Felip Puig Kataluniako Barne sailburuak Parlamentuan eginiko agerraldian jakinarazi du «kaleko indarkeriaren» aurka egiteko sail berri bat sortu dutela Mossos d'Esquadraren barruan. Dagoeneko martxan dagoela adierazi du, eta haien lana «gerrillek» izan duten «zigorgabetasunari» amaiera ematea dela gaineratu du.
Eztabaidan oposizioko alderdiek gogor kritikatu dute ekainaren 15ean Parlamentuaren parean egondako liskarretan Puigek emandako erantzuna. Horrekin batera, Artur Mas Generalitateko presidenteak ohartarazi du liskarren egunean eztabaidatzen ari ziren aurrekontuak onartzen ez badituzte hauteskundeak aurreratzeko asmoa duela.
Sail berria sortzeko erabakian M-15 mugimenduak eragina izan duen arren, Puigek salatu du Katalunian liskarrak sortzeko helburua duten taldeak zabaltzen ari direla. Horregatik, errudunak atxilotu eta horrelako ekintzetarako Zigor Kodea «gogortzeko» eskatu du.Atxilotuak kartzelara bidaliz gero liskarretan egindakoa «hainbesterainokoa» ez delaesaten duen erakundeak egotea kritikatu du.
Puigen iritziz, herritarrek zerikusia dute liskarren areagotzean. Haren hitzetan, «indarkeria erabiltzen dutenei gogorrago egin behar diete aurka». Maiatzaren 27an Katalunia plazako liskarren ondoren, indarkeriaren errua Poliziari bota izanak «erradikalei» gizartearen «babesa» sentiarazi ziela ohartarazi du.
Ekainaren 15ean gertatutakoa «okerragoa» ere izan zitekeela, eta azkenean diputatuak Parlamentuan sartzeko helburua bete zela azaldu du Puigek. Oposizioa, ordea, ez dago ados. ICV Iniciativa per Catalunya-Verds alderdiak dimisioa emateko esan dio, etaPSC Kataluniako Sozialisten Alderdiak ere kargua uzteko eskatu dio. PP Alderdi Popularrak, berriz, protesta antolatu eta liskarretan parte hartu zutenak atxilotzeko eskatu du.
Bestalde, M-15 mugimenduko kideak urriaren 15ean greba orokor baterako antolatzen ari dira. Deialdia sindikatu baten bitartez egin edo greba eskaera langile bakoitzaren esku uztea erabaki behar dute.
Aurrekontua
Parlamentuko eztabaidaren ondoren, Artur Mas Generalitateko presidenteak jakinarazi du aurrekontuak onartzea lortzen ez badute hauteskundeak aurreratuko dituela. Alderdi Popularrarekin negoziatzen ari da, PSCren ezezkoa jaso ondoren. Haren iritziz, egoeraren erantzule diren heinean, negoziatzeko prest egon beharko lukeen lehenengo alderdia da. Horren ordez bizkarra eman dieten lehenengoak izatea leporatu die.
Katalunian, liskarren aurka egiteko, polizia sail berri bat sortu du Barne sailburuak
Liskarrak eragiten dituzten «gerrillak» zigortzeko helburua duela jakinarazi du Felip Puigek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu