John Fitz Gerald. ESRI institutuko ikerketaburua

«Gobernu berriak ez du gauza handirik negoziatuko NDF eta Europarekin»

Lehentasuna defizit publikoa jaistea dela uste du Fitz Gerald ekonomistak, eta horretarako zenbait zerga ere igo beharko direla ziurtatu du, baina inolaz ere sozietateen gainekoa.

Amaia Alvarez.
Dublin
2011ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
ESRI Ikerketa Ekonomiko and Sozialen Institutuko ekonomista John Fitz Geralden aburuz, Irlandako Gobernuak bi akats larri egin ditu: etxebizitzaren burbuila lehertu arte hazten utzi eta bankuei txeke zuria eman. «Adituok ohartazi genion, baina ez zigun kasurik egin».

Zergatik dago Irlanda hain gaizki?

Arrazoi ugari daude. Etxebizitzaren burbuila lehertu arte hazten utzi zuen gobernuak. Espainiak egindako akats bera egin du, eta ondorioa da etxeen prezioa izugarri igo dela. 2003an eta 2007an ESRIn egin genituen ikerketetan ohartarazi genituen burbuila horren arriskuak, baina gobernuak ez zuen deus egin 2008. urtera arte. Eta orduan egin zuena bankuei txeke zuria ematea izan zen, eta, hala, estatuaren zorra handitu eta defizita izugarri hazi. Adituok ohartazi genion gobernuari erregulazioa beharrezkoa zela, baina ez zigun kasurik egin. Krisi globalaren testuingurua ere kontuan hartu behar da.

Zein da lehen egitekoa?

Uhartea lehiakorragoa egin behar dugu, eta esportazioak handitu. Lana sortzeko bide bakarra da. Epe motzean, defizita gutxitzea ezinbestekoa da, eta, horretarako, gastua gutxitu behar da.

Eta zerga sistema aldatu?

Jakina. Defizita gutxitzeko bidea gutxiago gastatzea eta diru iturri gehiago edukitzea da. Horretarako, zergak igotzea ezinbestekoa da. Uraren eta jabetzaren gaineko zergak igotzea da bide bat, horiek igotzeak ez baitie modu gordin batean kalte egingo herritarrei.

Irlandan sozietateen gaineko zerga %12,5ekoa da, euroguneko txikiena. Hori ere igo beharko litzateke?

Ez, ez. Une honetan sozietate zerga igotzen baduzu, kanpotik etorritako enpresa askok alde eginen dute. Eta horrek ekonomiari kalte egingo lioke, besterik ez, langabezia tasa igoko bailuke. Frantziak eta Alemaniak presioa eragiten saiatuko dira, baina ez dut uste Europako Banku Zentralak igoera hori inposatzen utziko duenik.

Inkesta guztien arabera, Fine Gaelen eta laboristen arteko koalizioak hartuko du agintea gaurko hauteskundeen ondoren. Nazioarteko erakundeekin erreskatearen baldintzak berriz ere negoziatzen saiatuko dira…

Gobernu berriak ezin izanen du gauza handirik negoziatu Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Europarekin. Maileguaren interes tasa jaitsi nahi dute Fine Gaelek eta laboristek, baina ez dut uste nazioarteko erakundeek horretan amore emanen dutenik. Hortaz, energia guztia Irlandako bankuak ondo erregulatzeko lanean jarri beharko ditu. Haien zorra guztiak ordaintzeari utzi behar diogu.

Alberdi Laboristak defizita jaisteko epea luza dadin eskatuko du.

Ez da orain eztabaidatzeko gaia. Premiazkoena hurrengo aurrekontuak ondo antolatzea da, ahal den neurrian defizita jaisteko, oreka lortzeko. Behin hori lortuta, luzera begira defizita nola kudeatu eztabaidatu daiteke.

Oro har, nolako politika eginen du gobernu berriak?

Azkenean Fine Gaelek laboristekin koalizioa egiten badu, lehenengoak neurri kontserbadoreetara joko du eta bigarrenak neurri aurrerakoiagoak defendituko ditu. Hala ere, gakoa ministerioen banaketan egongo da.

Krisiak emigrazioa eraginen du.

Ikerketa eta garapen indize ona du Irlandak. Orain, une ekonomiko zailean gaude, eta segur aski gazte asko beste herrialde batzuera joanen dira lan bila. Hala ere, nire ustez, gehiago prestatu ondoren itzuli eginen dira, hau da, aldi baterako emigrazioa izanen da.

Finantza sistema kiebran egonda ere, oso protesta gutxi antolatu dira.

Sindikatuek ondo ulertu dutelako sektore pribatuak nola funtzionatzen duen. Enpresek ezin badituzte soldatak ordaindu, protesta baten bitartez ezin duzu ezer lortu. Enpresariek egoera ekonomikoari buruz egia esaten ari direla ikusi dute sindikatuek. Sektore publikoan ere, errealistak izan dira. Badakite ez dagoela alternatibarik; gastuak murriztu behar direla.

Europan finantza erreskate gehiago izanen dela uste duzu? Portugal eta Espainia arriskuan daude oraindik.

Arriskuak hortxe jarraitzen du, bai. Ez dakit Portugalekin zer gertatuko den, baina ez dute utziko Espainia hondoratzen, eurogune osoa arriskuan jarrito luke eta. Beraz, Espainia erreskatatu behar badute, eginen dute. Hala ere, bertako banku sistema ez da gurea bezain ahula.

Noiz hasiko da Irlandako ekonomia berriz ere hazten?

Gauzak ondo egiten badira, finantza sistema heldu den urte amaierarako egonkortzea espero dut. Ekonomia gutxinaka hasiko da berriz ere hazten. Ez dut uste 90eko hamarkadako hazkundearen abiadura berriz ere lortuko dugunik, baina trebakuntza handiko gazte asko ditugu, eta horrek krisia luzeagoa ez izaten lagunduko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.