Haitiko presidentearen hilketa gaitzetsi dute nazioarteak eta oposizioak

Eztabaida piztu da behin-behineko lehen ministroaren protagonismoa dela eta. Poliziak lau pertsona hil ditu Moiseren hilketarekin lotuta

Dominikar Errepublikaren eta Haitiren arteko muga itxita, Jovenel Moise Haitiko presidentearen hilketagatik. O. BARRIA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Ezegonkortasun politikoa erabatekoa da Haitin, joan den asteazkenean Jovenel Moise herrialdeko presidentea bere etxean tiroz hil zutenetik. Aurretik ere tentsio handikoa zen egoera, baina hilketak muturrekoago bihurtu du nahasmena. Gauzak horrela, indarkeria ekintza oro baztertzeko deia egin die nazioarteak Haitiko eragile politikoei, egoerak okerrera egin ez dezan. Hilketaren arduradunak epaitu ahal izateko ikerketa bat abiatzeko ere eskatu dute. Oposizioaren gehiengo zabal batek arbuiatu egin du presidentearen hilketa.

NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua ateak itxita bildu zen atzo, eta bilkuraren ostean Moiseren hilketa gaitzetsi zuen ohar bidez. Kontseiluak elkarrizketaren aldeko mezua helarazi zien Haitiko indar politikoei, «ezegonkortasun handiagoa» sortuko lukeen indarkeria ekintza oro baztertu dezaten. «Moderazioz» jokatzeko galdegin die.

NBEren antzera, AEE Amerikako Estatuen Erakundeak ere arbuiatu du presidentearen kontrako erasoa, eta «nazioarteko ikerketa azkar bat» eskatu du, Segurtasun Kontseiluaren ildo beretik.

Amnesty Internationalek Haitin indarkeria are gordinagoa bihurtuko den kezka agertu du. Ohartarazi duenez, «gertutik» erreparatuko die datozen egunetan antolatu daitezkeen protestei, «abusuak» gertatuko diren beldur baita.

Erika Guevara elkartearen Amerikako zuzendariak hilketa argitzeko eskatu du, baina kritiko agertu da, halaber, Moiseren agintaldian izan den «zigorgabetasun kronikoarekin». Haren iritziz, presidentearen hilketa «abisu» bat da «nazioartearentzat eta Haitiko agintarientzat». Salatu du orain arte entzungor egin dietela giza eskubideen aldeko elkarteen ohartarazpenei.

Erasoaren ostean egindako lehen agerraldi publikoan, Claude Joseph behin-behineko lehen ministroak Moiseren hilketa gaitzesteko eskatu zien oposizioko alderdiei, eta hala egin du oposizioaren gehiengo zabal batek, besteak beste, Sektore Demokratiko eta Popularra ezkerreko plataformak; hain zuzen, joan den otsailaren 7an, plataforma horrek karguan legez kanpo jarraitzea leporatu zion Moiseri, eta haren ordezko presidente bat izendatu zuen.

Zilegitasun lehia

Moiseren hilketak botere banaketari buruzko eztabaida piztu du, ordea. Ariel Henry lehen ministro hautatuak oraindik ez du kargua hartu- zalantzan jarri du Joseph behin-behineko lehen ministroak kargua erabiltzeko duen modua. Henry Moisek berak izendatu zuen joan den astelehenean,oposizioko sektore batzuetara hurbiltzeko keinu gisa, eta hark kritikatu egin du Josephen azken egunotako jokabidea. Behin-behineko gobernuburuak protagonismo handia hartu du asteazkenaz geroztik. «Ez da lehen ministroa», salatu du Henryk.

Haitiko Konstituzioaren arabera, presidentea hiltzen bada lehen ministroak hartuko du haren lekua bozetara deitu artean.

Bestalde, Haitiko Poliziak lau pertsona hil eta beste bi atxilotu zituen atzo Moiseren hilketaren erantzuleak aurkitzeko operazioan. Jakinarazi zutenez, ustezko hiltzaileek bahituta zituzten hiru polizia askatzea lortu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.