Rafael Correa. Ekuadorko presidentea

«XXI. mendeko erronka nagusia da gizakia kapitalari gailentzea»

2006an irabazi zituen lehenengoz presidentetzarako hauteskundeak; presidente hautatu zuten berriz 2009an eta 2013an. Hugo Chavezen ondorengotzat eta Latinoamerikako ezker berriaren bozeramailetzat dute askok.

Berlin
2013ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Jokaleku politikoan sartu aurretik, Rafael Correa (Guayaquil, 1963) irakasle aritu zen Santiago de Guayaquilgo Unibertsitate Katolikoan eta Quitoko San Frantzisko Unibertsitatean, ekonomiako irakasle aritu ere, 2005era arte. Handik urtebetera, 2006an, Alianza Pais ezkerreko mugimendua sortu zuen, aberri subirano baten aldeko aliantza, eta bere gain hartu zuen haren buruzagitza. Orduan irabazi zituen, lehenbizikoz, presidentetzarako hauteskundeak ere.

Presidente jauna, oraintxe, krisiaren ondorioak jasaten ari dira Europako milaka herritar; batik bat, Zipren, Grezian eta Espainian. Zure gobernuak, berriz, ongi bizi kontzeptua du helburutzat. Nola bermatuko du gobernu batek ongi bizi ahal izatea?

Tira, ezin du bermatu, baina eman dezake aukerarik. Baina ez da nire gobernuaren kontzeptu bat, antzinako gure herrietatik datorkigu: aimara (Bolivia) eta kitxua (Ekuador) herrietatik. Kitxua herriarentzat, sumak kawsay da ongi bizitzea; horren arabera, duintasunez bizi behar da, ez da egunero gehiago lortu nahi izatea, naturarekin eta gainerako gizakiekin harmonian bizi behar da. Horregatik, Mendebaldeko eredu kontsumistaren kritika bat da. Eta horixe lortu nahian gabiltza, ezta? Gure jendea duintasunez bizi dadila, egunero gehiago izan gabe, baina Ekuadorko eta Latinoamerikako biztanle gehienek dituzten gabeziarik gabe.

Zuk esana da Europan oraintxe bizitzen ari direnaz nahikoa dakitela Latinoamerikan. Zer du ikasteko Europak Latinoamerikatik?

Krisitik lehenbailehen irten nahi baldin badugu, gizakiei eta krisialdian dauden Europako herrialdeetako herritarrei garestiago atera gabe, asko dago ikasteko Latinoamerikatik. Oinarri, ez egiteko guk egin genuena; guk hartu genituen neurrien bidez areagotu eta sakondu baino ez baitzen egin krisia. Zoritxarrez, horixe bera egiten ari dira hemen, Europan.

Europa prest al dago Latinoamerikaren iradokizunak entzuteko?

Krisitik ateratzeko irtenbideak, izenburu horixe proposatu ziguten Berlingo Unibertsitate Teknikoan eman beharreko hitzaldirako. Eta analogia bat ezarri genuen, Latinoamerikan jasan behar izan dugunaren eta Europan gertatzen ari denaren artean. Eta izugarriak dira antzekotasunak. 80ko urteen hasieran, zorrengatiko krisi bat izan genuen: nazioarteko kapital finantzarioari hala komeni zitzaiolako, eta gehiegizko likideziagatik, gure herrialdeei kreditua ezartzerainokoa. Eta etorri ziren Nazioarteko Diru Funtsaren neurri sortak, eta intentzio agiriak. Krisia gainditzeko ote? Ez! Zorra ordaintzea bermatzeko. Eta krisiak are luzeago jo zuen, hamar urtean ezin gainditzeraino. Ekuadorren, 90eko urteetan, 1976. urtekoen parekoak ziren per capita sarrera mailak.

Horregatik, berriro diot, halako neurriek krisialdia luzatu baino ez dute egiten, ez dutelako gizakia babesteko helbururik. Kapital finantzarioa itzultzea lortu nahi dute. Eta ikusi ahal izan dugunez, hutsegite berberak ari dira egiten Europan ere.

Orduan, beste elkarrizketa bat behar da iparraldearen eta hegoaldearen artean; zeintzuk izango lirateke horretarako foro egokiak? Nazio Batuek ez baitute horretarako balio.

Tira, Europako kontuak europarrek konpontzen dituzte. Baina hori ez da ekonomia politikoko arazo bat; gai politiko bat da, ez teknikoa. Gizartean nork agintzen duen, hori da arazoa. Eta ez gaitezen engaina: Ekuadorren ere kapitalak agintzen zuen —batik bat, kapital finantzarioak—, mundu guztian gertatzen den moduan. Nire ustez, XXI. mendean, horixe da gizateriaren erronkarik handiena: gizakia gailentzea kapitalari. Gizakia, baina, kapitala metatzeko beste bitarteko bat baino ez da bihurtu. Begira, bestela: gaur egun, ez dago herrialderik, merkatuak baizik. Eta dena dago kapitalaren mende.

