Islam Karimov (Samarkanda, 1938) Uzbekistango lehenengo —bakarra izan du— presidentearen osasunaren inguruko zurrumurruak isildu dira. Abuztuaren 17tik ez zen jendaurrean agertu, eta joan den astean ospitalera eraman zuten garun hemorragia batengatik. Atzo, baina, baieztatu egin zuten haren heriotza. Gobernuak eta Parlamentuak komunikatu ofiziala kaleratu zuten, 1989tik, herrialdearen independentzia aurretik, tinko, giza eskubideak zapalduta askotan, agindu duen buruzagiaren heriotzaren berri emateko. Hiru eguneko dolu eguna ezarri dute, eta gaur lurperatuko dute bere jaioterrian.
Uzbekistanek SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin ostean eskuratu zuen independentzia, 1991n, eta, ordurako, presidentea zen Karimov. Tronuak ez dauka ordezkorik.
«Jende horrek tiro bat jaso behar du buruan. Beharrezkoa izanez gero, nik egingo dut tiro. 200 pertsonari burua erauzteko prest nago, herrialdean bakea bermatzeko». Parlamentuaren aurrean eginiko hitz horiek erakusten dute Karimoven obsesioa: muturreko islamistak. Laikotasunaren aldeko borroka horretan, baina, muturrekoak eta horren muturrekoak ez zirenak zigortu zituen. NBEren arabera, tortura sistematikoa da Uzbekistanen. AEBek eta Europako Batasunak zigorrak ezarri dizkiote. Mendebaldeak nahi izan duenean, haatik, gertu eduki du; Afganistan inbaditzeko giltzarria izan zen Washingtonentzat.
Karimovek alde handiz irabazi ditu urteotan hauteskundeak; azkenekoan botoen %90 jaso zituen. Ikuskatzaileek salatu dute, baina, oposizio oro isilarazi duela.
HILBERRIA. Islam Karimov
Independentzia garaitik tronuan tinko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu