Fakzio palestinar nagusiek behin-behineko batasun gobernu bat adostu dute gerraosterako

Sinatzaileen artean daude Hamas, Palestinako Jihad Islamikoa, Al-Fatah eta PAHF Palestina Askatzeko Herri Frontea. Egipto, Aljeria, Txina eta Errusia aritu dira bitartekari lanetan.

Akordioa sinatu duten milizia eta talde palestinar batzuetako ordezkariak eta Txinako Atzerri ministro Wang Yi —erdian—, atzo, Pekinen. PEDRO PARDO / EFE
Akordioa sinatu duten milizia eta talde palestinar batzuetako ordezkariak eta Txinako Atzerri ministro Wang Yi —erdian—, atzo, Pekinen. PEDRO PARDO / EFE
maddi iztueta olano
2024ko uztailaren 23a
13:00
Entzun

Israel Gazaren aurka egiten ari den oldarraldia amaitu ondorengo agertokirako behin-behineko batasun gobernu bat osatzea adostu dute Palestinako hamalau fakziok, nagusiek. Azken hiru egunetan Pekinen bilduta izan dira organizazio horietako ordezkariak, eta atzo iluntzean eman zuten akordioaren berri, Hamas erakunde islamistak zabaldutako prentsa ohar baten bitartez. Adostutako gobernu horrek «lurralde palestinar guztien» gaineko agintaritza izango luke, hau da, Gazarena, Zisjordaniarena eta Jerusalem Ekialdearena, eta helburu nagusitzat du «estatu palestinar independente bat» eraikitzea, zeinaren hiriburua Jerusalem izango litzateke.

Prentsa oharrean azaldu dutenez, akordioaren helburua da Gazaren aurkako sarraskiaren harira Israelen kontra borrokan ari diren «fakzio nazionalen ahaleginak» batzea. Akordioa Txinan sinatu dute, eta Egipto, Aljeria eta Errusia ere aritu dira bitartekari lanetan. Sinatzaileen artean daude Hamas erakunde islamista, Palestinako Jihad Islamikoa, Al-Fatah PAE Palestina Askatzeko Erakundeko talde nagusia eta PAHF Palestina Askatzeko Herri Frontea. 

Testuan zehaztutako estatu palestinarra eraikitzeko, aintzat hartuko lituzkete nazioarteko ebazpen batzuk, hala nola NBE Nazio Batuen Erakundeak onartutako 181 eta 2.334 ebazpenak. Lehena 1947. urtekoa da: horren arabera, Palestinaren lurraldeetan estatu arabiar bat osatuko litzateke, beste bat judua, eta lurraldearen zati bat nazioartearen kontrolpean geldituko litzateke. Bigarren ebazpena 2016. urtekoa da, eta legez kanpokotzat jotzen ditu Palestinako lurralde okupatuetan eraikitako kolonia juduak. 

Israel Gazaren aurka egiten ari den sarraskiak bultzatu ditu fakzio palestinar nagusiak adostasunera. Etorkizunerako asmoez gain, konpromisoa hartu dute «lankidetzaren bitartez» Israelen oldarraldiari aurre egiteko, baita Gazako zerrendara laguntza humanitarioa iristen dela ziurtatzeko ere. «Palestinar herriak eskubidea dauka okupazioaren aurka borrokan egiteko», zehaztu dute akordioan. 

«Palestinar herriak eskubidea dauka okupazioaren aurka borrokan egiteko» 

Ituna sinatu duten fakzio palestinarrak

Asmo horiekin lotuta, Nazioarteko Justizia Auzitegiari eskerrak eman dizkiote, Hamasek zabaldutako prentsa oharraren bidez: «Milizia palestinarrek esker onez jaso dute Nazioarteko Justizia Auzitegiaren iritzia, zeinak Zisjordanian eta Jerusalem Ekialdean kolono israeldarren okupazioa legez kanpokoa dela baieztatu duen». NBE Nazio Batuen Erakundearen organo judizial nagusiak joan den ostiralean iragarri zuen ebazpena —ez da loteslea–. 

Etenaldi bat ika-mikei

Behin-behinean bada ere, fakzio palestinar nagusiek lortu dute euren arteko ika-mikak alde batera uztea, batez ere Hamasen eta Al-Fatahren artekoak. Hamasek 2006an hauteskunde legegileak irabazi ondoren, Al-Fatahrekin —PAN Palestinako Aginte Nazionalak kontrolpean du— gobernua osatzea adostu zuen. Baina saiakerak huts egin zuen, eta organizazio politiko islamistak Gazako zerrendaren kontrola hartu zuen 2007an —nazioarteak legez kanpokotzat jo zuen hori—, eta, ordutik Hamas eta Al-Fatah elkarrengandik aldenduta egon dira.

Azken hemezortzi urteetan, bi taldeak birritan saiatu izan dira euren arteko krisia konpontzen, baina saiakerak bere horretan gelditu dira aldi horietan guztietan. Halere, oraingoa «historikotzat» jo du Hamaseko goi kargudun Musa Abu Marzukek, CNN telebista katean egindako elkarrizketa batean. Hori bai, akordioa betetzeko, nazioartearen rola nabarmendu du Txinako Atzerri ministro Wang Yik: «Palestinako fakzioen adiskidetzea euren kontua da, baina ezin da lortu nazioarteko komunitatearen sostengurik gabe».

Kontrara, Israelgo Gobernuak ez du begi onez ikusi akordioa. Batasun gobernu palestinar baten inguruan hauxe esan du Israelgo Atzerri ministro Israel Katzek: «Ez da halakorik egongo, Hamasen gobernua zapaldua izango delako, eta Abbasek [Mahmud, PANeko presidentea] oso urrutitik begiratuko dio Gazari».

Gazako zerrendatik at, Israelek jarraitzen du beste lurralde palestinar batzuei aurka eraso egiten, hala nola Zisjordaniari. Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, soldadu israeldarrek beste sarekada bat egin dute gaur goizaldean eremu horretan, eta gutxienez hiru palestinar hil dituzte: bi gizon Hebronen, eta gutxienez bost pertsona Tulkaremen.

NETANYAHUK ESAN DU BAHITUEN ITZULERA GERTU DAGOELA

Milizia palestinarrek iragan urriaren 7an gatibu hartutako guztiak askatzea; horixe izan da —eta horixe da oraindik ere— israeldarren eskaera nagusia, Israelek Gazaren aurkako oldarraldia hasi zuenetik. Bada, bahitutakoak askatzeko baldintzak «gero eta egokiagoak» direla esan du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, baita horien guztien itzulera «geroz eta gertuago» dagoela ere. Netanyahuk Washingtonen esan ditu hitzok, milizia palestinarrek oraindik bahituak dituztenen senideen ordezkariekin egindako bilkura batean. Dena den, Hamasek ez du horren inguruan ezer esan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.