Netanyahuk denbora irabazi nahi du, eskuin muturra limurtzeko

Israelgo lehen ministroak gobernu aldaketarekin zalantza duten diputatuak konbentzitu nahi ditu

Erredakzioa
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Ahaleginak eta bi egiten ari da Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroa hamabi urtez eutsi dion kargua ez galtzeko. Horretarako bidean da, Yesh Atid alderdiko Yair Lapidek oposizioa bateratu eta koalizio gobernua osatzeko akordioa egin ostean. Parlamentuan bozkatu beharko dute bulegoetan adostutakoa, ordea, eta azken bozketara arteko epea baliatu nahi du Netanyahuk bestela ere hauskorra dirudien akordioa puskatzeko.

Parlamentuko presidenteari dagokio inbestidura saiora deitzea, eta Likud alderdiko Yariv Levinek du une honetan kargu hori. Baliteke gobernu berria eratu asmo duen koalizioak kargutik kentzea, ordea, susmoa baitute inbestidura saiora arteko epea ahal beste luzatzen saiatuko dela Levin, bitarte horretan bere alderdiak diputatuak konbentzitu ditzan gobernu aldaketaren aurka bozkatzeko. Hurrengo astelehenean bertan gerta daiteke hori.

Eskuin muturreko Yamina alderdia eta Zerrenda Arabiar Batua alderdi islamista gobernukide izango direla jasotzen du asteazkenean izenpetu zuten akordioak, eta hori sinatzeagatik Negev desertua «saldu» izana leporatu zion Netanyahuk Yaminako buru Naftali Bennetti. Hain zuzen, ezkerreko alderdien nahiz arabiarren bazkide izatearekin deseroso dauden diputatuak konbentzitu nahi ditu jarduneko lehen ministroak, bere taldera batzeko. Momentuz lortu du Amichai Chiklik Bennetti bizkarra ematea, baina gutxienez beste batek akordioari uko egitea ere behar luke.

Nir Orbach diputatua izan daiteke balantza alde batera edo bestera mugi dezakeena, Levin kargugabetzearen aurka agertu baita. Channel 12 telebista katearen arabera, hurrengo aste hasieran argituko du Orbachek bere posizioa. Momentuz, bere alderdiarekin bat eginda jarraitzen duela iradoki zuen Abir Kara Yaminako diputatuak, atzo goizean. Bilera bat izan zuen alderdiak, eta Orbach ere bertan izan zela jakinarazi zuen. «Bennettek lortu du denak bere inguruan mantentzea», adierazi zuen.

Eskuineko alderdien jarraitzaileen haserrea ere bere alde erabili nahi du Netanyahuk, presio egiteko, eta Likud haren alderdiak dei egin zuen atzo Orbach beraren etxearen atarian mobilizatzeko. Eskuin muturreko hainbat lagun elkartu ziren Orbachen beraren eta Ayelet Shaked Yaminako beste diputatu baten etxeen aurrean, gobernu aldaketa ez babesteko eskatzeko.

Etxe Zurian, aldaketarik ez

Gobernu aldaketa gauzatu ala ez, agintean izango denak AEBen babesa izango du. Hala ziurtatu zuen atzo Ned Price Estatu Departamentuko bozeramaileak. Hain justu, herenegun elkartu ziren Antony Blinken AEBetako Estatu Idazkaria eta Benny Gantz Israelgo Defentsa ministroa, Washingtonen. «Israelgo segurtasunarekin AEBek duten konpromiso irmoa» agertu zion Blinkenek Gantzi.

Jake Sullivan Segurtasun Nazionalerako aholkulariarekin eta Lloyd Austin Defentsa idazkariarekin ere bildu zen Gantz. Palestinako gatazkaren inguruan ez ezik, Ekialde Hurbileko egoeraz eta Iranen «bilaketa nuklearra gelditzeko» esfortzuez ere hitz egin zuten, Gantzek berak Twittereko bere kontuan zabaldu zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.