenago azaldu zuen estatuek ezingo dutela aurrera egin, behin eta berriz, kanpoko norbaitek aurrerapena eragozten diela esateko argudioak bilatzen badituzte. Chavezek, ostera, nabarmendu zuen kanpoko eragileen eragina ezin dela gutxietsi. Bide batez, azalpenak ematen ari zela, «faxista» deitu zion Chavezek Aznarri.
Errespetua eskatuz erantzun zion Zapaterok, eta Chavezek orduan eten zuen haren jarduna. Orduan, pazientzia agortuta, bota zuen Juan Carlos I.ak bere esaldi famatuena.
«Zergatik ez gara hondartzara joaten?»
Iberoamerikako Goi Bileran haserre isilarazi zuen Espainiako erregeak, Venezuelako presidentea. Ordutik hona tentsioa izan da bi herrialdeen arteko harremanetan; orain, ordea, badirudi, ika-mika ahaztu dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu