Korsika

Korsikako nazionalistek keinuak egin dituzte autonomiaren gaian ados jartzeko

Simeonik ez ezik, beste alderdi guztiek ere aurkeztu dituzte irlaren etorkizun instituzionalari buruzko testuak; deliberazio komuna lortzea, hortaz, kolokan dago. Asanbleako ezohiko saioak gaur segituko du

Marie-Antoinette Maupertuis Asanbleako presidentea, atzoko saioan hitz egiten. #BARRA_ABILDUA#MAUPERTUIS_N.
ander perez zala
2023ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Gilles Simeoni Korsikako gobernuburua irribarretsu agertu da Asanblean. Banan-banan agurtu ditu bere talde parlamentarioko lurralde kontseilariak, baita oposizioko batzuk ere; autonomistak, independentistak eta eskuinekoak. Une horretan badaki alderdi guztiek norbere testua —sei, denera— aurkeztu eta defendatzeko asmoa dutela; adostasuna eta batasuna lortzeko helburua, hortaz, zaildu egin zaio lehen ordutik. Baina asteotako adierazpenek agerian utzi zuten jokaleku hori nahiko ziurra zela, eta Simeoni prestatu egin da horretarako. Marie-Antoinette Maupertuis parlamentuko presidenteak egin du lehen aitortza: «eztabaidatu» egin behar dute, «asko», eta baliteke atzoko saioa «nahikoa ez izatea». Eta berehala jo du bide horretatik Korsikako gobernuburuak, baina arreta «arduran», «erantzukizunean» eta «une garrantzitsua» delako ideian jarrita. Simeonik «itxaropen keinu indartsu bat» eskatu du Korsikako herritarrentzat, emozioz beteriko hitzaldi luze —50 minutukoa—, politiko eta tekniko batean; aspaldi ez bezala agertu da, seriostasun handia erakutsi baitu, baina ohi baino handiagoa. «Orainaldiari eta eraikitzea bokazio dugun etorkizunari buruzko mezu argi bat bidali behar dugu ezohiko saio honen ondoren; korsikarrei, eta Parisi».

Hasiera-hasieratik, Korsikako gobernuburuak ez du ezkutatu egunotako asmoa, helburua, eta, batez ere erronka: oposizioa konbentzitu nahi duela, autonomia legegileari buruzko eskaria aho batezkoa izateko. Ezinezkoa du eskuin erregionalista eta eskuin jakobinoa limurtzea; hortaz, mugimendu nazionalistaren batasuna lortu nahi du, deliberazio komun baten bitartez islatuko litzatekeena. Eta horregatik ekin zion, atzo, hitzaldiaren bigarren partean, autonomistek eta independentistek egin dizkioten kritikei erantzuteari; batzuetan, autokritika eginda, eta beste batzuetan, ez hainbeste, edo batere ez. Baina, betiere, horiei eskua luzatuta.

Simeonik formalki aurkeztu eta defendatu zuen duela egun batzuk argitara atera zuenAutonomia txostena. Korsikako gobernuburuak nahi du testu horren edukia izatea deliberazio komunaren oinarria; horretan jaso baititu estatutu berrirako argudioak, estatus horren edukia eta hori arautzeko bide konstituzionala. «Autonomia da irtenbide politiko globalaren deklinabide instituzionala», txosten horretan azaldu duenez. Eta atzoko saioan berretsi zuen estatutu berriak mugimendu nazionalistaren aldarrikapen historikoak jaso behar dituela: autonomia legegilea, korsikeraren koofizialtasuna, Korsikako herriaren aitortza eta egoiliar estatusa, besteak beste.

«Autonomia guztia nahi dugu, eta autonomia besterik ez», argudiatu zuen Simeonik. Hau da: estatuaren erregalia eskumenak—moneta, atzerri politika, ordena publikoa...— ez diren guztiek «bokazioa dute Korsikako Kolektibitatearen eskumenen parte izateko». Hori argi zehazteko ahalegina egin zuen agintari autonomistak, batez ere oposizioko nazionalistei begira; eta proposatu zien botere horiei buruzko egutegi bat elkarrekin finkatzea, bakoitza noiz jasoko luketen jakite aldera. Fiskalitateaz ere aritu zen, zergak biltzeko eskumena lortzeaz, hori litzatekeelakoan neurri funtsezko bat eta oinarri bat sistema autonomikoarentzat. Hori guztia nola islatu? Frantziako Gobernuarekin adosturiko akordio politiko baten bitartez, gerora Korsikako herritarrek erreferendum baten bidez baieztatu ala ezeztatuko luketena.

Bi hilketa, erdigunean

Uhartearen autonomiari buruzko prozesua eta negoziazioak Yvan Colonna militante independentistaren heriotzaren ondoren hasi ziren, Simeonik gogorarazi duen modura —iragan urteko martxoaren 2an jipoitu zuten, kartzelan, eta hilabete horretako 22an hil zen—. «Hona iritsi gara hilketa horrek Korsika altxatu zuelako, haserrea eragin zuelako». Eta kasualitate bat, teorian: duela hogei urte atxilotu zuten Colonna, 2003ko uztailaren 4an, Claude Erignac prefeta hiltzea leporatuta.

«Bizitza eta askatasuna sakrifikatu zutenez oroitzen naiz», esan zuen atzo Korsikako gobernuburuak, eta, gero, Erignaci ere omenaldi bat egin zion: «Gerald Darmaninek [Frantziako Barne ministroak] 2023ko otsailaren 6an esandakoa errepikatuko dut: garaia da jarraipenaren hasiera elkarrekin inauguratzeko».

Eta «bokazio historiko» hori duen prozesuari buruzko zalantzak berehala hasi ziren oposizioan. Un Soffiu Novu eskuin erregionalistaren eta eskuin jakobinoaren talde parlamentarioko presidentekide Jean-Martin Mondoloni kritiko agertu zen autonomiari buruzko prozesuaren lan metodoarekin, eta, batez ere, Simeoniren asmoekin. Mondolonik defendatu zuen, berriz ere, beren lehentasuna ez dela autonomia legegilea lortzea, legeak moldatzeko eskumena baizik, horiek «Korsikaren errealitatera» egokitzeko, beharrezkoa balitz.

«Uztail hasiera da, eta oraindik ez dugu egin garrantzitsuena: orain ditugun eskumenei buruzko bilana», esan zuen lurralde kontseilari eskuindarrak, Korsikako gobernuburuaren agintaldiari kritika eginez. Horregatik mugatuko dira legeak moldatzeko ideiara, eta, horretarako, Frantziako Konstituzioa erreformatzearen alde leudeke. «Guk jendearen bizitza hobetu nahi dugu. Erakundeen ikuspuntutik, zure biografiak zertan erakusten du zuek definitzen duzuen autonomiak hori lortuko duela?», egin zion galdera Mondolinik Simeoniri. «Ezerk ez du frogatzen zuk nahi duzun estatutuak korsikarren ongizatea hobetuko duenik».

Frantziako Gobernuak Korsikarentzako autonomia legegilea onartuko balu ere, gerora —Asanblea eta Senatua elkartzen direnean— beharrezkoa litzateke Frantziako Kongresuaren hiru bostenaren babesa; hori Frantziako Konstituzioaren —Korsikaren autonomia titulu batean aipatzea nahi du Simeonik, artikulu bakarrean beharrean— eta erakundeen erreforma egitean bozkatuko lukete, 2024an, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen asmoen arabera. Macron hilaren 14an mintzatzekoa da horretaz, eta orduan baieztatuko ala ezeztatuko du Korsikako Asanbleak egingo duen proposamena —edo proposamenak— onartuko duen.

Prozesu horretan bada arrisku bat: Frantziako presidenteak eta haren aliatu parlamentarioek ez dutela gehiengo osorik. Eta horrek ez du ezer bermatzen, Mondolinik oroitarazi zuen modura.

Autonomia eztabaidaren erdigunean egon arren, Frantziako Estatuaren aurrean izan beharreko jarrera ere hizpidera ekarri dute hainbat lurralde kontseilarik. Core in Fronte independentistako Paul Quastanak mugimendu nazionalistaren tamanta strada (bidea luzea izan da) esaldi ezaguna berreskuratu zuen atzo, eta batasunerako deia egin zien beste nazionalistei. «Hau kasinoan bezala izango da: palanka mugituko dugu, eta lau lerroak [lau alderdi nazionalistak] lerrokatuta egotea beharko dugu. Hori egin ezean, kolektiboki galduko dugu».

Quastanak esanak atariko bat izan ziren gerora Paul-Felix Benedettik adierazi zituenarentzat. Core in Fronteren buruzagiarentzat, independentista sutsuarentzat, autonomia legegilea «emantzipaziorako lehen etapa» izango da, eta, horregatik, «bide komun» hori egitearen alde agertu zen. «Ideiak ez daude pentsatzeko, horiek bizitzeko baizik».

Benedettik, balizko deliberazio komunari begira, esan zuen saiatu direla jarrera «maximalistarik» ez izaten, eta, aldarrikapen historikoak aipatzeaz gain, adierazi zuen gatazka politikoa eta hamarkadotako «borroka» amaitzeko pausoak ere eman beharko dituztela; besteak beste, zigor auzien afera landuta. Eta harago joateko aukera ere bildu nahi du Core in Fronteren buruak: «Eboluzioa, autodeterminazioa».

Angelini, tentuz

PNC Korsikako Nazioaren Alderdia autonomistako Jean-Christophe Angelini tentuz mintzatu zen, baina atea ireki zion ados jartzeari: «Nik uste dut botere legegilea behar dugula. Eztabaidatuko dugu. Baina hitz egin behar dugu; mugimendu nazionalaren batasuna garrantzitsua da, nahiz eta badakigun zein den azken urteetako esperientzia».

Hori bai, ohartarazi zuen ez duela nahi «jakobinismo lokalik» balizko sistema berri horretan, eta ezinbestekotzat jo zuen finantzen arloan Korsika «indartsu» izatea; eta, aldarrikapen historikoei erreferentzia eginez, Korsikako herriaren aitortza.

Nazionalisten artean ezkorrena Josepha Giacometti-Piredda lurralde kontseilaria izan zen, Corsica Libera independentistakoa. Alderdi horrek, atzoko saioa hasi aurretik, jakinarazi zuen ez duela bat egingo Simeoniren proposamenarekin, nahikoa ez delakoan, uste baitu Macronek jarritako marra gorriak bere egiten dituela: Korsikak Frantziako Errepublikan jarraitu behar duela, eta ez dituztela herritarren «bi maila» sortuko.

Eta, hain zuzen ere, Giacometti-Pireddak horixe berretsi zuen Asanblean egindako hitzaldietan, argudiatu baitzuen prozesuak ez duela «izaera historikorik».

Azken proposamena Un Soffiu Novuko Pierre Ghiongak egin zuen, bere izenean, «autonomista ez-nazionalista» modura. Ghiongaren ustetan, irlaren «geografiak, geopolitikak, bi hizkuntzek eta kulturak» agerian uzten dute uharteak autonomia legegilea behar duela. Korsikako herriaren aitortzaren alde egin zuen, betiere, «Frantziako herriaren parte» bada, eta korsikeraren koofizialtasuna ere defendatu zuen.

Lerro hauek idazterako, negoziazioetan murgilduta zeuden lau talde nazionalistak eta Ghionga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.