Erresistentzia bateratzeko

Hustearen mamua gainean izan arren, Bretainiako ZAD Babestu Beharreko Gunean Ambazada etxola eraikitzen ari dira: nazioarteko hainbat borroka elkartuko dituen zentroa. Euskal Herriko hainbat pertsonak eta kolektibok parte hartu dute horretan.

Joan den abuztuan Ambazada eraikitzen lagundu zutenetako batzuk, auzolanean. ASKAPENA.
Igor Susaeta.
2017ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Izendatu dute jada: Ambazada. Etxola bat izango da, eraikitzen hasi dira Bretainiako ZAD Babestu Beharreko Gunean, eta nazioarteko hainbat borroka bilduko dituen zentroa izango da. «Hemen askotan aipatzen da borroken bateragarritasuna, eta, horri nolabait bultzada bat emateko, jada borrokan dagoen eremu batean ari gara eraikitzen», azaldu du Hartzea Lopez Arana Ambazadako partaideak. Izan ere, erresistentzia mugimenduen erreferentzietako bat da ZAD herri autogestionatua Europan. «Beraz, baziren halako proiektu bat sortzeko baldintzak baikorrak», gaineratu du. Denbora erdiz han bizi da, eta beste erdiz Euskal Herrian.

Eta, hain zuzen, ZADekoek Euskal Herriko pertsona eta kolektiboekin izandako harremanen ondorioz sortu da Ambazada. Hilabete internazionalista egin zuten ZADen abuztuan, eta Askapenako brigada batek ere lagundu zuen jarduera zentro bat izango dena eraikitzen. «200 bat lagun-edo egon ginen abuztuan, eta 70 Euskal Herrikoak ginen», zehaztu du Ane Fernandez brigadistak. Lekeitio, Hernani, Durango, Urretxu eta Beasaingo talde bat ere auzolanean aritu zen, astebetez. Iker Ugartemendia zen horietako bat, eta hark dio ZADekoek, EHZ Euskal Herria Zuzenean-ekoek bultzatuta, Euskal Herrian apirila-maiatzean emandako hitzaldi batzuetan piztu zitzaiela Bretainiara joateko gogoa: «Oso interesgarria iruditu zitzaigun hango borroka, hango esperientzia».

Borroka horrek 40 urte pasa dauzka. 1970eko hamarkadaren erdialdean jakinarazi zuen Frantziako Gobernuak han, Naonedetik 20 bat kilometrora, Notre-Dame-des-Landesen, aireportu bat eraikitzeko asmoa zuela. Mobilizatu ziren hango nekazariak, eutsi zioten, eta, 2009an, ekintzaileek eta hango herritarrek berek eskatuta, ehunka pertsona hasi ziren han bizitzen, eta ZAD deitu zioten 2.000 hektareako eremu okupatuari. 2012tik, Poliziak hainbatetan egin du haien kontra, eta huste posiblearen kontra egiteko prestatzen jarraitzen dute.

Askotariko profilak

Bai, gerta liteke hustea, ikusteko dago, baina erresistentziak bateratzea asmo duen etxola eraikitzen segitzen dute. Fernandezen hitzetan, «beste urtebete-edo» beharko dute bukatzeko.

Askapenakoek lagun izan dituzte «Frantziako hainbat eskualdetako», Italiako, Alemaniako, Latinoamerikako eta, besteak beste, AEBetako eragileak. «Horietako asko okupazio mugimenduetakoak dira». Profilak askotarikoak dira: komunistak, anarkistak, bazterketa egoeran dauden haurrekin lan egiten dutenak, arrazismoaren kontrakoak...

Azken hilabetean, proiekzioak, kontzertuak, hitzaldiak eta beste antolatu zituzten. «Trukerako hilabetea izan zen», erantsi du Askapenako kideak. «Euskal gaua antolatu genuen guk. Afaritxo bat egin genuen Euskal Herritik eramandako produktuekin. Ondoren, bideo batean, hemen dauden mugimenduen bilduma bat proiektatu genuen: Errekaleor, Gure Esku Dago, Korrika....».

Lopez Haranaren arabera, ZADekoek badituzte loturak, gainera, Chiapas, Kurdistan, eta Italiako AHTaren aurkako mugimenduarekin, etorkinekiko elkartasunarekin... «Euskal Herriarekikoak duela urtebete hasi ziren modu jarraitu batean garatzen».

Aireportuaren mamua, baina, gainean dute ZADekoek, Frantziako Gobernuak inoiz ez baitu jakinarazi eraikiko ez duenik. Iritsi zen Emmanuel Macron Eliseora joan den maiatzean, eta bitartekari talde bat eratu zuen gaia berriro aztertzeko. «Aireportua eraiki edo ez, alternatiba guztiak mahai gainean daude. Bitartekaria taldea ari da aldekoekin eta kontrakoekin biltzen», esplikatu du Ambazadako partaideak. Bitartekari talde horrek txosten bat helaraziko du Eliseora abenduaren 1ean, «eta, gero, gobernuak erabaki bat hartuko du».

Proiektua baztertzen badute, «garaipen» bat izango da: «Sektore asko bateratu dituen mobilizazio batena». Halere, pentsatzen du badela galdera garrantzitsu bat erantzuteke: zer bilakatuko da lurralde hori? Molde autonomoan, «guztiz legez kanpo», bizi dira han nekazariak, okupatzaileak, ekologistak... «Oraintxe, eztabaida asko daude barruan». Ez dakite «proposamen bat» finkatzeko gauza izango ote diren. «Hainbat arazo daude konpontzeko. Aireportua egiten ez badute, gobernuak, ia ziur, leku hori hustu edo eraldatu nahiko du». Eta, halakoetan, aurrekari bati, Larzac-en (Okzitania) gertatutakoari, heltzen diote. Frantziako Gobernuak han tiro eremu bat eraikitzeko asmoa iragarri zuen 1971n, baina hango nekazariek desobedientzia zibileko mugimendu bat abiatu zuten, batu zitzaizkien milaka militante, eta, 1981ean, Parisek bertan behera utzi zuen proiektua. Nekazariek haien lurrak lantzen jarraitu ahal izan zuten, gainera.

Oraingo abaguneak, Ambazadako kidearen ustez, «lurraldearen kudeaketaz eztabaida oso aberasgarria» sorrarazi du. Bien bitartean, ZADekin sortutako harremanaren harira, «Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzako dinamika baten gogoa pizten ari da». Hainbat kolektibo bildu ditu dinamika horrek, hogei baino gehiago, desobedientzia eta autogestio esparrukoak, batik bat. Eta erronka bat du: «Nola eraiki erresistentzia edo eraikuntza dinamika bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.