Andros Kiprianu (Strovolos, 1955) AKEL Herri Langilearen Alderdi Progresistako idazkari nagusia da. Indar hori Zipreko Alderdi Komunistaren ondorengoa da, eta herrialdeko gobernua du gaur egun. Krisi ekonomikoa gorabehera, gizarte politikari eustearen aldekoa da, bai eta ezkerreko gobernuari ere, zeina gutxiengoan baitago Alderdi Demokratikoarekiko koalizioa desegin eta gero.
DIKO Alderdi Demokratiko burgesak koalizioa utzi eta gero, AKEL alderdiak berriro antolatu behar izan zuen gobernua. Iaz, berriz, EDEK Sozialdemokraten Mugimenduak alde egin zuen gobernutik. Nola daude kontuak?
Egia da; koalizioko bi kideek alde egin dute. Horrek erakusten du funtsezko arazo bat dagoela Zipreko oposizioan. Ez dio axola zer-nola osatu den koalizioa edo zer-nolako emaitzak ekarri dituen gobernuak: oposizioak beti gaitzetsiko du gobernuaren edozein ekarpen. Alegia, AKELekiko eta Dimitris Kristofias presidentearenganako ezinikusia dute lege. Kristofiasek 2008ko hauteskundeak irabazi zituenean, gainerako alderdiak lur jota geratu ziren, lehenbiziko aldia baitzen ezkerreko alderdi batek boterea bereganatzen zuena. Berebizikoa da haren aurkako borroka, eta herrialdearen interesei erasaten die.
Zein dira, zehazki, Zipreko gatazka gaiak?
Batetik, gaur egungo gobernuak irmoki maneiatzea herrialdeko egoera. Kristofias presidenteak proposamen jakin batzuk jarri ditu mahai gainean, uhartearenbi zatiek —iparraldeak eta hegoaldeak— federazio sistema bat osa dezaten. Horretan bereizten da, hain zuzen, gizarte greziar-zipretarrean errotuta dauden hainbat alderditatik. Horiek hitzetik hortzera darabilte bi eremuak aintzat hartu beharko dituela irtenbideak, baina estatu bakar bat nahi dute.
Gatazketan zenbateraino eragiten dute AKELen ezkerreko programa politikoek?
Gizarte politika dute beste bereizgarri nabarmena, ez baitator bat orain arte indarrean egon diren ikusmoldeekin. Esate baterako, Kristofiasen hiru urteko legealdian, %12 handitu zituzten soldata apalak, eta gizarte zerbitzuak ere areagotu zituzten.
Era berean, Zipre ez da libratu finantza krisitik. Gaur egungo egoeran, nola pentsatzen du eustea gizarte eta ingurumen politikari?
Egia da: ataka gaiztoan gaude, Zipreko ekonomia nazionala kanpokoaren mende baitago hein handi batean. Turismoa du diru iturririk handiena. Europako Batasuneko krisia areagotu izanak ondorio zuzenak eragingo ditu sektore horretan, Zipreren garapenari dagokionez. Eta beste horrenbeste esan daiteke bigarren sektoreaz, eraikuntzaz. Atzerritarren oporraldirako apartamentuak egiten dira batik bat. Apartamentu horietatik 40.000 inguru hutsik daude; beraz, 2009rako, 1,5 mila milioi euro izan zen defizita. Alderatu ahal izateko: 8.000 milioi euro da Zipreko Errepublikaren aurrekontua urtean. Hala eta guztiz ere, egitura ekonomiko egonkorra du herrialdeak. Defizita %4ra jaitsi ahal izan du, eta %7 da langabezia. Baina likideziarik eza eta banketxeen zama handiak zirela-eta —greziarren 17.000 milioiren maileguak—, kalifikazio agentziek jaitsi egin zioten kalifikazioa Zipreri.
Eta horrek ezal du arriskuan jartzen gizarte politika?
Gutxienez, tirabirak sortzen ditu gainerako alderdiekin. Urtean batez beste 60.000 euroko diru iturriak dituzten herritarrei diru laguntzak ez ematearen aldekoak gara, baliabideak aurreztearren eta arreta behartsuenengan jartzearren. Era berean, herrialdeko sindikatuekin batean ari gara antolatzen politika. Gobernu gastuei dagokienez ere aurreztu dugu: atzerriko bidaiak gutxitu ditugu, eta beste hainbat neurri hartu, 230 milioi euro aurrezteraino. Baina eragotzi egin dituzte beste hainbat ekimen ere, enpresak eta dirudunak zergapetzeko egitekoak zirenak.
Egoera ekonomikoa eta barne politika ez ezik, ordea, uharteko banaketa arazoa ere konpontzeke dago. Emaitzarik izango al da 2012. urtearen erdialdea baino lehen, orduan hartuko baitu Ziprek bere gain EBko presidentetza?
Oraingoz, ez dira batere itxaropentsuak Turkiak egindako adierazpenak. Horien artean daude Erdogan lehen ministroak oraindik orain egin dituen mehatxuak…
Hark adierazi duenez, Ziprek presidentetza hartu eta gero bertan behera utziko ditu Europako Batasunarekiko harremanak.
Beste funtzionario batzuek ere hitz egin dute; esate baterako, Davutoglu Atzerri ministroak. Haiek berenean diraute; alegia, bi estatu autarkiko ezarri behar direla diote; guk gero eta gehiago aditzen dugu Turkiaren interesei eutsi behar diegula. Ankaran inork ez ditu hizpide Zipreko turkiarren eta greziarren interesak. Eta hori ez da batere onuragarria; zoritxarrez, gero eta denbora gutxiago geratzen zaigu. Turkiak bi arrazoirengatik mehatxatzen gaitu. Batetik, Zipreren Kontseiluko presidentetza dela eta; hori eragotzi nahian dabil Turkia, eta EBk argi eta garbi erantzun beharko lioke horri. Eta bestetik, Zipreko urpean dauden gas eta petrolio hobiak direla eta. Probako zulaketak egiten hasi ginenean, «beste 1974 batekin» mehatxu egin zigun Turkiak; alegia, esku hartze militar bat egingo zuela berriro ere. Ameriketako Estatu Batuek eta Errusiak argi eta garbi erantzun zuten. Europako Batasunak ere beste horrenbeste egin beharko luke.
Andros Kiprianu. AKEL alderdiko idazkari nagusia
«Europako Batasuneko krisiak ondorio zuzenak izango ditu Zipren»
Hiru urte igaro dira AKEL ezkerreko alderdiak Zipreko Errepublikan boterea eskuratu zuenetik. Uharteko banaketa politikoari irtenbidea bilatzea eta krisi ekonomikoari aurre egitea ditu erronka nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu