Espainiako inbestidura

Presidenteordetza eta lau ministerio Unidas Podemosentzat

Espainiako Gobernu berriak hiru presidenteordetza izango ditu: ekonomikoa, soziala eta politikoa

Pedro Sanchez eta Pablo Iglesias. JUANJO MARTíN / EFE
2019ko abenduaren 31
11:26
Entzun

PSOEren eta UP Unidas Podemosen arteko gobernua gero eta gertuago dago; ERCk abstentzioa baieztatzea besterik ez da falta. Jada badute Kataluniako alderdiko zuzendaritzaren oniritzia, baina Kontseilu Nazionalak izango du azken hitza, urtarrilaren 2an. Bien bitartean, balizko gobernuaren osaera erabakitzen hasi dira bi alderdiak, eta negoziazioetako iturriak aipatuta, EFE agentziak jakinarazi du ministerioak banatzen hasiak direla. Pedro Sanchezek zuzendutako gobernuak hiru presidenteordetza izango lituzke, eta horietako bat UPko buru Pablo Iglesiasentzat izango litzateke. Zehazki gizarte gaietako presidenteordetza izango luke Iglesiasek.

Esan bezala, hiru presidenteordetza lituzke koalizio gobernu berriak. Horietako bi lirateke PSOErenak. Carmen Calvok presidenteorde politiko gisa jarraituko luke, eta orain arte Ekonomia ministro izaniko Nadia Calviñok presidenteordetza ekonomikoa izango luke bere kargu. Azken neurri hori hauteskunde kanpainan iragarri zuen Sanchezek.

Azken legealdian presidenteordetza politikoaren menpe egon dira berdintasun gaiak. Orain, berriz, Irene Montero UPren bozeramaileak hartuko luke Berdintasun Ministerioaren ardura. UPk hartuko dituen gainontzeko goi postuak Lan Ministerioa —gizarte segurantza eta pentsioak at geratuko lirateke— eta Unibertsitate Ministerioa lirateke. Lehena Yolanda Diazek hartuko luke. Bigarrena, berriz, Rosa Lluch katalanak, Ernest Lluch PSOEko ministro ohiaren alabak. Laugarren ministerio bat ere izango luke koalizio horrek, IUko buru Alberto Garzonentzat. Halere, iturrien arabera, oraindik ez dute zehaztu zein izango den.

PSOEko ministroen artean, aipatutakoez gain, litekeena da honakoek ere jarraitzea: Jose Luis Abalos (Sustapen ministroa), Maria Jesus Montero (Ogasun ministroa), Fernando Grande Marlaska (Barne ministroa), Teresa Ribero (Trantsizio Ekologikorako ministroa) eta Margarita Robles (Defentsa ministroa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.