Latinoamerikan, eskualdeko erakunde berriak sortu dira, hala nola Celac eta ALBA. Nola aldatu dute geopolitika, eta nola alda dezakete nazioarteko egitura finantzarioa?

Izugarrizko aldaketa ekar dezakete. Baina urratsez urrats joan behar dugu aurrera. Orain arte, asko aurreratu dugu. Unasurrek, esaterako, asko lortu du 2008tik honako garapen urteetan, aldi berean Europako Batasunak lortu baino askoz ere gehiago. Bizkor gabiltza, baina are eta bizkorrago ibili behar dugu. Izan ere, harrigarria da nola lortu zuten elkartzea 27 herrialdek, askotariko gai, kultura, politika, erlijio eta hizkuntzak gorabehera. Eta nola ez ginen elkartu, aldiz, Latinoamerikako herrialdeok, berbera izanik hizkuntza, kultura eta sistema politikoa; harrigarria, ezta? Orduan, izugarri egin daiteke. Esaterako, eztabaidatzen hasiak gara eskualdeko egitura finantzarioaren inguruan, eta ea aurki mamitzeko moduan garen. Zentzugabea da atzerriko dirua erabiltzea gure artean trukerako.

Oraintxe, beste fenomeno zentzugabe bat daukagu hegoaldean. Banku zentral autonomoak ziren baliabideetako bat, horiek kanpora bidaltzen baitzituzten eskualdeko funtsak. 400 mila milioi dolarrez ari gara, gu baino herrialde aberatsagoak finantzatzeko. Han, %0,5 ordaintzen dute interesetan. Eta guri, gero, %6-%7 inguruan mailegatzen digute diru hori bera. Ez du zentzurik.

Latinoamerikan bada ezker berriaren politika berri horren kontrako erresistentziarik ere. Estatu kolpe bat izan zen Hondurasen, beste bat Paraguain, hainbat ahalegin Ekuadorren, Venezuelan eta Bolivian... Litekeena al da Ezker Berriak ez lortzea adostasunik zuen gizartean?

Nola lortuko da adostasuna, mendeetako egitura hausten ari baldin bagara? Zeuk aipatu duzu: Latinoamerikan, mende honetan, gobernuak desegonkortzeko bost ahalegin izan dira; horietatik bik arrakasta izan zuten. Bost ahaleginak ere gobernu progresisten kontrakoak izan ziren, sekula ez eskuineko gobernu baten kontrakoak. Horrek adierazten du, argi eta garbi, zer gertatzen ari den. Gu gara arriskua. Demokrazia ona da, harik eta aldatzeko zorian dagoen arte. Latinoamerikako gobernu berrien bidez, herritarren erabateko babesa duten gobernu progresisten bidez, gauzak aldatzen ari dira azkenean. Latinoamerika ez zen paradisu bat lehen ere, ezta eredu sozial eta ekonomiko bat ere; bidegabekeria eta ustiapen izan dira, baina gauzak aldatzen ari dira, azkenean. Eta horrek, jakina, arerio handiak sortu dizkigu.

Komeni baldin bazaie, demokraziaren aldezkari handi dira; baina gauzak modu demokratikoan aldatzen ari baldin bagara, inolako beldurrik gabe erailtzen dituzte presidenteak, edo haiek eraisten ahalegintzen dira. Halako botereei aurre egin behar diegu, halakoak garaitu behar ditugu gure Amerikan. Eta hori ez dute ulertzen Europako eta Latinoamerikako jende askok.

Zuk diozunez, aldaketa politikoek arerio handiak sortu dizkizuete. Horrek azalduko al luke, halaber, egun hauetan Venezuelan ikusi duguna?

Venezuelako eskuinaren estrategia izan da beti, talde nazionalen eta atzerritarren babesarekin, alde txikiarekin irabaziz gero hauteskundeak zalantzan jartzea eta desegonkortasuna sortzea. Gogoan izan horretan ahalegindu zirela Hugo Chavezekin ere. Zorionez, emaitza hain handiak lortu zituen, porrot egin baitzien planak. Zoritxarrez, Hugo Chavez zendu zen. Joandako lagun min baten heriotzagatiko pena sentitzen dut. Baina zenduta dago. Eta, berriro ere, oposizioa bere helburua lortu nahian dabil.

Caprilesek dozenaka mila botoren aldeagatik lortu zuen Miranda estatuko gobernari izatea. Haren beraren argudioa erabilita, ez zuen irabazi.

Presidente jauna, hitz egin dezagun prentsaz. Izan ere, ezker berriko gobernu guztiak gatazka etengabean daude prentsarekin. Zergatik?

Baina nor da aipatu berri ditugun botere horien parte? Desegonkortzailerik handienak, kolpistak. Begira, bestela, zer gertatu zen Txilen, Allenderen garaian. Nor izan zen konspiratzailerik handiena? Mercurio egunkaria! Kontu horretaz ez da hitz egiten; badakizu, prentsa askatasunaren kontrako erasoa izango litzateke. Guk oso ongi bereizten ditugu prentsa askatasuna eta hainbat komunikazio enpresaren negozio ustelkeriazkoak, bitarteko boteretsu gisa erabili izan baitituzte statu quo-ari eusteko. Nola ez dugu kritikatuko prentsa burgesa, bada, horiexek mendean hartu eta ustiatu baldin badute gure herrialdea?

