Ixa beltz batekin markatu beharko du gaurko eguna FF Fianna Fail alderdi liberalak. Irlanda hegoaldeko Gobernuan hamalau urtez jarraian egon da, baina bozen bi heren galduko dituela iragarri dute gaurko hauteskundeen inguruan egindako inkestek. Horien arabera, 1932. urtetik aitzina eten gutxirekin alderdi hegemonikoa izan den horrek hirugarren posturako lehiatuko da gaur Sinn Feinekin. FG Fine Gaeleskuindarra izanen da garaile garbia.
Hala, langabezia eta bizitzaren kostua igotzeaz gainera, iragan azaroan onartutako finantza erreskatearen beste ondorio bat gobernu aldaketa izanen da. Garesti ordaindu du erabaki hura Brian Cowen lehen ministroak. Izan ere, Berdeak koaliziokideak sostengua kendu zionean, hauteskundeak aurreratzera behartua ikusi zuen bere burua, eta alderdiko buruzagitza ere utzi behar izan zuen. Orduz geroztik behera besterik ez du egin FFk.
Zehazki, finantza sistema salbatzeko Cowenek hartu zituen neurriak eta nazioarteko erakundeen aurrean erakutsitako ahulezia zigortuko dute gaur irlandarrek. Gobernu berriaren politikak, ordea, oraingoaren ildo berari jarraituko dio, FGren eta FFrenprogramek zutabe bera baitute ekonomiari dagokionez: murrizketak gastuan, gizarte ongizatearen kaltetan.
Hala ere, FGk harago joan nahi du. Besteak beste, alderdi eskuindarrak 30.000 lanpostu kendu nahi ditu sektore publikoan—FFk baino 5.000 gehiago— eta familiek jasotzen dituzten diru laguntzak gutxitu nahi ditu. Gutxieneko soldatari dagokionez, dena den, bere proposamena ez da egungo gobernuarena bezain murriztatzailea.
Ikusteko dago FGk bere programa osoa ezarri ahalko duen edo ez. Izan ere, inkesten arabera, Dail Eireanneko (Irlanda hegoaldeko Parlamentuko behe ganbera) gehiengo nagusitik gertu egonen da, baina ziurrenik Alderdi Laboristarekin koalizioa egin beharko du gobernua osatzeko. Hala gertatuz gero, laboristek zein neurritaraino eragin ahalko duten izanen da gakoa.
Aurpegi berriak izanda ere, egoera ekonomikoak ez du erabateko aldaketarik izanen. FFk onartutako lau urterako planean eta aurrekontuetan aldaketa handirik ezin dela egin esan dute bai FGk eta baita laboristek ere. Ziurrenik koaliziokide izanen direnen ustez, «ezibestekoa» da Fianna Failek Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Europako Batasunarekin egindako akordioaren lerro nagusiak mantentzea.
Zein izanen da, bada, gobernu berriaren egitekoa? Uharteak galdu duen subiranotasuna eta sinesgarritasuna indartzea izanen dute helburu agintari berriek, eta, horretarako, nazioarteko erakundeekin erreskatearen baldintzak berriz negoziatuko dituztela agindu dute. Erreskatea merkeagoa izan dadin, interes tasa jaistea lortzeko asmoa dute.
Hauteskundeen beste ondorio aipagarri bat SF Sinn Feinen hazkundea izanen da. Alderdi errepublikanoa izan da hauteskunde kanpainan NDFren kontra gogor egin duen bakarra eta, inkesten arabera, baliteke gaur egun behe ganberan dituen bost eserlekuak hirukoiztea. Laboristekin batera ezkerreko koalizioa egiteko gogoa agertu du, baina Eamon Gilmoreren alderdiak ezezko borobila eman dio. Laboristek nahiago dute akordioa eskuinarekin egin, aurretik beste bost alditan egin duten moduan. Azkena 1994tik 1997ra.
Hauteskundeak azken urteetako egoera ekonomikorik latzenean eginen dira. Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Batasunak utzitako 85.000 milioi euroak itzultzeko, datozen hiru urteetan defizita 29 puntuz jaitsi beharko du Irlandak, %32tik %3ra. Eta hori mailegu horren truke %5,8ko interesa ordainduta. Azken batean, belaunaldi oso baten ongizateak ordainduko du salbamendua. Heldu den urteetan, emigrazioaren fenomenoa itzuli, eta langabezia eta pobrezia handituko dira. Jada handitzen ari dira, eta milaka gaztek utzi dute uhartea.
Bankuak ez dira indartu
Bankuen zorra nazionalizatzeak ez du uharteko finantza ekonomia hobetu eta, gainera, ez du lortu nazioarteko erakundeek nahi zuten helburua; alegia, eurogunean domino efektua gerta ez dadin, merkatuak lasaitzea. Izan ere, Irlandako bankuen egoera ez da askorik hobetu, eta Portugalek eta Espainiak jopuntuan jarraitzen dute.
Aldi berean, Irlandako bankuek dirutza galtzen jarraitzen dute. Independent egunkariaren arabera, aurreko abenduan 40.000 milioi euro galdu zituzten gordailuetan eta, ondorioz, likidezia arazoak gutxitzen saiatzeko Irlandako Banku Zentralak erreskate egunean iragarritakoa baino diru gehiago sartu behar izan du finantza sisteman.
Horren guztiaren inguruan, baina, haserrea baino gehiago apatia sentitzen da Irlandako herritarren artean. Protesta gutxi egin dituzte, eta sindikatuak nahiko isil egon dira; erreskateren ondoren manifestaziora deitu zuten, baina harrezkero ez da inolako zalapartarik entzun. Grezian ez bezala, Irlandan ez da mahai gainean seriotasunez jarri greba orokorra egiteko aukera.
Gobernu berriak ere, bestelako ilusiorik ez du eragin herritarren artean, FGren programa ekonomikoa txalotu baino gehiago, FF zigortuko baitute gaurko bozetan. Ikusteko dago gobernu berriaren lana, baina haren lana nazioarteko erakundeek diotena betetzea izanen dela uste du herritar gehienek. Krisia amaitzeko tresnei buruz galdetuta, honela erantzun du Dublingo hirigunean egunkariak saltzen dituen Gerard Moorek. «Zer egin dezake sei milioi biztanleko uharte batek Nazioarteko Diru Funtsaren kontra?».
Irlanda. Hauteskunde orokorrak
Irlandak gobernua zigortuko du
Ezuste handirik ezean, Fine Gael alderdi eskuindarra aise nagusituko da gaurko hauteskunde orokorretanFianna Failen aurreko gobernuak bezalaxe, FGk ere defizita murriztea du lehentasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu