Korsika

Korsikako nazionalistek keinuak egin dituzte autonomiaren gaian ados jartzeko

Asanblea irlaren etorkizun instituzionalari buruzko ezohiko saioa egiten ari da; baliteke bihar jarraitzea. Alderdi guztiek aurkeztu dituzte eztabaidarako testuak, eta, oraingoz, kolokan dago deliberazio komun bat onartzeko Simeoniren asmoa.

Gilles Simeoni Korsikako gobernuburua, Asanbleako gaurko ezohiko saioan. BERRIA
ander perez zala
2023ko uztailaren 4a
13:19
Entzun

Gilles Simeoni Korsikako gobernuburua irribarretsu agertu da Asanblean. Banan-banan agurtu ditu bere talde parlamentarioko lurralde kontseilariak, baita oposizioko batzuk ere; autonomistak, independentistak eta eskuinekoak. Une horretan jakitun zegoen alderdi guztiek norbere testua aurkeztu eta defendatzeko asmoa dutela —sei, denera—; adostasuna eta batasuna lortzeko helburua, hortaz, zaildu egin zaio lehen ordutik. Baina asteotako adierazpenek agerian utzi zuten jokaleku hori nahiko ziurra zela, eta Simeoni prestatu egin da horretarako. Marie-Antoinette Maupertuis parlamentuko presidenteak egin du lehen aitortza: «eztabaidatu» egin behar dute, «asko», eta baliteke gaurko ezohiko saioa «nahikoa ez izatea». Eta berehala jo du bide horretatik Korsikako gobernuburuak, baina arreta «arduran», «erantzukizunean» eta «une garrantzitsua» delako ideietan jarrita. Simeonik «itxaropen keinu indartsu bat» eskatu du Korsikako herritarrentzat, emozioz beteriko hitzaldi luze —50 minutukoa—, politiko eta tekniko batean; aspaldi ez bezala agertu da, seriostasun handia erakutsi baitu, baina ohi baino handiagoa. «Orainaldiari eta eraikitzea bokazio dugun etorkizunari buruzko mezu argi bat bidali behar dugu ezohiko saio honen ondoren; korsikarrei, eta Parisi».

Hasiera-hasieratik, Korsikako gobernuburuak ez du ezkutatu gaurko asmoa, helburua, eta, batez ere erronka: oposizioa konbentzitu nahi duela, autonomia legegileari buruzko eskaria aho batezkoa izateko. Ezinezkoa du eskuin erregionalista eta eskuin jakobinoa limurtzea; hortaz, mugimendu nazionalistaren batasuna lortu nahi du, deliberazio komun baten bitartez islatuko litzatekeena. Eta horregatik ekin dio, hitzaldiaren bigarren partean, autonomistek eta independentistek egin dizkioten kritikei erantzuteari; batzuetan, autokritika eginda, eta beste batzuetan, ez hainbeste, edo batere ez. Baina, betiere, horiei eskua luzatuta.

Simeonik formalki aurkeztu eta defendatu du duela egun batzuk argitara atera zuen Autonomia txostena. Korsikako gobernuburuak nahi du testu horren edukia izatea deliberazio komunaren oinarria; horretan jaso baititu estatutu berrirako argudioak, estatus horren edukia eta hori arautzeko bide konstituzionala. «Autonomia da irtenbide politiko globalaren deklinabide instituzionala», txosten horretan azaldu duenez. Eta gaurko saioan berretsi du estatutu berriak mugimendu nazionalistaren aldarrikapen historikoak jaso behar dituela: autonomia legegilea, korsikeraren koofizialtasuna, Korsikako herriaren aitortza eta egoiliar estatusa, besteak beste.

«Autonomia guztia nahi dugu, eta autonomia besterik ez», argudiatu du Simeonik. Hau da: estatuaren erregalia eskumenak —moneta, atzerri politika, ordena publikoa...— ez diren guztiek «bokazioa dute Korsikako Kolektibitatearen eskumenen parte izateko». Hori argi zehazteko ahalegina egin du agintari autonomistak, batez ere oposizioko nazionalistei begira; eta proposatu die botere horiei buruzko egutegi bat elkarrekin finkatzea, bakoitza noiz jasoko luketen jakite aldera. Fiskalitateaz ere aritu da, zergak biltzeko eskumena lortzeaz, hori litzatekeelakoan neurri funtsezko bat eta oinarri bat sistema autonomikoarentzat. Hori guztia nola islatu? Frantziako Gobernuarekin adosturiko akordio politiko baten bitartez, gerora Korsikako herritarrek erreferendum baten bidez baieztatu ala ezeztatuko luketena.

Uhartearen autonomiari buruzko prozesua eta negoziazioak Yvan Colonna militante independentistaren heriotzaren ondoren hasi ziren, Simeonik gogorarazi duen modura —iragan urteko martxoaren 2an jipoitu zuten, kartzelan, eta hilabete horretako 22an hil zen—. «Hona iritsi gara hilketa horrek Korsika altxatu zuelako, haserrea eragin zuelako». Eta kasualitate bat, teorian: duela hogei urte atxilotu zuten Colonna, 2003ko uztailaren 4an, Claude Erignac prefeta hiltzea leporatuta. «Bizitza eta askatasuna sakrifikatu zutenez oroitzen naiz», esan du Korsikako gobernuburuak, eta, gero, Erignaci ere omenaldi bat egin dio: «Gerald Darmaninek [Frantziako Barne ministroak] 2023ko otsailaren 6an esandakoa errepikatuko dut: garaia da jarraipenaren hasiera elkarrekin inauguratzeko».

Eta «bokazio historiko» hori duen prozesuari buruzko zalantzak berehala hasi dira oposizioan. Un Soffiu Novu eskuin erregionalistaren eta eskuin jakobinoaren talde parlamentarioko presidentekide Jean-Martin Mondoloni kritiko agertu da autonomiari buruzko prozesuaren lan metodoarekin, eta, batez ere, Simeoniren asmoekin. Mondolonik defendatu du, berriz ere, beren lehentasuna ez dela autonomia legegilea lortzea, legeak moldatzeko eskumena baizik, horiek «Korsikaren errealitatera» egokitzeko, beharrezkoa balitz.

«Uztail hasiera da, eta oraindik ez dugu egin garrantzitsuena: orain ditugun eskumenei buruzko bilana», esan du lurralde kontseilari eskuindarrak, Korsikako gobernuburuaren agintaldiari kritika eginez. Horregatik mugatuko dira legeak moldatzeko ideiara, eta, horretarako, Frantziako Konstituzioa erreformatzearen alde leudeke. «Guk jendearen bizitza hobetu nahi dugu. Erakundeen ikuspuntutik, zure biografiak zertan erakusten du zuek definitzen duzuen autonomiak hori lortuko duela?», egin dio galdera Mondolinik Simeoniri. «Ezerk ez du frogatzen zuk nahi duzun estatutuak korsikarren ongizatea hobetuko duenik».

2024ko erreformak

Frantziako Gobernuak Korsikarentzako autonomia legegilea onartuko balu ere, gerora —Asanblea eta Senatua elkartzen direnean— beharrezkoa litzateke Frantziako Kongresuaren hiru bostenaren babesa; hori Frantziako Konstituzioaren —Korsikaren autonomia titulu batean aipatzea nahi du Simeonik, artikulu bakarrean beharrean— eta erakundeen erreforma egitean bozkatuko lukete, 2024an, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen asmoen arabera. Macron hilaren 14an mintzatuko da horretaz, eta orduan baieztatuko ala ezeztatuko du Korsikako Asanbleak egingo duen proposamena onartuko duen.

Prozesu horretan bada, ordea, arrisku bat: Frantziako presidenteak eta haren aliatu parlamentarioek ez dutela gehiengo osorik. Eta horrek ez du ezer bermatzen, Mondolinik oroitarazi duen modura: «Zer egin behar dugu, hori existituko ez balitz bezala aritu? 24 orduan adostasun artifizial bat egin behar dugu, gero gerokoak gertatzeko?».

Autonomia eztabaidaren erdigunean egon arren, Frantziako Estatuaren aurrean izan beharreko jarrera ere hizpidera ekarri dute hainbat lurralde kontseilarik. Core in Fronte independentistako Paul Quastanak mugimendu nazionalistaren tamanta strada (bidea luzea izan da) esaldi ezaguna berreskuratu du, eta batasunerako deia egin die gainontzeko nazionalistei. «Lau alderdi [nazionalista] gaude hemen. Hau kasinoan bezala izango da: palanka mugituko dugu, eta lau lerroak lerrokatuta egotea beharko dugu. Hori egin ezean, kolektiboki galduko dugu».

Quastanak esanak atariko bat izan dira gerora Paul-Felix Benedettik adierazi dituenarentzat. Core in Fronteren buruzagiarentzat, independentista sutsuarentzat, autonomia legegilea «emantzipaziorako lehen etapa» izango da, eta, horregatik, «bide komun» hori egitearen alde agertu da. «Ideiak ez daude pentsatzeko, horiek bizitzeko baizik». Benedettik, balizko deliberazio komunari begira, esan du saiatu direla jarrera «maximalistarik» ez izaten, eta, aldarrikapen historikoak aipatzeaz gain, adierazi du gatazka politikoa eta hamarkadotako «borroka» amaitzeko pausoak ere eman beharko dituztela; besteak beste, zigor auzien afera landuta. Eta harago joateko aukera ere bildu nahi du Core in Fronteren buruak: «Eboluzioa, autodeterminazioa».

PNC Korsikako Nazioaren Alderdia autonomistako Jean-Christophe Angelini tentuz mintzatu da; adierazi du «konpromiso baten terminoak» zehaztuko dituztela gaur, baina ohartarazi du ez dela «ezer amaituko». Angelini izan da Simeoniren kritiko handietako bat, batez ere Korsikako gobernuburuak nazionalisten Pe a Corsica koalizioa (2015-2021) hautsi zuenetik, eta gaur ere agerian geratu da hori, adierazi baitio ez duela nahikoa lan egin batasuna lortzeko.

Halere, atea ireki dio ados jartzeari: «Nik uste dut botere legegilea behar dugula. Eztabaidatuko dugu. Baina hitz egin behar dugu; mugimendu nazionalaren batasuna garrantzitsua da, nahiz eta badakigun zein den azken urteetako esperientzia». Hori bai, ohartarazi du ez duela nahi «jakobinismo lokalik» balizko sistema berri horretan, eta ezinbestekotzat jo du finantzen arloan Korsika «indartsu» izatea; eta, aldarrikapen historikoei erreferentzia eginez, Korsikako herriaren aitortza.

Ezkorrena Josepha Giacometti-Piredda lurralde kontseilaria izan da, Corsica Libera independentistakoa. Alderdi horrek, ezohiko saioa hasi aurretik, jakinarazi du ez duela bat egingo Simeoniren proposamenarekin, nahikoa ez delakoan, uste baitu Macronek jarritako marra gorriak bere egiten dituela: Korsikak Frantziako Errepublikan jarraitu behar duela, eta ez dituztela herritarren «bi maila» sortuko. Eta, hain zuzen ere, Giacometti-Pireddak horixe berretsi du Asanblean egindako hitzaldietan, argudiatu baitu autonomiari buruzko prozesuak ez duela «izaera historikorik».

«Autonomista ez-nazionalista»

Un Soffiu Novuko lurralde kontseilari Pierre Ghiongak bere izenean egin du azken proposamena, «autonomista ez-nazionalista» modura. Eta, hori kontuan harturik, esan du balizko autonomia estatutua bidearen amaiera izango litzatekeela harentzat: «Zergatik? Ez dudalako sinesten Korsikaren independentziaren bideragarritasunean».

Ghiongaren ustetan, Korsikaren «geografiak, geopolitikak, bi hizkuntzek eta kulturak» agerian uzten dute uharteak autonomia legegilea behar duela. Korsikako herriaren aitortzaren alde egin du, betiere, «Frantziako herriaren parte» bada, eta korsikeraren koofizialtasuna ere defendatu du, baita egoiliar estatusa ere. Baliteke, hortaz, mugimendu nazionalistarekin ados jartzea afera askotan.

Korsikako Parlamentuaren ezohiko saioa, gauza guztien gainetik, barrura begirakoa izaten ari da, kanporakoa bainoago. Korsikako gobernuburuaren eta haren alderdi Femu a Corsicakoen mezua, oro har, zera izan da orduotan: Korsikak bere burua gobernatu behar duela, autonomia legegilearen bitartez.

Erreferentziaz eta keinuz beterikoa ere bada bilkura hori; kasurako, Danielle Antonini lurralde kontseilariak Autonomia dioen elastiko laranja darama soinean. Ez da edonolakoa, Edmond Simeoni Korsikako nazionalismoaren buruzagi historiko eta egungo gobernuburuaren aitak hori bera baitzeraman 1975eko udan Alerian (Korsika) egin zuten protesta ezagunean.

Korsikako autonomistek eta independentistek, oro har, batasunerako keinuak egin dituzte, baina desadostasunak oraindik handiak dira. Asanbleako saioa eten egin dute —bihar 11:00etan jarraituko du—, eta lau talde parlamentario nazionalistak eta Ghionga negoziazioetan murgilduta daude, deliberazio komun bat adosteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.