Ez dut uste bakarrik gure gobernuen erronka denik hori, mundu guztiarena baizik. Irudikatu, bestela, sekula ikusi ez ditugun pertsonez dakiguna, ez dakiguna eta uste duguna komunikazio alorrean lan egiten duten negozio pribatu batzuek esaten digutenaren mende dagoela; negozio horiek, azken batean, informazio eskubidea eta hainbat erabilera bermatzea hautatu behar baldin badute, errentagarritasunik handiena dakarkien horixe hautatuko dute definizioz. Horixe jarri behar du ezbaian gizateriak.

Horrek azalduko al luke Europak ez ulertu izana Latinoamerikan mamitzen ari diren prozesu politikoak?

Jakina, ez baitute informatzen, propaganda egin baizik. Eta hori ez dugu esaten guk bakarrik. Jakizu zer esan ote zuen Mario Vargas Llosak, eskuinekoa izaki, Limako El Comercio egunkariaz. Ezin larriagoa da. Idatziz jarri zuen; uko egin zion, Perun, Ollanta Humala eta Keiko Fujimoriren hauteskundeetan. Manipulatu egiten omen zuen, editorialaren ildoari jarraitzen ez zioten kazetariak kaleratzen, zentsuratu egiten omen zuen. Baina, zer gertatu zen? Inork ez zuen ezer egin. Nahiz eta Vargas Llosaren salaketa horrek ongi adierazten duen zer arazo dagoen Latinoamerikako prentsan. Zentzugabea da adierazpen askatasunaren kontrako erasotzat hartzea hedabideen eta komunikabide enpresen negozioen kontrako kritika; presidentea kritikatzea demokraziaren kontra dagoela esatea bezainbeste. Herritar guztien eskubidea da adierazpen askatasuna. Ez da inprenta erosteko ahalmena dutenen pribilegio bat.

Antza denez, Latinoamerikan eta Europan bi diskurtso daude giza eskubideen eta adierazpen askatasunaren inguruan.

Gauza bat erantsi nahi dut. Begira, nabarmenak diren kontuengatik kritikatu ezin gaituztenean —kontuan izanik orain txikiagoa dela pobrezia, desberdintasuna, eta hauteskundeak irabazirik demokrazia egiazkoa dela—, ezin ukituzko kontzeptuak sartzen dituzte tartean, hala nola askatasuna. Zenbat krimen ez dira egin, askatasunaren izenean? 200 esklabo zeuzkan, esaterako, Thomas Jeffersonek, Ameriketako Estatu Batuen sortzaileetako batek eta Independentzia Deklarazioaren —gizateriaren agiririk ederrenetako baten— egileak, zeinaren bigarren lerroaldean esaten baita gizaki orok duela zoriontsu izateko eskubidea. Kontua ez da Thomas Jefferson hipokrita bat zela; ez, halakoxe egoera batean jaio zen, esklaboak ez zeuzkan pertsonatzat, eta zurientzat baino ez zuen hitz egiten.

Eta jende hori giza eskubideez ari baldin bada, beren askatasunaz, beren eskubideez ari dira. Guztientzako giza eskubideak, guztientzako askatasuna sortu nahi dugunean, guk geuk eraso egiten diegu giza eskubideei. Eta, hori, herrialde progresisten jazarpenerako bitarteko bihurtu da.

Horrek ba al du zer egitekorik, esaterako, Julian Assangeren kasuan?

Arraroa da, gero, ezin arraroagoa, adierazpen askatasunaren aldezkari den horrek babeslekutzat hautatutako herrialdeak ez errespetatzea adierazpen askatasuna, prentsa molde baten arabera. Nolanahi ere, Ekuadorko Estatuaren babespean dago Julian Assange. Babesa eman diogu, gure subiranotasuna baliatuta.

Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunari ahala ematen dion protokoloa sinatu duten estatuen taldeko kide da Ekuador ere. Alemania ez dago oraindik talde txiki horretan. Gobernu eztabaidagaietako bat al da hori?

Ez. Gainera, ez dakit askorik ere itun horren inguruan. Baina gauza bat esango dizut, behintzat, Julian Assangeren kasua dela eta: hari babesa eman aurretik, nazioarteko zuzenbideko legeria franko berrikusten ibili ginen. Eta harrigarria da: Latinoamerikako herrialdeok dena dugu sinatua: Erromako Zigor Gortea, Hagako Gortea, CIDH Giza Eskubideen Amerikarteko Gorteak, eta abar. Eta giza eskubideez gehien jarduten duten horiek ez dute ezertxo ere sinatua. Diskurtso hutsala dute. Ez dute ezer sinatzen, hainbat erakunderen erabakiak bete beharrik ez izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.