Gerra zibiletik afari mahaira

Txinako eta Taiwango estatuburuak etzi elkartuko dira Singapurren, lehen aldiz 1949an gerra amaitu zenetik.Urtarrileko bozetan eragiteko amarrua salatu du oposizioak

Txinaren esku hartzea salatu zuten atzo Taipein, bilkuraren berri eman ondotik. RITCHIE B. / EFE.
Adrian Garcia.
2015eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Gerra Hotzaren garaian sortutako beste horma batean hasi dira lehen pitzadura nabarmenak azaleratzen. Txinako gerra zibila amaitu zenetik 1949an, gatazkatsuak izan dira Pekinen eta Taipeiren arteko harremanak. Baina ezustea eman dute bi herrialdeek haien presidenteak etzi bilduko direla iragartzean. 66 urtean maila goreneko ordezkari txinatar eta taiwandar baten arteko lehen bilkura izango da. Haatik, zuhurtziaz aritu dira bi hiriburutan. «Itsasartean bakea bermatzeko helburua du», adierazi du Pekinek. Baina konfiantzarik eza agertu du Taiwango herritarren zati batek, urtarrilaren 16ko hauteskundeetan esku hartzeko amarrutzat hartu baitu oposizioak.

Singapurren bilduko dira Xi Jinping Txinako presidentea eta Ma Ying-jeou. Lehen bilkurarako lurralde neutrala aukeratu dute, teknikoki bi aldeak gerran baitaude, gerra zibilaren ondotik sekula ez baitute bake adierazpenikegin. Bilkuraren ostean elkarrekin afalduko dute. Txinak ez du Taiwanen independentzia onartzen; bere egin behar duen probintzia matxinotzat du. Horregatik, orain arte Pekinek uko egin dio uharteko agintariekin biltzeari, zilegitasunik onartzen ez dietelako. Singapurko bilkura bi alderdien buruzagien arteko bilera gisa aurkeztu du Txinak.

Lehen gerturatze bat izango da afaria, harremanak normalizatzeko urrats sinboliko baina txiki bat. Izan ere, Xik eta Mak ez dute itunik sinatuko, ez eta adierazpen ofizialik egingo, CNA Taiwango agentzia ofizialak jakinarazi duenez. «Bakearen bermea eta statu quo-aren mantentzea» izango dira hizketa gaiak, Taiwango Gobernuaren arabera. «Helburua harremanak egonkortzea da. Ez du zerikusirik hauteskunde kanpainarekin», adierazi du Maren bozeramaileak, Charles Chenek.

Ez du iritzi berbera, ordea, oposizioak. Izan ere, beldur bera partekatzen dute Pekinek eta Taiwango aginteko alderdiak, KTM Kuomintang nazionalistak: oposizioko alderdi independentistaren gorakada. 2008tik da agintean Ma, eta Txinarekiko gerturatze politika sustatu du, inbestitzaileak erakarriz eta harremanak bare mantenduz.

Bi gobernuen arteko hartu-emanak hobera egin duen arren, taiwandarren artean nortasun propioaren sentimendua areagotu egin da, hainbat inkestek aditzera eman dutenez. Herritarrek kezkaz ikusi dute Txinaren eragin ekonomiko gero eta handiagoa eta Hong Kongeko demokrazia eskaerei Pekinek emandako purrustada. Eta kalte egin dio horrek Ma presidenteari. Haren onarpen maila %20tik beherakoa da.

Aldi berean, oposizioko independentistak indartu egin dira. Bozak egiteko bi hilabete falta direla, inkestek DPP Alderdi Demokratiko Aurrerakoia jotzen dute garailetzat, eta Tsai Ing-wenek Taiwango hurrengo presidente izateko aukera handiak ditu. DPPk salatu du Txinak KTM babesteko antolatutako trikimailua dela bilkura. «Jendeak jakin beharko luke gauzak egiteko era azkar eta kaotiko horrek Taiwango demokraziari kalte egiten diola», adierazi du Tsaik.

Txinaren eragina uhartean

Analista gehienak bat datoz, eta uste dute bilkura historikoaren helburu nagusia hauteskundeetan eragitea dela. DPPko independentistena ez bezala, KTM eta Txinako Alderdi Komunistaren lurraldetasunari buruzko ikuspegia antzekoa da. Alegia, Taiwan Txinaren zatitzat dute biek. Kontua da batak besteari ez diola onartzen gobernatzeko zilegitasunik. Etsai historikoa izanagatik, Pekinek nahiago du KTM solaskide gisa uhartean.

Bestalde, Ma presidenteak bere legatua babesteko ahalegina ikusi dute beste zenbaitzuek, Txinarekiko harremanak urtu zituen presidente gisa gogoratzeko nahia. Edonola ere, ustel atera dakieke bai Pekini eta baita KTMri. Maren «demokraziaren aurkako» jarrera salatzeko manifestazioak egin dituzte Taipein, eta Txinaren txotxongilo gisa nabarmen geratzeko arriskua du presidenteak.

Ez litzateke lehen aldia Txinak uharteko hauteskunde prozesuan esku hartzen saiatzen dela. 1996an, Jiang Zemin presidenteak misilen probak eta ariketa militarrak egin zituen Taiwango uretatik gertu, boto-emaileak kikiltzeko asmoz. Aurkako eragina izan zuen, ordea; 2000. urtean gerra ondorenetik lehen aldiz boterea eskuratu zuen DPPk.

Gerra zibilean du jatorria Taiwanen eta Txinaren arteko zatiketak. Mao Zedongek gidatutako alderdi komunistak KTM Kuomintang alderdiko nazionalistak garaitu zituen. Azken horiek, Chiang Kai-Chek buru zutela,uhartean erbesteratu ziren, eta gobernua ezarri zuten. Gerra Hotzaren garaian, bi aldeen arteko gerra pizteko zorian egon zen hainbatetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.