Noel Carrillo Nazioarteko Harremanetarako Saileko funtzionarioa da Kubako Alderdi Komunistako Batzorde Nagusian. Europak Kubarekin duen politikaz, ekonomiaren erreformez eta Ameriketako Estatu Batuetako zerrenda beltzez mintzatu da.
Europako Batasunak jokabide bateratua izeneko horren arabera jarduten du Kubari dagozkion gaietan. Horrek zer ondorio ditu bi aldeko harremanetan?
Jokabide bateratua da traba nagusia Europako Batasunarekin harremanak normalizatzeko garaian. Jokabide horren ondorioz, harreman normaletan onartezinak diren baldintza batzuk jartzen dituzte, eta, beraz, Kubak garbi ikusten du jokabide horrek kalte egiten diela herrialdearensubiranotasunari eta duintasun nazionalari. Traba hori kentzen ez den bitartean eta Europako Batasunak Kuba parekotzat tratatu arte, arrunt zaila izango da gure harremanetan aurrera egitea. Jokabide bateratua, gainera, diskriminatzailea da. Horren ondorioz, Kuba da Europako Batasunarekin alde biko harreman hitzarmenik ez duen Amerikako herrialde bakarra. Kubak jarrera konstruktiboa du, eta prest dago aurrera egiteko, betiere Europako Batasunak gogoeta egin eta bide politikoa prestatzen baldin badu egoera hau gainditzeko.
Espainia eta Frantzia harremanak normalizatzearen alde daude; Europa ekialdeko gobernu guztiek, aldiz, blokeaturik daukate prozesua. Hori ikusirik, nola erantzuten du Kubak?
Bi aldeko harremanetan, aurrera egin dugu Europako Batasuneko herrialde askorekin elkarlana normalizatzeari dagokionez; haietako batzuekin, elkarrizketa politikoari ekin diogu, bi aldeen borondatea izan delako deklarazio politiko baten bidez argi eta garbi adieraztea elkarlana eta elkarrizketa parekoen artean egiten dela, bien onurarako, bestearen barne gaietan sartu gabe eta bien subiranotasuna guztiz errespetaturik. Europako Batasunean, gero eta herrialde gutxiago daude harremanak normalizatzearen kontra, eta, gure iritziz, haien jarrera iraganekoa da, bakana, eta ez dator bat Europako Batasunaren beraren interesekin.
Gaur egun, nola jardun liteke elkarlanean, kontuan harturik Kuban nolako erreforma ekonomiko egiten ari diren?
Nire ustez, gure sistema ekonomikoa eguneratzeko prozesuak ibili gabeko bideak zabalduko ditu, bi aldeko elkarlanean aritzeko ez ezik, baita inbertsioak eta merkataritza bultzatzeko ere Europako enpresa eta estatuekin. Gure ekonomia dibertsifikatu egingo da, eta beste erritmo batean garatuko da, Alderdi Komunistaren Biltzarrak onarturiko jardunbideak martxan jarri bezain laster. Europako Batasunak ez luke aukera alferrik galdu behar, oso onuragarria izan daiteke-eta bere estatu kideentzat ere. Nolanahi ere, eguneratzeko prozesua ez zen planifikatu Europarekin pentsatuta, gure herrialdearen lehentasun eta premien arabera baizik. Gure garabide sozio-ekonomikoan, nazioarteko beste eragile batzuek ere parte hartuko dute; horiek artean, toki garrantzitsu bat izango dute ALBA Latinoamerikako Aliantza Bolivartarrak eta, oro har, Latinoamerikako herrialdeek.
Nolanahi ere, AEBek eutsi egin diote beren jokabide gogor horri Obama presidentearekin ere. Are gehiago: Kuba sartua daukate terrorismoaren bultzatzaile diren estatuen zerrenda ospetsu horretan. Zer iruditzen zaizu politika hori?
Aurrena, galdetu beharko genuke zer autoritate moral duen AEBetako Gobernuak horrelako zerrendak egiteko. Huraxe jarri beharko litzateke estatu terroristen zerrendaren buru; izan ere, bere lurraldean babesa ematen die terroristei, terrorista direla esana duten terroristei, hala nola Posada Carrilesi: Kubako hegazkin baten kontrako atentatua egin zuen, eta 73 lagun hil ziren; orain dela gutxi errugabetzat jo dute garrantzi gutxiko auzi batean, ez baitute epaitu ez atentatu harengatik eta ez parte hartu duen beste atentatu batzuengatik. Kuban, 3.000 lagun baino gehiago hil dira AEBetatik eta hango gobernuaren laguntzaz antolatu edo egindako ekintza terroristetan. Gure bost aberkide preso daude AEBetan, han lanean ari zirelako horrelako talde terrorista kubatar-amerikarrek antolaturiko ekintzak eragozteko. AEBetako Gobernuak, lan horretan lagundu beharrean, gure kideak zigortu zituen, eta preso dauzka, epaiketa bidezko bat izateko eskubiderik gabe.
Berriki, pertsonen legez kanpoko trafikoa onartzen duten herrialdeen zerrendan ere sartu dute Kuba.
Orain arte, ez dute eman hori erabakitzeko arrazoi sendo bat bera ere. Horretan ere ikusten da AEBetako Gobernuaren moral bikoitza. Hain zuzen, AEBek berek bultzatzen dute kubatarren legez kanpoko emigrazioa, Kubatarren Doikuntza legearen bitartez: AEBetara legez kanpo iristen den edozein kubatarri modu automatikoan ematen diote AEBetan bizitzeko baimena. Kubarekin bakarrik jokatzen dute horrela; lehen aipatu ditugun zerrendak bezala, horrelakoak ere erabaki politikoak dira, Kubarekin AEBek duten estrategia oldarkorrean oinarrituak, haiei men egiten ez diegulako. Kubarentzat, zerrenda horiek izate hutsak esan nahi du aurre egin behar diogula kanpaina mediatiko bati; gu kriminalizatzen saiatzen dira, eta legerik gabeko nazio gisa aurkezten munduan. Zoritxarrez, nazioarteko prentsa handiak horrelako zerrenden eta erabakien berri ematen du; besteak beste, nagusi dituzten botere taldeen motibazio ideologiko nabarmenak direla medio.
Noel Carrillo. Kubako Alderdi Komunistako kidea
«Europako Batasunak Kuba parekotzat tratatu arte zaila izango da normalizazioa»
Kubako ekonomia dibertsifikatzeko Europako Batasunak 'jokabide bateratua' alde batera utzi, gogoeta egin eta normalizaziorako bide politikoa prestatzea beharrezkoa dela deritzo Carrillok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu