Blaise Compaore presidente ohiaren aurkako estatu kolpea egin zutenetik, segurtasunik eza areagotu egin da Burkina Fason. Talde jihadistek gero eta botere handiagoa dute eremuan, eta komunitateen arteko gatazkak ere ohikoak dira. Hala, azken sei urteetan, 5.000 lagun baino gehiago hil dituzte; 1.600 inguru, azken urtean, ACLED GKE gobernuz kanpoko erakundearen datuen arabera. David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetarien hilketez gain, gutxienez beste hamahiru heriotza ere zenbatu zituzten atzo herrialdean, Seno probintziako hiru herrixkaren aurkako erasoetan.
2015eko estatu kolpeak amaiera eman zion Compaoreren 27 urteko agintaldiari. Roch Marc Christian Kabore presidente izendatzearekin batera, ordea, talde jihadistek eginiko erasoak ugaritu egin ziren herrialdean. Ordura arte, talde horiek Saheleko beste hainbat herrialde zituzten jokaleku —nagusiki, Mali—, eta ez zuten atentatu esanguratsurik egin Burkina Fason; ustez, erakunde armatuen eta Compaoreren gobernuaren arteko akordio bat tarteko.
Gobernu berria boterean finkatuta, 2018an 137 atentatu zenbatu zituzten herrialdean, aurreko urtean baino bost aldiz gehiago. Oskar Epelde kazetariaren ustez, talde armatu kopuruaren eta horiek eginiko erasoen gorakadak, hein handi batean, Saheleko estatuek herritarren «demokrazia egarriari» erantzuteko duten gaitasun faltaren isla dira: «Gobernuen kontraesanen aurrean, jihadismoak aurrea hartu du». Horiek, gainera, helburu garbi bat dute, kazetariaren ustez: «Dena desegitea; segurtasunik eza bermatzea. Hori egundoko negozioa da».
Izan ere, arazo horrek ez dio Burkina Fasori bakarrik eragiten. ACLEDen arabera, Sahel eskualdean %35 areagotu zen iaz «antolatutako indarkeria», nagusiki, Burkina Fasok, Malik eta Nigerrek bat egiten duten eremuan. Hori eremu «bereziki arriskutsua» dela nabarmendu du Epeldek, talde armatuek erraztasunak baitituzte herrialde batetik bestera arazorik gabe mugitzeko: «Nahaste handia dago, eta mugak zabalik dituzte».
Hala, erantzunak nazioartekoa behar du izan. Bide horretan, Sahel G5 taldea osatzen duten estatuek —Burkina Fasok, Txadek, Malik, Mauritaniak eta Nigerrek— «terrorismo jihadistaren aurkako borrokarako» lankidetza sustatzeko asmoa adierazi dute.
Baliteke, ordea, hori ere arriskuan egotea orain. Epeldek azaldu du litekeena dela Txadeko presidente Idriss Debyren heriotzak— aurreko astean hil zen herrialdeko talde errebeldeen aurkako liskarretan— eragin «kaltegarria» izatea, hark taldeko «ardatz» gisa funtzionatzen baitzuen: «30 urte boterean egon ostean, gizon indartsu bat bilakatu zen eskualdean. Orain, hutsune bat utzi du, eta horrek kezkak ugaltzen ditu etorkizunera begira». Haren lekua bere seme Mahamat Debyk gidatutako Trantsiziorako Kontseilu Militarrak hartu du, baina «egonkortasuna» ez dago bermatuta, kazetariaren aburuz.
Arazo horri Parisek estatuekiko duen jarrera «paternalista» gehitu dio Epeldek —haren kolonia ohiak dira guztiak—. Frantziako armadak 5.100 soldadu ditu eskualdean —50 baino gehiago hil dira azken urteetan—, eta Sahel G5eko estatu kideekin elkarlanean aritzen da. Halere, inguruko gobernuek behin eta berriz salatu dute Europatik iristen diren laguntzak ez direla nahikoa. Izan ere, kazetariaren esanetan, laguntzak gatazka militarki geratzera soilik ez, tokian tokiko egoera hobetzera ere bideratu beharra dago, «gazteek armak hartzeko aukera baztertu dezaten».
Konponbidea arazo
Talde jihadisten aurkako borrokek muturreraino eraman dituzte Burkina Fasoko armada eta Polizia. Besteak beste, gobernuak jakinarazi du aurreko asteko «operazio antiterroristetan» lau militar hil zirela. Horiek horrela, gobernuak hainbat arau aldatu ditu indar armatuei laguntzeko taldeetarako boluntarioak errekrutatzeko asmoz. Horrek, ordea, arazoa konpondu baino gehiago, zaildu egin du. Ustez armadak eta «autodefentsa taldeek» eginiko gehiegikeriek komunitateen arteko tentsioak areagotu dituzte. Talde horietako batek fulani etniako 50 herritar inguru hil zituen duela bi urte, komunitate horri jihadistekin bat egitea leporatu ostean. Iaz, berriz, Human Rights Watch GKEak 30 lagun atxilotu eta exekutatu izana egotzi zion Burkina Fasoko armadari.
Hala, NBE Nazio Batuen Erakundeak «larrialdi humanitario» egoera ezarri zuen inguruan. Izan ere, milioi bat lagunek baino gehiagok beren etxebizitza utzi behar izan dute herrialdean, erakundearen arabera, eta, pandemia betean, %167 handitu da elikatzeko segurtasunik eza. «Baliteke gosete baten atarian egotea», FAO NBEren Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen esanetan.
Burkina Fason, besteak beste, ISGS Sahara Handiko Estatu Islamikoa eta JNIM Jamaat Nasr al-Islam wal Muslimin —haren parte da Al-Qaedak Sahelen duen adarra— talde jihadistek euren presentzia areagotu dute azken urteetan. Horrek elkarren arteko gatazkak piztu ditu, beste herrialde batzuetan Estatu Islamikoak eta Al-Qaedak dituzten liskarren bidetik. Izan ere, horietako bakoitzak interes propioak ditu, Epeldek azaldu duenez, eta, denei aurre egiteko, beharrezkoa da haien berri izatea: «Ezin dira talde terrorista anonimo gisa begiratu. Informazioa behar da».
Otsailean, herrialdeko lehen ministro Christophe Dabire erakunde jihadistekin hitz egiteko prest agertu zen, egoerari aurre egiteko asmoz. «Ez dugu esaten Burkina Faso terroristekin negoziatzearen aurka dagoenik», adierazi zuen herrialdeko parlamentuan: «Gerra guztiak mahai baten inguruan amaitzen dira».
Uagaduguko gobernuko bozeramaile Ousseni Tambourak ukatu egin du negoziazio horiei hasiera eman izana, baina, The New Humanitarian agentziaren arabera, Uagaduguk lehen elkarrizketak hasi zituen martxoan, eta hainbat behin-behineko su-eten lortu. Hori, baina, arriskutsua izan daiteke, Epelderen ustez: «Boko Haram Nigerian egiten ari dena begiratzea besterik ez dago. Haurrak atzematen dituzte badakitelako negoziatzeko balioko dietela».
Burkina Faso. Egoera orokorra
Kezka handituz doa eremuan
2015eko estatu kolpetik, 5.000 lagun hil dituzte Burkina Fason. Baliteke herrialdea gosete baten atarian egotea, FAOren arabera. Sahel eskualdean %35 areagotu zen iaz indarkeria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu