Ustez pertsonen trafikatzaileei laguntzen ari dela egotzita, Italia hegoaldeko Agrigento hiriko Fiskaltzak ikerketapean jarri du Carola Rackete Sea Watch 3 itsasontziko kapitaina. Italiako agintarien aginduari jaramonik egin ez, eta orain dela bi aste pasa Mediterraneo itsasoan erreskatatutako 42 migratzaile zeramatzan ontziarekin herrialde horretako uretan sartu zen joan den asteazkenean, etorkin horiek lurrera eramateko intentzioarekin. Ez zioten utzi. Herenegundik Lampedusa uhartetik (Italia) itsas milia batera dago ontzia, porturatu ezinik. Edizio hau ixteko orduan hala jarraitzen zuen. Racketek atzo adierazi zuenez, ez du ikerketapean dagoela dioen jakinarazpenik jaso, eta ohartarazi zuen «tentsioa oso-oso handia» dela itsasontzian. Bien bitartean, Giussepe Conte Italiako lehen ministroak iragarri zuen «hiruzpalau» herrialde daudela Sea Watch 3-ko migratzaileak hartzeko prest. Ordu batzuk geroago herrialde horiek zeintzuk diren baieztatu zuen Sea Watch GKE gobernuz kanpoko erakundearen bozeramaile batek: Alemania, Portugal, Frantzia eta Luxenburgo.
Uneotan 40 dira ontzian dauden errefuxiatuak. Izan ere, sabeleko mina zuela eta, 21 urteko gazte bat eta 11 urteko bere anaia ebakuatu zituzten atzo goizaldean.
Matteo Salvini Italiako Barne ministroak duela urtebete ezarri zuenaren arabera, migratzaileak daramatzaten GKEen ontziek debekatuta daukate Italian porturatzea. Horregatik, Sea Watch 3 ontzia Italiako uretan sartu zelako, Rackete kapitaina atxilo hartu beharko luketela esan du azkeneko egunotan. Barne ministroarentzat, «pirata bat» da, «gaizkile bat».
Rackete, bien bitartean, hainbat hedabiderekin mintzatu zen, Skype bidez. «Ziur nago Italiako Justiziak aitortuko duela itsasoko legea eta pertsonen eskubideak segurtasunaren eta Italiak bere urekiko duen eskubidearen gainetik daudela», nabarmendu zuen. Kapitainak azaldu zuen nahi duen bakarra dela migratzaileak lurrera eramatea. Izan ere, azpimarratu zuenez, ontzian dauden etorkinak geroz eta okerrago daude, bai fisikoki, baita mentalki ere.
Galdetu zioten ea Italiara sartu aurretik beste herrialderen bati eskatu ote zion migratzaileak lurrera eramateko baimena. Racketek erantzun zuen Lampedusa zela gertu zegoen porturik «seguruena», eta Maltari eta Frantziari ere egin ziela eskaera. Maltak baimena ukatu zion, «eta Frantziak erantzun gabe jarraitzen du». Libiako kostaldean erreskatatu zituzten etorkinak.
Banaketa «negoziatzen»
Salvinik ez du errefuxiatuen ontziak porturatzeko baimenik ematen, ez baldin badago horiek hartu nahi dituen herrialderik. Eta Contek dio baietz, badaudela. Osakan (Japonia) dago, G20koen goi bileran parte hartzen, eta Facebook bidez esan zuen migratzaileen «banaketarako negoziazioak osatzen» ari direla. Ez zuen jakinarazi zeintzuk dire herrialde horiek, baina aitortu zuen Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroarekin hitz egin zuela auziaz. Herbehereetako bandera dauka itsasontziak, eta Salvinik exijitu izan du Herbehereetako Gobernuak erantzukizuna onartuko beharko lukeela. Alemania ere aipatu izan du lehen ministroak, Sea Watch gobernuz kanpoko erakundea Alemaniakoa delako. «Kopuruen, epeen, eta moduen berme zehatzen esperoangaude», esan zuen Salvinik, lehen ministroak jakinarazitakoa baieztatuz.
Joan den ekainaren 11n Italiako Gobernuak onartutako lege dekretuaren arabera, 50.000 euroko zigorra ezarriko diete Italiako uretan sartzen diren GKEei. Horren harira, hainbat plataforma diru bilketa bat egiten ari dira Interneten, Sea Watch-ek balizko isunari aurre egin ahal izan diezaion.
'Sea Watch 3' ontziaren kapitaina ikerketapean jarri du Italiako Fiskaltzak
Lampedusa parean segitzen du ontziak. Conteren esanetan, «hiruzpalau herrialdek» agertu dute hark daramatzan migratzaileak hartzeko asmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu