Ez da berehalakoan etengo

Kolonbian tentsioa gora doa; batez ere, Calin: han, 35 lagun hil dituzte, protestak hasi zirenetik. PGKE-ek salatu dute eraso adostuak izan direla polizien eta zibil armatuen artean

Manifestari talde bat errepide bat mozten, Calin, herenegun. PABLO RODRIGUEZ / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Calin (Kolonbia) egoerak «gainezka» egin du, Cauca Ibarreko departamentuko gobernadore Clara Luz Roldanen esanetan. Hirian duten tentsio egoerak eta COVID-19 kasuen gorakadak baldintzatuta, departamentura sartzeko debekua ezarri du hark, eta mugikortasuna mugatu. Apirilaren 28ko greba egunetik Kolonbia osoan hedatu diren protesten epizentro da hiria, eta 35 lagun hil dituzte han. Ivan Duque presidenteak adierazi du 10.000 polizia eta 2.100 militar gehiago bidaliko dituela hirira, eta han egongo direla «egoera lasaitu» eta «segurtasuna bermatu» arte.

Asteburuan okerrera egin du egoerak hirian. Igandean, talde indigenek antolatutako manifestazio baten aurka tiro egin zuen paramilitar talde batek, eta hamar lagun zauritu zituzten. Indepaz Garapenerako eta Bakerako Ikerketa Institutuak salatu duenez, «polizia agenteen eta zibil armatuen» artean eginiko eraso bat izan zen hura. Bertsio horrekin bat egin du Santiago Rodriguez—ez da benetako izena— manifestariak ere. BERRIAri eginiko adierazpenetan azaldu du poliziak «zibil jantzita» jaisten direla kamioietatik, eta «tiroka» hasi: «Ez gara polizia biolentziaz soilik ari, biolentzia paramilitarra da». Rodriguezek salatu duenez, argia eta Internet konexioa ere moztu dituzte hainbat aldiz.

Gertaera horiei aurre egiteko, Poliziaren jardueran baino gehiago, manifestarien jarreran jarri du arreta Duque presidenteak, eta indigenei eskatu die euren bizilekuetara itzultzeko, «liskarrak ekiditeko». Horiek indarra hartu dute Calin, eta Daniel Palacios Barne ministroa CRIC Cauca Eskualdeko Kontseilu Indigenarekin biltzea lortu. Ez dute adostasunik erdietsi, ordea, eta Guardia Indigenak —patruila lanak egiten ari da— uko egin dio hiria uzteari. «Ez dute ulertzen ez gaudela herritarrei laguntzeko bakarrik, baita instituzioei eta Kolonbiako Gobernuari ere, grebari beharrezko arreta ez ematearen arduragabetasuna dela eta», erantzun diote Duqueri.

Manifestariekin akordio bat lortu duena, berriz, Caliko Udala izan da. Jorge Ivan Ospina alkatearen esanetan, Paso del Comercio auzoan manifestariek ezarria zuten blokeoa kentzea adostu dute, hainbat egunez Polizia eremura sartzea galarazi ostean. «Auzoko gazteak dira, langileak, blokeoa ezarri zutenak euren beharrak ez direlako entzunak izan», azaldu du Ospinak, eta presidenteari esan dio «elkarrizketarako» garaia dela.

Hala, gobernuak aurreko astean hasitako bilera saioak jarraipena izan zuen atzo, eta, lehen aldiz,grebarako deia egin zuen batzordearekin elkartzekoa zen. Sindikatuek adierazi dutenez, tratatu beharreko gaien zerrenda luzea da, eta horien artean daude, besteak beste, COVID-19aren aurkako txertaketa prozesua, garapen sozialerako neurri berriak ezartzea, ikastetxeetako matrikulen prezioa eta osasungintza publikoaren erreforma. Bileran, gainera, NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkaritza batek ere hartuko du parte. Erakunde hark «ardura» adierazi du herrialdeanduten egoeragatik. «Giza eskubideak bermatzea elkarrizketaren bidez lortzen da», azaldu du NBEk Kolonbian duen Giza Eskubideen mandatari Juliette de Riverok.

Hortik, ordea, ez da konponbiderik iritsiko, Rodriguezen ustez: «Greba Batzordea ez da kalean dauden herritarrek hautatutako erakunde bat. Euren interes propioak dituzte. Ez dituzte kalean daudenak ordezkatzen». Gauzak hala, «mahai zabalago» baten beharra dagoela nabarmendu du. Halere, hirien «desmilitarizazioaren» alde egiteko eskatu die sindikatuei eta alderdi politikoei.

Arrazoi ugari

Apirilaren 28ko grebaren arrazoia gobernuaren zerga erreformari erantzutea izan arren, herritarrek kaleak hartzen jarraitu dute gobernuak atzera egin eta gero ere. «Presidentearen dimisioa nahi du herriak. Gobernu paramilitar bat dugu, langileen, ikasleen eta nekazarien interesak baztertu dituena», azaldu du Rodriguezek. Izan ere, haren aburuz, arazoa ez da berria; «2019tik datorren zerbait da». Uste du gobernuak «klase ertain eta apaleko herritarrentzat kaltegarriak» diren erabaki ugari hartu dituela,COVID-19ak eragindako egoera baliatuta horretarako: «Pandemia aprobetxatu dute errepresio sistema bat indartzeko».

Horren adibide da azken egunetako egoera, Rodriguezek azaldu duenez: «Pilotakadak zuzenean gorputzera apuntatuta jaurtitzen dituzte; baita aurpegira ere. Eta hilketak eta bortxaketak egin CAI [berehalako arreta jasotzeko] zentroetan». Indepazek eta Temblores gobernuz kanpoko erakundeak argitaratutako datuen arabera, herrialdeko protestetan eginiko 45 hilketetatik 36ren egilea Polizia da, horietako gehienak ikertu ez diren arren. Are gehiago, salatu dute indar armatuekin lotutako 1.876 indarkeria kasu baieztatu direla herrialdean; besteak beste, 963 «atxiloketa arbitrario» egin dira, 28 lagunek begi bana galdu dute, eta sexu indarkeriaren biktima izan dira beste hamabi. Beste hainbat erakundek, gainera, 300dik gora kokatu dute azken egunetan desagertutako herritarren kopurua.

Tentsioa, gainera, ez da berehalakoan baretuko. Ez, behintzat, Rodriguezen ustez. Protestek «luze» iraungo dute, haren aburuz: «Atsekabe orokor bat dago. Eredu politikoa aldatu nahi da, eta jendea greban jarraitzeko prest dago. Konbentzituta dago behar denera arte jarraitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.