Karakalpakstango protesten epaiketa hasi du Uzbekistanek

Hogei urte arteko zigorrak eskatu dituzte 22 auzipetuen kontra. Manifestariek salatu zuten presidenteak eskualde autonomoaren subiranotasuna ezabatu nahi zuela konstituzio erreforma batekin

Karakalpakstango protesten epaiketa hasi du Uzbekistanek.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Uzbekistanen, 22 herritarren kontrako epaiketa hasi du hango Auzitegi Gorenak, Karakalpakstan eremu autonomoan iragan uztailean piztu ziren protestengatik. Eskualdearen autodeterminazio eskubidea arriskuan zela salatzeko deitu zuten mobilizaziora. Liskar handiak izan ziren, eta fiskaltzak hogei urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu akusatuei; besteak beste, boterea indarrez hartzen saiatzea egotzita.

Uzbekistango Konstituzioak Karakalpakstango Errepublikari aitortzen dio independentzia erreferenduma egiteko ahalmena, baina gaitasun hori ezabatuko lukeen konstituzio erreforma iragarri zuen Xavkat Mirzioiev Uzbekistango presidenteak, joan den ekainean. Karakalpakstan da Uzbekistanen autonomia estatusa duen lurralde bakarra. Konstituzio propioa du, eta estatuko gobernuarekin duen harremana bitarikoa da, aldeen artean negoziatutako hitzarmenen bidezkoa.

Uztailaren 5erako antolatu zuten lehen protesta. Uzbekistango Gobernuaren aginduz, atxilo hartu zuten manifestazioen sustatzaileetako bat: Dauletmurat Tazhimuratov abokatu eta kazetaria —auzipetuta dago aste honetan hasi den epaiketa batean—. Atxilotu zuten egun berean, uztailaren 1ean, kalera irten ziren manifestariak.

Mobilizazioetan 21 hildako izan ziren —hamazazpi zibil eta lau polizia—, 500 atxilotu baino gehiago eta 250 zauritutik gora. Uzbekistango Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen aste batzuetan, eta Interneterako konexioa eten.

«Atzerriko indarren» esanetara aritzea egotzi zien Mirzioievek protesten bultzatzaileei, eta herrialdea desegonkortzeko helburua izatea. Hori bai, presidenteak konstituzio erreformarako proposamena bertan behera uztea erabaki zuen.

Uztailaren 1ean eta 2an Karakalpakstanen izandako liskar horien gaineko ikerketa sekretupean atxiki du Uzbekistanek. Gordeta eduki du epaiketa noiz hasiko zen ere. Joan den astelehenean ekin zioten, eta aurreko egunean jakinarazi zuten albistea. Auzia ez da irekia izango, eta soilik gobernuak baimendutako kazetari batzuek ikusi ahal izango dute. Epaiketa Bukhara hirian egiten ari dira, Karakalpakstango hiriburu Nukustik eta Uzbekistango Taxkent-etik 600 kilometro ingurura.

Uzbekistango Zigor Kodearen arabera, justiziak hogei urterainoko espetxe zigorra ezar diezaioke manifestazio bat antolatzen duenari, eta bost urte arterainokoa presidentea kritikatzen duenari. Neurri horiek adierazpen askatasunaren kontrakoak direla salatu dute HRW Human Rights Watchek eta AI Amnesty Internationalek, besteak beste. Justizia ahaleginean ari da Karakalpakstango ekintzaile gehiago epaitzeko, eta hainbat estradizio eskari egin dizkio Kazakhstani.

Eskubide urraketak

Mirzioievek 2016an hartu zuen estatuburu kargua, eta, ordutik, zenbait erreforma ekonomiko eta sozial bultzatu ditu. Erakunde batzuek, ordea, herritarren oinarrizko eskubideak sistematikoki zapaltzea egotzi diote. HRWek uztaileko protesten dozenaka bideo eta argazki aztertu ditu, eta ondorioztatu du poliziak «arma hilgarriak» erabili zituela «justifikaziorik gabe» era baketsuan manifestatzen ari ziren herritarren aurka.

AIk ikerketa independente bat eskatu dio Uzbekistango Gobernuari, estatuko indarrek manifestarien kontra erabili zuten indarraren gainean. Torturak herrialdean ohiko praktika bat direla ere salatu du.

Karakalpakstan biztanle dentsitate apaleko eremua da. Desertua da lurraldearen %80. Bi milioi herritar baino gutxiago bizi dira han —35 milioi biztanle ditu Uzbekistanek—, nahiz eta estatuko lurren heren bat hartzen duen. Erdialdeko Asiako eremurik pobreenetako bat da, Aral itsasoaren desagertzea dela eta. Haren lehortzeak gatzez eta hondakin kimikoz beteriko desertu toxiko bat utzi zuen. Ondorioz, oso ohikoak dira minbizi kasuak eta biriketako gaixotasunak. Gainera, haurren heriotza tasa handia da oso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.