Milaka migratzaile sartu dira Ceutara, Marokok mugako segurtasuna arindu ostean

Rabati egotzi diote migratzaileak Espainiari presio egiteko baliatu izana. Madrilek 30 milioi euro emango dizkio Marokori kontrolak zorroztu ditzan

Migratzaile talde bat, Marokoko segurtasun indarren ontzi batera igotzen, Ceutako uretara igaro ahal izateko. MOHAMED SIALI / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun

«Marokoko Gobernuaren estrategia baten ondorioa da gertatu dena. Ez dago zalantzarik. Ez dugu ahaztu behar urtebete zeramala mugak erabat itxita», azaldu zion atzo BERRIAri Frontera Sur gobernuz kanpoko erakundeko kide Ana Rosadok. Astearte goizaldeaz geroztik 8.000 pertsonak igaro dute Fnideq (Maroko) eta Espainiaren menpeko Ceuta hiria banatzen dituen muga. Lekukoen arabera, Marokok autobusak antolatu zituen jendea mugara gerturatzeko. «Ceutara sartu direnetatik gehien-gehienak marokoarrak dira», esan zuen Rosadok. Azaldu zuenez, marokoarren kasuan, adinez nagusi direnak kanporatu egin ohi dituzte, eta adingabeak, berriz, Ceutan geratuko dira, haientzat prestatutako gune berezietan. Lerro hauek idazteko unean, 4.000 marokoar kanporatuak zituen Espainiak.

Ikusi hemenargazki galeria.

Lehen aldia da 24 orduko epean horrenbeste migratzaile heltzen direla Espainiaren menpeko koloniara. «Kopuruak behin-behinekoak dira, orduak joan ahala gero eta gehiago baitira», ohartarazi zuen Poliziak.

Espainiako Gobernuak krisi talde bat osatu du egoerari aurre egiteko. Madrilen asmoa da koloniara heldutakoak ahalik eta azkarren kanporatzea Marokoko aldera. Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak aurreratu zuenez, indartu egin dute koloniako segurtasuna, eta militarrak bidali dituzte Ceuta muga zaintzera. Horrez gain, Madrilek iragarri zuen 30 milioi euroko diru laguntza emango diola Rabati «legez kanpoko migratzaileak» geldiarazteko «nahikoa baliabide» izan ditzan. Madrilek zehaztu zuen laguntza ekonomikoa «aldez aurretik» zegoela onartua, eta erabakia ez zela Rabaten presioen ondorio izan.

Rosadok zehaztu zuen, ordea, ez dela lehen aldia Rabat penintsulara heldu nahi duten migratzaileez baliatzen dela bere helburuak erdiesteko: «Gehienetan, Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik etorritako gazteak izan ohi dira. Orain, berriz, Castillejoko (Fenideq) jendea da hesia igarota sartu dena. Sare sozialetan zabaldutako bideoetan ikus daiteke nola Marokoko segurtasun indarrek gazteak adoretzen dituzten hesia igaro edo itsasoz beste aldera joateko. Maroko bere herritarrak erabiltzen ari da, Espainia estu hartu eta nahi duena lortu ahal izateko».

Krisiak Brusela ere zipriztindu zuen. EB Europako Batasuneko Barne komisario Ylva Johanssonek ohartarazi zion Rabati Ceuta «EBko muga» ere badela, eta beraz, paperik gabeko migratzaileen gaineko kontrolari eutsi behar diola. «Orain, garrantzitsuena da Marokok migrazioa kontrolatzeko neurriak har ditzala, eta Espainian asiloa jasotzeko eskubiderik ez dutenak kanporatzea», esan zuen Johanssonek.

Ghali Espainian

Rabatek berak ofizialki onartu ez badu ere, Fronte Polisarioko buru Brahim Ghali Logroñoko (Espainia) erietxe batean onartu izanaren erantzun gisa leundu ditu hark Espainiaren menpeko koloniarekiko segurtasun neurriak.

Ghali apirilaren amaieran heldu zen, eta, zenbait informazio iturriren arabera, nortasun faltsuarekin sartu zen herrialdera, Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurka zabaldutako auzia saihesteko. Baina handik egun gutxira zabaldu zen gertatutakoaren berri, eta berehala piztu ziren kritikak Marokoren gertukoen artean. Sare sozialetan Espainiaren aurkako mezuak zabaldu ziren, eta «gerra kriminalak babestea» egotzi.

Hain zuzen ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazek iragarri zuen atzo, Ghaliren osasun egoerak ahalbidetuz gero, ekainaren 1ean joan beharko duela SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidenteak auzitegira deklaratzera. Gerra preso izandakoei tratu txarrak eragitea, eta Tindufeko kanpalekuetan (Aljeria) bizi diren sahararrak «torturatzea» egozten diote Ghaliri, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.