XXI.mendean, munduko 59 herrialdek indarrean dute oraindik heriotza zigorra. Atzo kaleratu zuen Amnesty Internationalek heriotza zigorrari buruzko 2008ko txostena, eta giza eskubideen aldeko erakundearen datuen arabera, iaz 2.390 lagun baino gehiago exekutatu zituzten mundu osoan. Exekuzio horien %72 Txinan izan ziren. «Zigorra ezartzeko modu anker, gizagabe eta apalgarriena da heriotza zigorra», adierazi zuen atzo Irene Khan Amnesty Internationaleko idazkari nagusiak. AIk jakin ahal izan duenez, 2008an gutxienez 2.390 pertsona exekutatu zituzten mundu osoko 25 herrialdetan. Eta gutxienez, 8.864 laguni ezarri zieten heriotza zigorra 52 herrialdetan. Exekuzioetan erabilitako metodoak hauek izan ziren: burugabetzea, elektrokuzioa, urkatzea, injekzio hilgarria, su-arma eta harrikatzea. Horiek guztiek, Khanen hitzetan, ez dute lekurik XXI.mendean.
Indargabetze aldera
Aurreko urteetako joerari jarraituz, Txina izan zen iaz, exekuzio gehien egin zituen herrialdea. Gutxienez 1.718 lagun exekutatu zituzten han, eta 7.003ri ezarri zieten heriotza zigorra. 2008an, Txina, Iran, Saudi Arabia, Pakistan eta AEB Ameriketako Estatu Batuak izan ziren exekuzio kopurualtuena izan zuten herrialdeak. Bosten artean munduko exekuzioen %93 osatzen dute.
Badirudi, baina, 2008an heriotza zigorra indargabetze aldera urratsak egin zituztela. Oraindik heriotza zigorra indarrean duten 59 herrialdeetatik 25ek baino ez zuten erabili, iaz. Herrialde gehienek ez erabiltzea erabaki zutela ondorioztatu dute txostenaren egileek. AIren arabera, herrialde horien jarrerak erakusten du nazioartean gero eta adostasun handiagoa dagoela heriotza zigorraren inguruan. Hain zuzen ere, gero eta gehiagok uste dute heriotza zigorra eta giza eskubideen errespetua ez direla bateragarriak. «Albiste ona hauxe da: herrialde gutxi batzuk egin zituzten iaz exekuzioak, horrek erakusten du gertuago gaudela heriotza zigorrik gabeko mundu batetik», adierazi du Khanek.
Esate baterako, Europa heriotza zigorrik gabeko lurraldeak dira ia-ia. AIk bildutako datuetan oinarrituta Uzbekistanek indargabetu duenetik -iaz izan zen hori-- Bielorrusian bakarrik egiten dituzte exekuzioak. Herrialde horrek, baina, heriotza zigorrari buruzko datu guztiak isilpean gordetzen dituela azaldu du giza eskubideen aldeko erakundeak. Garondoan tiro eginda exekutatzen dituzte bertan kondenatuak, eta ez diete familiari exekuzioari buruzko daturik ematen.
Legez kanpoko epaiketak
Bestalde, Ameriketan, AEBek soilik egiten dituzte exekuzioak, jarraiki. Hala ere, iaz, AEBak ere urrundu ziren apur bat heriotza zigorretik. Izan ere, azken bost urteetako exekuzio kopuru baxuena izan zuen 2008an. Era berean, AIren txostenaren arabera, Burundi, Mali eta Togok heriotza zigorra indargabetzeko urratsak egin dituzte. Beste hainbat herrialdetan, heriotza zigorra ezarri beharrean, bizi guztirako espetxealdia ezarri diete hainbat presori. Kazakhstanen, Kuban eta Kamerunen kasu.
«Aldiz, albiste txarra da oraindik milaka pertsonari ezartzen zaiola heriotza zigorra, eta oraindik indargabetu ez duten herrialdeetan ehunka lagunek sufritzen jarraitzen dutela», ohartarazi du AIko idazkari nagusiak. Asian esaterako. 2008an Asiako herrialdeek gainerako herrialde guztiek elkarrekin baino exekuzio gehiago egin zituzten. Gainera, aurreko urteetan bezala, nazioarteko legedia betetzen ez duten epaiketetan ezarri ziren heriotza zigor horiek. Sarritan, torturen bidez lortutako aitortzetan oinarrituta hil zituzten. Besteak beste, AIk salatu du Iranek delitua egiterakoan 18 urte baino gutxiago zituzten presoak exekutatzen jarraitu duela, nazioarteko legedia nabarmen urratuz. Iranen, harrika eta urkatuta hiltzen dituzte kondenatuak.
Bestalde, AIk nabarmendu du, Txinako Gobernuak behin eta berriz egiten diola uko heriotza zigorrari buruzko datuak emateari. Eta ziurrenik, exekuzioak, AIk bildutakoak baino askoz gehiago izan direla. Zigortuek ez dituzte bidezko epaiketak izaten: errugabetasun ustekizunik ez dute, abokatua berehala lortzeko zailtasunak izaten dituzte, eta sarritan torturen bidez egindako deklarazioetan oinarritzen dira.
Afganistanek, Saudi Arabiak, Irakek, Sudanek eta Yemenek ere epaiketa bidegabeen ostean ezarri zituzten heriotza zigorrak. Gainera, AEBek, Saudi Arabiak, Iranek eta Sudanek heriotza zigorrak bereizkeriaz ezartzen dituztela salatu du AIk. Ikerketek frogatu dute arraza, etnia eta erlijio jakinetako kideen aurka, gutxiengoen kontra eta txiroen aurka neurri gabe erabiltzen dela.
Iaz 2.390 lagun baino gehiago exekutatu zituzten, %72 Txinan
Heriotza zigorra indarrean duten 59 herrialdeetatik 25ek bakarrik egin dituzte exekuzioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu